Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Herri bat, bere etxe, denda eta azpiegiturekin. Atsedenleku bat, bideari berriro ekin aurretik zerbait jan, lo egin eta termez gozatzeko. Salerosketa gune bat, bertako salgaiak eta bidean barrena iritsitakoak trukatzeko. Eta topagune bat, bertako jendeen eta Erromatar Inperioaren dinamikak nahasten ziren toki bat. Hala irudikatu beharko litzateke, gutxi asko, duela 2.000 urteko Donazaharre (Nafarroa Beherea), Oihane Mendizabal Sandonis arkeologoaren arabera; bide nagusi baten ertzean, aldi berean geltoki eta lotune zen leku baten gisan. «Ez dugu hiri handi bat imajinatu behar, baina bai herrigune bat, gaur egungoaren antzekoa, bere bizitzarekin». Egungo udalerriaren lurretan, erromatar garaiko herriaren aztarnak induskatzen ari da Aranzadi zientzia elkartea, orduko Donazaharre zer-nolakoa zen argiago irudikatze aldera.
Garai bateko egunerokoaren bizitasunik ez da uztail honetan. Herrigunetik gertu, dozena bat lagun baino ez dabiltza, orain zelai zabal bat den gunean; pikotxak eta palak eskuetan batzuk, lurra orgarekin batetik bestera mugitzen besteren bat, paleta txikiekin lan finagoetan beste zenbait. Patxadaz, tentuz, etengabe. Goizetik arratsalde erdira arte, egunero, astebetez. Aranzadiren deiari erantzun, eta boluntario joan dira Donazaharrera. Giro ona sumatzen da. «Bederatzi pertsona gabiltza egonaldi osoan. Gehienak Historia ikasleak dira, Paueko unibertsitatekoak, EHUkoak nahiz NUPekoak; Iparraldeko eta Hegoaldeko jendea elkartzen saiatu gara, eta gehienek lehen aldia dute indusketa batean. Arkeologian aritzen den inguruko talde bat ere egun jakin batzuetan etor zitekeen laguntzera, eta erretretan dagoen jendearekin osatu dugu taldea. Nahiko heterodoxoa da, eta aberasgarria da hori», azaldu du Mendizabalek.
Hark zuzentzen du indusketa, baita Pirinioen beste aldean, hau da, Nafarroa Garaian dauden Zaldua (Auritz-Aurizperri) eta Artzi (Artzibar) aztarnategietakoak ere. Bide bera zuten ardatz hiru guneek erromatar garaian: Bordele (Okzitania) eta Astorga (Leon, Espainia) lotzen zituen Iter XXXIV galtzada. «Hona Baxenabarre erdialdetik heltzen zen; Ibañetako mendatea igota, Iruñerrira jaisten zen; Sakanatik Arabako lautadarantz egiten zuen segidan, eta handik Astorgara. Euskal Herria aldez alde zeharkatzen zuen, hori zen ardatz nagusia, eta haren inguruan sortu ziren herrigune garrantzitsuak (Iruñea, Iruña-Veleia...) eta txikiagoak, denak bideari lotuta».
Donazaharren, Zalduan eta Artzin, hiruretan agertu dira garaiko aztarnak —lehenean, aurten, zenbait eraikinen aztarnak, zeramika zatiak eta sandalia baten tatxetak aurkitu dituzte—, eta bat datoz hainbat ezaugarritan. «Esan dezakegu proiektu beraren geltokiak direla, atsedenlekuak. Badirudi hau handia dela, Zalduakoa bezala —Artzikoak txikiagoa dirudi—, baina denak daude distantzia paretsuetan, bada halako planifikazio bat». Eraikin batzuk ere antzekoak dira. «Termetan, adibidez, ikusten dugu badela egitura bateratu bat Pirinioen bi aldeetara, zeren hemengoek eta Artzikoek oinplano bera dute. Seguruenik, bidea eraikitzean, halako tartean behin, oinarrizko azpiegitura batzuk eraikiko zituzten; arrakasta izanez gero, gune horiek hedatuz joango ziren, eta abandonatu egingo ziren bestela. Eta ikusten dugu hiru guneotan termak garai bertsuan eraiki zirela, eta garai bertsuan abandonatu».
Augusto enperadorearen garaira egin du atzera arkeologoak; aro aldaketara edo 0. urtera, alegia. Haren agintaldian eraiki baitzuten Iter XXXIV galtzada, eta haren garrantzia nabarmendu du beste behin: «Euskal Herria, oro har esanda, pasabide bat da. Beraz, pentsatu behar dugu galtzada hori autobide bat zela, eta horrek eragingo zuela kanpoko jende asko pasatzea. Batzuk bertan geratuko ziren, beste batzuk azkarrago pasatuko ziren... Eta jendea esanda, esan nahi da pertsonak, baina baita hizkuntzak, ideiak, erlijioak, salgaiak... ere. Mugimendu handia egongo zen».
Hala, Pirinio inguruaren orduko errealitatea argituz joatea da Mendizabalen xedeetako bat: «Halako ikerketek erakusten digute lurraldean, mendatea tartean izan arren, bazirela dinamika komun batzuk, bi aldeetan eragina zutenak, eta zerikusi handiagoa zutela mendiarekin eta lurraldearen izaerarekin, muga batekin baino».
Bi talde, bakoitza gune batean
Kideek lurra zulatu bitartean, termen abaroan jarraitu du arkeologoak azalpenak ematen. Jean-Luc Tobie ikerlaria 1960ko urteetan hasi zen gunean lanean, eta hark aurkitu zituen lehen aztarnak, termenak tartean —finkatuta daude gaur egun—. Ez dira hutsetik hasi, beraz; Tobiek eta beste batzuek ikertutakoa aztertu, eta lan hari segida ematen ari dira nolabait Mendizabal eta haren taldea. «Haren teoria batzuk indarrean daude, baina historiografia eta metodologiak aldatu diren neurrian, beste batzuk berrikusi egin behar dira», azaldu du. Izan ere, Donazaharrekoa erromatar kanpamentu militar bat zela uste izan zuen Tobiek bere garaian; baina gerora heldu diren ikerlariek uste dute guneak ez dituela agertzen halako lekuen «joerak».
Termetatik zelaira begiratuta, bi taldetan banatuta ari dira lanean boluntarioak, bakoitza gune batean. Mendizabalek azaldu du lehen egunean oinarrizko azalpen batzuk jasotzen dituztela denek, argitzeko zer egin behar den eta zer ez: «Arkeologian oinarrizko arau batzuk daude, tartean maila estratigrafikoak ongi errespetatzea eta maila horietako bakoitzeko materialak ez nahastea. Horregatik, talde bakoitzean beti daude askotariko kideak eskarmentu eta formakuntza aldetik, denak adi egoteko. Egunek aurrera egin ahala, jendea begia trebatuz joaten da pixkanaka».
Ikerketaren helburuei jarraikiz ari dira bi gune horietan lanean. «Bi eraikin aukeratu ditugu, Tobieren lanetan ezagunak ez zirenak eta geofisikak iaz erakutsi zizkigunak. Bakoitzak bere helburua eta problematika ditu». Zelaiaren ezkerraldean, 20 metro koadroko zundaketa bat egin dute, bertan dagoen eraikin handiago baten gela hautatu baitute: «Geofisikaren bidez ikusten zen gela horrek bazuela zoru zurrun bat, baina ez genekien ez zer garaitakoa zen, ez zer materialekin egina. Bagenekien ez zegoela oso sakon, 40 zentimetrora edo, eta, beraz, nahiko erraz iristeko modukoa zela. Eta bertatik hastea erabaki genuen». Heldu dira zorura, baita bi gela bereizten dituen pareta bat topatu ere. «Helburua da zorua induskatzea, eta badirudi ateratzen ari den materiala erromatar garaikoa dela; ikusi beharko da zer arotakoa den, baina badirudi hipotesi hori baiezta dezakegula».
Azalpena eten behar izan du, eskuinaldeko gunetik deitu baitiote. Badoa begiratzera: beste sei lagun ari dira han, zulo txikiago batean, pareta baten bila. Eta agertu da zerbait; hainbat harri, hormarenak izan litezkeenak. Kideei argibide batzuk eman, eta, termetako itzalpera itzulita, han beste eraikin bat dagoela azaldu du arkeologoak: «Beste gune honetan estrategia desberdina baliatu dugu: bagenekien egitura sakonago zegoela, eta, sakonago induskatu beharko genuenez, eremu txikiagoa irekitzea erabaki dugu, 9 metro koadrokoa». Hormen angelu edo ertz bat aurkitzea da asmoa, ikusteko ea zergatik dagoen sakonago, baita zein fasetakoa den argitzeko ere, besteak beste.
«Bi hari izpi horiei tiraka» ari dira lanean; jakinda, arkeologian «galdera batzuekin sartu, eta are gehiagorekin ateratzea» dela ohikoena, Mendizabalek gogorarazi duenez. Aitortu du finantzaketa faltak mugatu egin dituela aurten, bi astez aritzeko asmoa baitzuten, baina gunea «estrategikoa» dela iritzita, aurrera egitea erabaki zuten; «behintzat dinamikak indarra har dezan». Izan ere, garrantzia eman dio Pirinioak «esparru komun gisa» ikertzeari, baita haren inguruan dabiltzan ikerlariak saretzeari ere. «Ikusten dugu alde bateko eta besteko erregistroa oso antzekoa dela, eta dinamikak lurraldekoak direla. Beraz, guk orain arte gehienbat Hegoaldeko isurialdea landu dugunez, gure erronketako bat ere bada ikustea Iparraldekoan dinamika horiek berresten ote diren, ezberdintasunik ote dagoen...».
Elkarrizketa amaituta, eskuinaldeko gunera itzuli da arkeologoa, eta pieza gorrizta batek eman dio arreta. Atera du: anfora baten oinarria da. Segituko dute ikertzen; eta lurrak, iragana argitzen.