Txingudiko badiatik abiatu eta Xorroxingo iturbururaino, Bidasoa ibaian gora oinez egindako bidaia baten kontakizuna da Eneko Aizpuruaren Bidasoan gora (Elkar) liburua. Bidean ikusitakoa eta ikasitakoa jasotzen du, aurretiaz irakurritakoa eta unean bertan behatutakoa uztartuz. Ibaia bera ardatz duen memoria kolektiboko ariketa bat da: «Bidean galdutakoen, arrotz etorri eta arrotz joandakoen arrastoan egindako ibilbide baten kontakizuna da». Iaz irabazi zuen Tene Mujika bekari esker idatzi du Aizpuruak liburua.
Ez da bidaia kronika bat, nolanahi ere; saiakera bat da sakonean, literatura lan bat. «Ez da kazetaritza lan bat ere, tonu jasoagoa du. Moldeak puskatu nahi nituen; literatura egin», esan du Aizpuruak. Izan ere, badago dokumentazio lan bat, aurretiaz egindakoa dena; baina, badago, halaber, oinez hainbat egunez egindako bidaian, unean bertan jasotakoa ere. «Bidea libre utzi nahi nuen; bidea egin eta bideak erakuts ziezadala nondik nora nindoan. Liburua hau ez litzateke posible izango bidean aurkitu ditudanen testigantzarik gabe».Zu
Duela parte bat urte BERRIArako Moldaviatik idatzitako bidaia erreportajeek eman zioten liburua idazteko ideia. «Konturatu nintzen erreportajeetan behin eta berriz azaltzen zela bertako ibai nagusia. Bertakoentzat ere erreferentzia da, ikuspegi politikotik, ekonomikotik eta baita sozialetik ere. Eta berehala Bidasoa ibaiaren irudia etorri zitzaidan gogora», esan du Aizpuruak..
Izan ere, Bidasoa «mugaren kontraesan guztiak biltzen dituen lekua eta ezlekua da» idazlearen hitzetan, historian zehar askotariko gertaeren lekuko eta kokaleku bihurtu dena. Bada, gertaera horietako batzuk gogoratu ditu liburuan, bidaia memoria ariketa bilakatuz. Besteak beste, hauek: Guardia Zibilak Intxaurrondoko kuartelean heriotzaraino torturaturiko Mikel Zabalzaren gorpua Endarlatsan agertu zenekoa; handik zenbait urtera ETAk paraje berean Eduardo Lopez polizia bonba batez hil zuenekoa; Frankismo garaian muga igarotzeko ahaleginean uretan itota hil omen ziren ehunka portugaldarren kasua; edo Pio Barojak eta Aitzolek 36ko gerraren hasieran Beratik Lesakara bidean topo egin zutenekoa.
Mugaren eragina, ideologiaren ondorioak, memoria jasoa eta galdua... Askotariko gaiak eta gogoetak bildu ditu Aizpuruak liburuan. Lekukotzak eta gertaera historikoak baliatu ditu horretarako, baina errealitatetik eta orainalditik abiatuta. Garrantzia berezia eman dio, halere, ibaiaren emariari jarraituz egindako bideari. «Balio erantsia ematen dio horrek liburuari. Uraren gogoetak ere hor islatzen baitira. Bidaia oinez ez banuen egin, oso bestelako izango litzateke liburua».
Aizpuruak nobela beltzak idazten egin du bidea orain artean. Hiru eleberri kaleratu ditu: Errauts (2011), Herensuge gorriaren urtea (2013) eta Lehertu da festa (2016). Itzulpen literarioak kaleratu ditu, eta bidaia erreportajeak ere idatzi ditu. Aurrera begira, ordea, ez du oso argi zein bide hautatuko duen: «Bideak esango du».