«Bide berriak» ireki ditu Bulegok

Disko berria kaleratu du taldeak: 'Aldatu aurretik'. Hamar kontzertuz osatutako aurkezpen bira bat iragarri dute hurrengo urterako. Euskal Herrian lau emanaldi egingo dituzte.

Aldatu aurretik, Bulegoren bigarren diskoa
Ruben Lizarralde, Tomas Lizarazu eta Xabi Arrieta. BULEGO
urko iridoy alzelai
Donostia
2023ko abenduaren 22a
05:00
Entzun

Bi urte itxaron behar izan dute zaleek Bulegoren bigarren diskoa entzuteko, Azkoitiko (Gipuzkoa) taldeak 2021ean atera baitzuen lehen diskoa, Erdian oraina. Hilaren hasieran atera zuten, hain zuzen ere, Aldatu aurretik, hamar kantaz osaturiko bilduma. Horren aurretik, baina, hiru aurrerapen kantu aurkeztu zituzten taldekideek, hiru single. Aurrerapenetan, entzuleek antzeman ahal izan zuten estilo berriak esploratzen dabilela taldea, eta disko osoa entzunda baieztatu egin dira susmoak. Lan berriaren bitartez «bide berriak ireki» eta entzuleei «zirrara» eragitea espero dute Tomas Lizarazu eta Xabi Arrieta taldekideek.

Lehen diskoa «kontzeptuala» zela esan zuten 2021ean, baina, bi urte geroago, iritzia aldatu du Lizarazuk: «Erdian oraina kontzeptuala izan zedin saiatu ginen, baina bukatu ondoren esan dezaket ez zela hala izan. Kantak nahiko dispertsatuak gelditu ziren haien artean, baina lan berriarekin lortu dugu hori ez dadila hala izan. Aldatu aurretik gure lehen disko kontzeptuala da». 2021ean, Lizarazuk ume bat izan zuen, eta bizipen hura diskoaren arrazoi handi bat bilakatu da, abeslariaren ustez: «Inspirazio nagusia». Izenburuak dioen bezala, aldaketak dira letren oinarria, eta kanta bakoitzak aldaketa bat irudikatzen du. «Nire bizipenak jasotzen dituen disko bat egitea nuen helburu, baina, era berean, aldaketa betean dagoen edozeini horri aurre egiteko euskarri gisa balio izatea nahi nuen», azaldu du Lizarazuk.

Musika aldetik, bildumak «sorpresa» eragitea espero dute taldekideek. «Betiko Bulego hor dago, baina aldaketek eragiten duten moduan, gauza berriak ezagutu nahi izan ditugu», esan du Lizarazuk. Lehenago musika estilo ezberdinak landu dituzten arren, «baladak» adibidez, «bide berriak» ireki eta «gauza berriak» probatu nahi izan dituztela esan du Arrietak. Diskoko lehenengo aurrerapenean antzeman zen estilo aldaketa, Zure begi horiek kantan, melodia eta erritmo lasaiez osatutako lana baita. «Jendeak ez zuen espero Zure begi horiek bezalako kanta bat aukeratzea Bulegok diskoa aurkezteko, baina guri asko gustatzen zaigu, eta ederki definitzen du bilduma», azaldu du Arrietak. Hala ere, kanta dantzagarri batzuk ere aurki daitezke diskoan, Bulegoren identitatea gordetzen duten kantak hain zuzen: Ardi beltzak eta Zurekin, besteak beste. «Kantek hiru osagai dituzte: hitzak, melodia eta harmonia. Hiru osagaien baturak osatzen du kanta, eta disko honetan, kanta bakoitzak oso landuak ditu hiru osagaiak», esan du Lizarazuk.

Hitzak «bihotzetik» ateratakoak dira, eta Lizarazuk uste du horrek eragina duela entzulearengan: «Barrutik idatzitako kantek barrura iristeko erraztasun handiagoa daukate». Emaitza taldekideen gustukoa izan arren, ez da bide erraza izan prozesu osoa. Lizarazuk azaldu du krisi eta blokeo une handi bat izan zuela konposatzerakoan: «Bulego sortu genuenean, gure helburuetako bat musikatik bizitzea zen, gure ibilbidea profesionalizatzea. Horri aurreko urteetan edukitako arrakasta eta egindako bira gehitzen badiogu, presio handia sortzen da, lan ona egiteko presioa». Aitatasuna, diskoa sortzeko oinarrietako bat izateaz gain, krisi garaia gainditzeko arrazoia ere izan zen: teklatua eskuan zuela alabarekin bizitako momentu baten ostean sortu ziren lehen kantako akordeak, diskoaren hastapenak.

«Mimo handiz osatutako lana da, eta gu oso gustura gelditu gara emaitzarekin. Ezin dugu jakin zelako arrakasta izango duen, baina ez dugu horri begira lan egin».

TOMAS LIZARAZUBulego taldeko abeslari eta gitarrista

Irratietan eta plazetan entzungo den edo ez pentsatu gabe osatu dute bilduma, haien gustura eta nahietara moldatzen, esan du Lizarazuk: «Mimo handiz osatutako lana da, eta gu oso gustura gelditu gara emaitzarekin. Ezin dugu jakin zelako arrakasta izango duen, baina ez dugu horri begira lan egin». Soinu garbiak identifikatzen dira Aldatu aurretik lanean. Grabaketa eta nahasketa Eñaut Gaztañagak egin du, Zestoako Gaztain estudioan (Gipuzkoa), eta masterizazioa Londresko Metropolis estudioan osatu dute, Felix Davis soinu ingeniariarekin. «Kalitatezko denbora eskaini diogu lanari, eta, horregatik, kalitatea antzematen da soinuan ere. Aurrerapauso bat eman dugu soinuan, eta hori, diskoarekin hasi baino lehen, gure helburuetako bat zen», azaldu du Arrietak. Bi hilabete egon ziren lanean Gaztañagaren estudioan, grabaketa ere «mimo handiz» eginda.

Euskal Herritik kanpora

Diskoan euskara, katalana eta gaztelera entzun daitezke. Lau kolaborazio kanta osatu ditu taldeak disko berrian: Aiora Renteriarekin batera, Ardi beltzak; Ginesta talde katalanarekin, Agur, agur; EDErekin, Ez nintzen ni izango; eta Oreka TXrekin, Gizon. «Batzuk Bulegoren ibilbidean ezagututako musikariak dira, eta kolaborazioak egin asmo genituen haiekin. Aiora, bestalde, betidanik izan da gure erreferente handi bat musikan, eta harekin aritzea plazer hutsa izan da», esan du Lizarazuk.

Estiloa aldatu den moduan, taldekideek aitortu dute oholtza gaineko ikuskizunak berrikuntzak ekarriko dituela. «Kontzertuak emango ditugu, eta diskoaren aurkezpen bira 2024an egingo dugu. Gure hizkuntza eta gure musika ahalik eta urrutien eraman nahi ditugu, eta euskaraz kantatzeak dakarren kristalezko sabaia hautsi. Japoniara eta Finlandiara iritsi gara oraingoz, baina bide berean jarraitu nahi dugu», esan du Arrietak. Diskoa kaleratzearekin batera, birako datak eta lekuak iragarri zituen taldeak. Euskal Herrian Donostian (martxoaren 10ean), Baionan (martxoaren 21ean), Iruñean (martxoaren 26an) eta Gasteizen (martxoaren 27an) igoko dira oholtzara. «Udara arte kontzertu oso gutxi emango ditugu Euskal Herrian, kanpora ateratzeko intentzioa baitugu», iragarri du Lizarazuk. Kanpoan programatutako kontzertuak Bruselan, Lisboan, Santiagon (Galizia), Santanderren (Espainia), Bartzelonan eta Madrilen emango dituzte. Datak Bulegoren sare sozialetan daude ikusgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.