Bidasoa inspirazio iturria da haientzat, eta haien sortzeko gaitasuna pizten du. Juan Carlos Pikabeak eta Fernando Lesagibelek margolanetan eta eskulturetan islatu dituzte, hurrenez hurren, bizileku eta sormenerako akuilu duten lurraren ikuspegiak, Bidasoa, bida so izeneko erakusketan. Iruñeko Kondestablearen jauregian egongo da ikusgai, azaroaren 4ra arte.
Bi artistak Bidasoako lurretan bizi dira; Nafarroan biak: Lesakan Pikabea eta Beintza-Labaienen Lesagibel. Erakusketan ikus daitezkeen artelan gehienak Pikabearenak dira: paisaiak margo inpresionistekin irudikatzen ditu, eta oraingoan 70 koadro aurkeztu ditu, 2017tik gaur egun arte egindakoak. Ibilbide kronologikoa osatu du horiekin, eta, gainera, azken urteetan margotutako lanak lehen aldiz erakusten ari da, osasun krisiaren eraginez ezin izan baititu lehenago jendaurrean jarri.
Pikabearen lanak Kondestablearen atarian, patioan eta areto gotikoan daude. Obra gehienetan natura da nagusi: kasu batzuetan soroak, basoak eta ibaiak dira protagonistak; beste batzuetan, berriz, itsasoa. Eta urtaro ezberdinak bereiz daitezke, baina beti kolore bizi eta deigarriekin daude irudikatuak.
Aretoaren sarreran ikus daitezkeen lanetan Nafarroako zenbait toki zeharkatu ditu egileak: Iruñetik hasi, eta Ituren, Jurramendi, Lerin, Larraga, Lizarra eta Irunberritik igaro da. Azkenik, Erromako margolan bat ere jarri du, duela bi urte han izan baitzen, eta «liluraturik» gelditu.
Patioan, ibilbidea Bidasoa ibaiaren jaiotzarekin abiatzen da, eta ibaia igarotzen den zenbait tokitatik pasatu ondoren, itsasoan amaitzen da. Hala, koadroetan ageri dira Amaiur, Bertiz, Lesaka (Nafarroa); Hondarribia, Jaizkibel (Gipuzkoa), Hendaia (Lapurdi). Itsasoa protagonista duten koadroak dira erakusketako formatu handienekoak.
Paisaia ezagunak dira horiek denak Pikabearentzat, eta elementu estetiko bihurtu ditu, pinturaren bidez «edertasunaren zentzua» bilatzeko. «Artista gisa, edertasunaren bila aritzen naiz buru-belarri, inguratzen gaituen munduarekin harreman harmonikoak, koloreak, erritmoak eta melodiak ulertu nahian; ez ezkortasunean erortzeko, bizitzeko gogoa sortzeko baizik», adierazi du margolariak.
Eta, paisaiez gain, bere sorkuntzaren beste alderdi bat erakutsi du oraingoan, ezezagunagoa: erretratuena. Areto gotikoan autorretratu bat eta Jorge Oteiza, Pablo Sarasate, Julian Gaiarre eta Pio Barojari eskainitako margolanak ikus daitezke. Pintura horiekin batera, inauteriak irudikatzen dituzten aluminiozko pieza batzuk ere badira.
Artea, sendagarri
Lesagibelen obrak atarian daude. Eskultoreak zuraren bidez «sentipenen mundu batera» eraman nahi du ikuslea. Bere kabuz trebatutako artista da; irudi abstraktuak lortzeko erabiltzen du zura batez ere, bolumenarekin, materiarekin eta hutsarekin jolastuz. Beintza-Labaiengo baserrian lortzen du lanerako behar duen egurra, eta gehienetan Bidasoan aurkitzen dituen elementuetatik abiatzen da, naturak ematen dionari forma emanez bere obra sortzeko.
Erakusketa baliatuta, arteari buruz gogoeta egin du eskultoreak: «Artea ikusten, amesten edo sentitzen duguna adierazteko modu bat da. Horregatik arteak osagai sendagarria du, aurrekoa eta oraina ikustearen plazerra, horregatik izan behar du sendagarri. Arteak bizitzeko balio du. Artea ere irribarre bat edo begirada gozo bat den bezala».
Bidasoa, bida so astelehenetik ostiralera bisita daiteke, 09:00etatik 22:00etara; asteburuetan, berriz, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara. Iragan larunbatean bisita gidatu bat egin zuten, euskaraz, Itziar Azpirotz Leitzako kantariaren laguntzarekin.
Bidasoa, margoz eta zurez
Juan Carlos Pikabeak eta Fernando Lesagibelek 'Bidasoa, bida so' erakusketa jarri dute Iruñean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu