Literatura

Bidasoa, portugesentzat ere muga

'Gaueko azken expressoa' plazaratu du Eneko Aizpuruak, Alberdania argitaletxearekin. Laugarren eleberria du, eta, aurretik idatzitako hiruren aldean, bestelakoa da.

Eneko Aizpurua
Eneko Aizpurua, Gaueko azken expressoa eleberria aurkeztu berritan. MAIALEN ANDRES / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2023ko azaroaren 29a
05:20
Entzun

Aurreko hiru eleberrietan landutako genero beltza atzean utzita, Eneko Aizpuruak (Lazkao, Gipuzkoa, 1976) Bidaso aldera lekualdatutako portuges baten bizipenak harilkatu ditu fikzioan Gaueko azken expressoaeleberrian (Alberdania), migrazioaz, muga ezkutuan zeharkatzeaz, Euskal Herrian laketzeko zailtasunez eta bestez gogoeta egiteko.

Horra haria. Miguel Barrios migrante portugesak urteak eman ditu Bidaso aldean, ibaiak marraztu eta bi estatuek banalerro bilakatu duten mugari lotuta. Berri txarrak dakartzan gutun bat dela bide, sorterrira itzultzeko gogo-asmoek hartuko diote gaina Barriosi, eta Portugalera joko du, gaueko azken trena hartuta. Antonio, gazte garaian lagun min izandakoa, hil hurren da, eta azkenekoz agurtzera joango da Barrios.

Bizipen gogorrak izan zituzten gaztetan. 70eko hamarkadan, esaterako, elkarrekin alde egin zuten sorterritik, Pariserantz, Salazarren diktadurapetik ihesi. Irun aldera iritsi, eta Bidasoko muga zeharkatu ezinik, ez atzera eta ez aurrera gelditu zen Barrios. Azkenean, bertan gelditu, eta bizitza berregin behar izan zuen. Bere adiskide, gogaide eta bidaideari, berriz, arrastoa galdu zion zeharkaldi klandestino batean. Urte luzetarako galdu ere.

Irakurleak Barriosen beraren ahotik eta haren emaztearen, maitalearen eta seme-alaben bidez ezagutuko du eleberrian datorren istorioa. Aizpuruaren hitzetan, «euskal mugaldeko familia baten gainbeherari buruzko kontakizun zatikatua» harilkatzen dute denen artean, baina ahots ugari horiek ez dute «irakurlearentzat lasaigarria den egia bakar absolutu bat saltzen». Guztiz bestela, «inork entzun nahi ez dituen egia txiki deserosoen eta sentimendu kontraesankorren berri ematen dute, politikoki batere zuzena ez den gordintasunez».

Pertsonaiek migrazioaz, norberaren herrian eta deserrian errotzeko zailtasunaz, maitasunaz eta adiskidantzaz eztabaidatuko dute, baita «Euskal Herriaz eta euskal gatazka deiturikoaz ere», zeharka.

Egileak azaldu duenez, eleberriak ez dakar «erantzun biribilik, ez mezu garbirik», eta irakurle bakoitzak «bere ondorioak» atera beharko ditu, irakurri ondotik. «Egileak berak ere, idaztean, erantzunen ordez galderak izaten ditu sarri askotan, eta galderen aurretik, hutsunea», gaineratu du.

Idazlea, erabateko narratzailea

Alberdania argitaletxeko editore Aritz Galarragak idatziaren kalitatea goraipatu du, eta Aizpurua idazle gisa «erabateko narratzailea» dela nabarmendu. Aizpuruak laugarren eleberria du Gaueko azken expressoa. Genero beltzean sailka litezkeen beste hiru ditu idatziak lehenagotik, eta hirurek Egileor ikertzailearen gorabeherak batzen dituen trilogia bat osatzen dute. Laugarren eleberria, ordea, bestelakoa da, editorearen aburuz: «Oso diferentea du emaitza». Jorratzen dituen gaiengatik eta kontaketan darabilen tonuagatik Bidasoan gora saiakerari (Elkar, 2020) hurbilago zaiola uste du Galarragak. «Esan liteke saiakeraren fikziozko bikia dela eleberria», saiakeran aletutako hainbat gai ekarri baititu eleberrira.

Kasurako, saiakeran atal oso bat eskaintzen die portuges migranteei, eta bereziki 60ko eta 70eko hamarkadetan Bidasoa ezkutuan zeharkatu behar izan zutenei. Eleberrian, ordea, harago doa. Bidasoa ibaia ez da soilik igarobide gisa ageri, «baita etorkizuna eraikitzeko lurralde gisa ere, portugesentzat».

Galarragaren ustez, gaiok «aski ezezagunak» dira euskal irakurlearentzat, eta «modu hunkigarrian zabaltzeko eta ezagutzeko parada» ematen du Aizpuruaren lanak.

Idazleak darabilen ahots eta gai aberastasunari ere jarri dio arreta editoreak, eta Euskal Herrian laketzeko zailtasunari heldu izana nabarmendu du, «sorterria utzi duena betirako izango baita arrotz».

Eleberriaren hari nagusietako bat protagonistak Irundik Portora gaueko azken trenean egingo duen bidaia «iradokor eta barnebiltzailea» dela azaldu du Galarragak, baina batik bat estiloa txalotu dio idazleari, alegia «eleberriaren joskera, idazkera, tonua, erritmoa». Haren ustez, «kulunka» eramaten du irakurlea, «baina sekula erori gabe, beti aurrera, beti bazka emanez». Bestela esanda, «Antonio Lobo Antunes, Miguel Sanchez-Ostiz edota Rafael Chirbes idazleen lanak» ekarri dizkio gogora, hein batean.

Jorge Gimenezek ere izan du hitzik Aizpuruaren eleberriaren alde. Alberdaniakoentzat «esanahi berezia» duela azaldu du, argitaletxeak Irunen duelako egoitza; «hain zuzen, muga-mugan, liburuaren muinak bezala».

«Eleberriak ez dakar erantzun biribilik, ez mezu garbirik. Egileak berak ere, idaztean, erantzunen ordez galderak izaten ditu sarri askotan, eta galderen aurretik, hutsunea».

ENEKO AIZPURUAIdazlea

«Eleberriak kulunka eramaten du irakurlea, baina sekula erori gabe, beti aurrera, beti bazka emanez».

ARITZ GALARRAGAEditorea

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.