Bide berrien plazera

The Attachment Theory taldea bere proiektura gehitu, eta sintetizadoreetan oinarritutako diskoa kaleratu berri du Sharon Van Etten musikari estatubatuarrak: ‘Sharon Van Etten & The Attachment Theory’.

Sharon Van Etten & The Attachment Theory.
Sharon Van Etten & The Attachment Theory.
mikel lizarralde
2025eko otsailaren 16a
04:35
Entzun

Orain dela hamarkada eta erdi pasa Because I Was in Love (2009) lehenengo disko biluzia argitaratu zuenean, molde intimistako folk kantari itxurarekin azaldu zen Sharon Van Etten (New Jersey, AEB, 1981), gitarra akustikoan ia erabat oinarritutako kantutegi batekin. Ez dira alferrik pasatu hamasei urte ordutik hona, joan den astean kaleratu duen lan berriak (Sharon Van Etten & The Attachment Theory) modu agerikoan erakusten duenez.

Ezin esan Van Ettenen azkeneko lanak erabateko ezustekoa eragin duenik, musikari estatubatuarrak behin baino gehiagotan erakutsi baitu bertan goxo gelditu gabe bide berriak bilatzeko gogoa. Ildo barnerakoi eta konfesionalari uko egin gabe, indie-rockera jo zuen bere lehenengo diskoetan, Are We There (2014) lanarekin nolabaiteko onarpen kritiko eta komertziala lortu arte. Baina orduz geroztik ere ez da egon geldirik, eta segitu du eremu berrietara zabaltzen. 

Horren erakusle da haren azken diskoa. Lehenik eta behin, pauso bat da bere ibilbidean, aurrenekoz talde batek lagunduta aurkeztu duelako bere burua. Van Ettenek berak azaldu duenez, aspertuta omen zegoen beti gauza berak egiteaz, eta azkeneko biran zuzeneko bandako bi kiderekin —Devra Hoff baxu jolea eta Jorge Balbi bateria jolea— esperimentatzen hasi zen, horrek nora eramango zuen jakin nahian. Gerora batu zitzaion hirukoteari Teeny Lieberson teklatu eta beste hamaika tresnaren jotzailea, eta laukote osaerarekin eta banda izenarekin (Sharon Van Etten & The Attachment Theory) atera dute orain lan berria.

Baina, era berean, Van Ettenek orain arte egindakoarekin alderatuz gero, diskoak badakar aldaketa bat soinuan. Izan ere, joan den urtean Every Time The Sun Comes Up bere kantu ezagunaren bertsioarekin egin bezala, azkeneko diskoan musikari estatubatuarra erabat murgildu da doinu sintetiko eta post-punketan. Haren azkeneko diskoetan —Remind Me Tomorrow (2019) eta We’ve Been Going About This All Wrong (2022)— nabaritzen zen jada indie-folk-rock ukituak atzean utzi eta 80ko hamarkadako soinuetara jotzeko joera bat, baina lan berriarekin erabat sartu da putzu horretan.

Sintetizadoreen lan bat

Tesitura handiko ahots pertsonalaren jabe da Van Etten, eta Sharon Van Etten & The Attachment Theory-n ere tresna hori nabarmentzen da beste ezer baino gehiago. Baina, horrekin batera, diskoak erakusten du garai bateko gitarren espazioa sintetizadoreek hartu dutela musikariaren proposamenean, eta hori agerikoa da Live Forever lehenengo kantutik. Ehundura iluneko sintetizadoreen koltxoi baten gainean kantatzen du hor Van Ettenek, bere kezka existentzialak ere agerian utziz: «Zeinek nahi du bizi betirako?», galdetzen du, jarraian erantzuna emateko: «Ez du inporta».

Heriotzaz eta hil ondorengo bizitzaz mintzo da Van Etten Afterlife synth-pop kutsuko singlean; Idiot Box-en, berriz, gitarra sintetizatuak gehitzen dizkio proposamenari, New Orderren aire nabarmenak dakartzan kantu bat osatzeko, eta Indio bizian suma daitezke 1990eko pop interesgarrienaren zantzuak.

Musikariak berak azaldu duenez, lan egiteko modu bat ere ekarri du diskoak: «Nire bizitzan lehen aldiz, taldekideei galdetu nien ea inprobisatu genezakeen. Nire ahotik inoiz atera gabeko hitzak ziren horiek! Ikusi nahi nuen zer ateratzen zen, eta ordubetean gerora I Can’t Imagine eta Southern Life bilakatuko ziren bi kantuak idatzi genituen». Horietako lehenengoa diskoko piezarik dantzagarriena da, garai bateko disco musika ere gogorarazten duena, eta bigarrena pieza iluna da, gothic-poparen eta post-punkaren artean kulunkatu, eta hala Siouxsiek nola X-Mal Deutchsland talde gotikoak 1980ko hamarkadan egiten zutena gaurkotzen duena. 

Nolanahi ere, Sharon Van Etten & The Attachment Theory ez da atzera begira dagoen disko bat, eta sintetizadoreen edo erritmo batzuen erabilerak zein erreferentzia batzuek entzulea berrogei urte atzera eraman badezakete ere, Sharon Van Ettenek berriro ere erakutsi du garaiaren soinuari erantzuten diola. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.