'bIDASOA MINTZATUKO BALITZ'
Hendaiako Beltzeniako zubi azpian gaudela, antzezlerik gabeko antzerki ibiltarian parte hartzeko jarraibideak azaldu dizkigute. Orobat, gure ondotik igarotzean herritar guztiek ez dutela gurekiko jarrera bera izango jakinarazi digu Manex Fuchsek. Taldetik ez aldentzeko gehitu du. Identitate txartela edo pasaportea ez ahazteko eskatu ziguten denoi, erreserba egin genuen garaian. Muga zeharkatzekoak garela susmoak hartuta gaude, baina igarotze horren xehetasunen berri ez izateak parte hartzailearengan badu eragina.
Hasteko Bertolt Brechten poema aditzen dugu bozgorailuetatik: «(...) emigrazioak exodoa esan nahi du./ Eta gu ez gara borondatez atera beste herrialde bat aukeratuz./ Ez gara beste herrialde batera migratzen bertan ezartzeko, hobe betiko bada/ Guk ihes egin dugu. Kanporatuak gara, erbesteratuak./ Eta ez da etxea, harrera egiten digun herrialdea erbestea da./ Urduri gaude, mugen ondoan ahal badugu, itzulerako egunaren zain (...)/ Gu geu ia krimenen zurrumurruak bezalakoak gara». Eta hara non lehenbiziko zirrara sentitu dugun.
Bidasoaren ertzetik aurrera ibili gara pasieran lehenbiziko orduan. Bitxia da nola, konturatu gabe ilara isila eratu dugun eta seriotasuna nola zabaldu den gure artean. Axuteko lau gidarik inguratzen gaituzte. Haien motxiletan dauden ezkutuko bozgorailuetatik, mende eta leku ezberdinetako migranteen testigantzak adituko ditugu eten gabe ekintza guztian zehar. Palestina, Siria, Melillako zein Bidasoa ingurukoak izan, muga dute gosea, heriotza eta kartzela mehatxua. Erreparazio zeremonia bateko partaideak sentitzen garelako guztiz isilik diraugu publiko gisa gauden berrogeita hamar lagun inguruk. Gutxitan gelditzen gara, eta horrela denean, ibili ahala sortzen diren pentsamenduak ez dira geratzen; begiak, berriz, bai. Begi gehienak Bidasoaz beste aldean irmo iltzatzen dira uraz haragoko lehorrean. Hor Hondarribia, baina ez da postal bateko irudia guk dakusaguna.
Bidasoa bada ur-zaina, bada zauri gaiztotua, eta Axutekoek bertako eta beste herrialdeetako lekutasunak bilduta ondu dituzte Bidasoa mintzatuko balitz emanaldiaren testuak. Antzezle moduan desagertu, eta Bidasoko aldiriak dramaturgia-egitura bihurtu dituzte, ikusle moduan dugun pertzepzioa aldatzeraino. Horrela, ekintza teatraleko interferentziak izan zitezkeenak —gertuko oinezkoak: emakume beladunak, jatorri afrikarreko mutikoak, itxura magrebtarreko neskak— dispositiboaren partetzat hartu ditugu. Paseatzaileok esanahi berria eman diogu paisaiari, espazioa beste era batean ulertzeraino. Hona adibide bat: bigarren orduan itsasontziratu gintuztenean, aireportuko pista pareko burdinazko hesia, hainbatek kontzentrazio esparruko itxitura moduan deskodifikatu genuen, aletzen ari zitzaizkigun kontakizunari esker. Eta gisa horretan, erritual teatral honek zeharkatu ditugun zubiak benetako zubiak ez direla argi uzten du.
Hirugarren orduan, autobus batera igo gaituzte, eta begiak estali zerrenda beltz batez. Non egon garen ez dakit, baina autobusa luzez egon da martxan. «Endarlatsa» hitza ahoskatu dute azken istorioan Biriatun jaitsi baino lehen. Bukatzeko, han ibili gara nork bere sentipenak deskribatzen, askaltzen genuen bitartean. Lagun batek horrela bota du bizi izandakoa deskribatzeko: «Ehuneko ehun Axut» izan da.