Bide berrien urratzailea

Ehun urte beteko lituzke gaur Basarrik bizirik balego; bertsolaritzari sakontasuna emateko eta duintzeko lan handia egin zuenBertsolari eta kazetari nekaezina izan zen; zioenez, ezingo zukeen bietako bat aukeratu

2013ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
«Zu zera bertsoaren oiñarri ta abe/ naiz ori lortzen pasa amaika naigabe/ Gaur ez giñan izango doai orren jabe/ len zuk eman zenion bultzadarik gabe». Hala idatzi zuen Joxemari Lertxundi Aiako bertsolariak Inazio Eizmendi Basarri-ren (Errezil, 1913-Zarautz, 1999) heriotzaren ondotik. Izan ere, Basarri buru-belarri jardun zen gaztetan bertsolaritzari edukia eta sakontasuna emateko lanean, taberna zuloetatik plazara eta antzokietara ateratzeko ahaleginean, eta, funtsean, duintasuna lortzeko beharrean. Huraxe maite baitzuen gehien. Bertsoa «herriaren arima» zela zioen. Bizirik balego, ehun urte beteko zituzkeen bertsolari eta kazetari errezildarrak gaur. Bizitoki izan zuen Zarautzen hura omentzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

Errezilgo Granada erreka baserrian jaio bazen ere, haurra zela Zarautzera bizitzera joan zen. Han, Azken-Portu taberna hartu zuten gurasoek, eta han ikasi zuen Basarrik bertsotan, inguruko bertsolari eta bertsozale asko biltzen baitzen tabernan. Afizioa etxetik zekarren, gainera, aita jario etengabeko bertso iturria baitzuen. Ehunka bertso zituen ikasiak, eta ehunka ikasi zituen Basarrik ere.

Lehen saioa 17 urterekin egin zuen, Zestoan, eta han hasi zuen urte luzeetako ibilbidea, Euskal Herriko plaza gehienak zeharkatuko zituena. Baina 1935ean hartu zuen ospea Basarrik. Izan ere, Lehen Bertsolari Eguna antolatu zuten Donostian, eta entzuleak zur eta lur utzi zituen haren emanaldiak. Txirrita handiari ere aurrea hartu zion, lehen lehia hartan txapela jantzita. Irabaztea baino gehiago egin zuen, ordea, bertsolaritzaren historian mugarria izan baitzen saio hura: joera aldaketa ekarri zuen bertsogintzara.

Beste behin ere jantzi zuen Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko txapela soinean, 1960an, hain justu. Espainiako gerraren ostean antolatu zuten lehen txapelketa izan zen hura. 1962an, berriz, lagun zuen Manuel Olaizola Uztapide-k irabazi eta hainbat eztabaida mingarri izan zituenez, txapelketetan parte hartzeari uko egin zion urte askoan.

Fronteko bertso eta idatziak

1936ko Espainiako gerrak goitik behera aldatu zuen Basarriren bizimodua. Loiolako batailoian aritu zen borrokan, eta gerora ertzain sartu zen. Gerrak, baina, ez zuen Basarriren jarduna eten, frontetik idazten baitzuen Euzkadi eta Eguna egunkarietarako, eta irratiz bertsoak ere kantatu zituen guda lagunak animatzeko. Nazionalek Bilbo mendean hartu zutenean, baina, Basarrik erbestera jo zuen, eta zazpi urte eman zituen herritik urrun.

Gerra ostean, bertsolaritza mehatxupean eta galzorian zen garaian plazaz plaza jarraitu zuen Uztapiderekin batera. Herriko festa guztietara joaten ziren elkarrekin, hutsik egin gabe. Elkarrekin aritzen ziren beti, eta batak bestea osatzen zuela zioten. Antonio Zabalaren arabera, bertsolari gizaldi baten buru izan zen Basarri. Uztapidek, Xalbadorrek, Mattinek, Lazkao Txikik eta Mitxelenak osatzen zuten gizaldi hura.

Bertsolari izateaz gain, ordea, kazetari gisa ere ibilbide oparoa egin zuen, 60 urtetik gorakoa. Hain zuzen ere, bizitzan kazetaritzak eta bertsolaritzak salbatu zutela esan zuen Basarrik, eta bat aukeratu beharko balu ez lukeela jakingo zein baztertu. Eguna egunkarian hasi zen, eta Euskal Herriko egunkari eta aldizkari gehienetan idatzi zuen gerora. Irratian ere urte askoan aritu zen lanean, eta Euskal Herriko sukalde askotan izaten zen haren ahots lodiaren oihartzuna.

Guztiaren gainetik euskalzale amorratua zen. 1984an, hain justu, euskaltzain ohorezko izendatu zuen Euskaltzaindiak, eta, Basarriren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko, Zarautzen egingo du erakundeak osoko bilkura, ostiralean. Bestalde, Basarri erakusketa zabalduko dute gaur Zarauzko Sanz Enea kultur etxean, eta ostiral iluntzean, Basarritik Azken Portura ekitaldia egingo dute, hainbat bertsolari, musikari eta aktoreren parte hartzearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.