Juan Ignacio Bidarte Guggenheim museoko zuzendari nagusiak bere agurra egin du museoko auditoriumean. Herenegun jakinarazi zuen patronatuarekin ukaniko bilkuran zuzendari postua utziko zuela. Atzo, aldiz, agurraren zergatiak plazaratu zituen. Museoaren 20. urteurrenean gogoetatzen hasi zela azpimarratu du: «2017an hasi zen nire gogoeta. Denborarekin, ondu egin nuen erabakia, eta atzo aurkeztu nion patronatuari». Hala ere, nahiz eta aurtengo udazkenetik aitzina museoko zuzendaria ez izan, fundazioko estrategia zuzendari izaten segituko duela esplikatu du, baita zuzendari emeritu izendatuko dutela ere. Zuzendari berria hautatzeko prozesuaz ere mintzatu da, eta esan du euskara irizpide «garrantzitsua» izanen dela, baina ez dela «ezinbestekotzat» joko.
Bidarte lantalderik gabe igan da oholtzara. Bakarrik, eta argien fokupean, nabarmendu du biziaren erdia pasatu duela museoari loturik, eta bere «erantzukizuna» dela zuzendaritza aldaketa martxan jartzea. Horren harira, ohartarazi du museoaren sortzetik gaur egunerainoko aldia hesten duela: «Uste dut badela garaia ekimen ia utopikoa zena garatzearekin, hura martxan jartzeko lantaldea taxutzearekin eta museoa eraiki eta abiaraztearekin hasi zen zikloa hesteko». Aitzineko aldia hesteaz ez ezik, aldi berri bat irekitzeko beharraz ere mintzatu da. «Ezinbestekotzat» jotzen du aldaketarako gunea sortzea eta «bertze belaunaldi» batek ekar dezakeen ikuspegi berria txertatzea. Haren erranetan, ikuspegi eta aldi «freskoagoa eta berriagoa» nahi du, gaurko garaiekin bat datorrena, azken finean.
Eginiko ibilbideaz kontent dela erran du. Eskerrak eman dizkie proiektua «anitz» sostengatzen duten erakunde publikoei. Museoa eraikitzeko eginiko lankidetzagatik eta erakundeen «ausardiagatik» eskerturik agertu da Bidarte. Are gehiago, erakundeek eta proiektua eraiki duten pertsonek emaniko konfiantzaz ere jardun du: «Bihotzez estimatzen dut nigan jarri zuten konfiantza, duela hiru hamarkada proiektu hau sustatzeko sorturiko patzuergoa zuzentzeko izendatu nindutelarik eta patronatuak museoaren zuzendari gisa aukeratu nindutelarik». Azkenik, lantaldeari ere eskerrak eman dizkio azken 30 urteetan eginiko «ahaleginengatik». Talde guziaren «talentu handia» nabarmendu du, eta haiei esker museoak ezarritako helburuak «gainditu» direla erran du.
Hautagaitza prozesua
Zuzendari berria hautatzeko prozedura ekainaren 3an abiatuko da. Prozesu «publikoa, gardena eta ekitatiboa» izanen dela gaineratu du Bidartek. Berlingo Antonia Josten nazioarteko enpresari emanen diote lekukoa prozesuaren kudeaketa egin dezan. Hautagaiaren profilaz, zehaztu du «esperientzia handiko» pertsona bat izatea lehenetsiko dutela Guggenheimeko zuzendaritzan, baita museoaren balioekin «bat datorren» norbait izatea ere. Hautagaiaren hizkuntza eskakizunei dagokienez, berriz, honakoa erran du: «Euskara irizpide garrantzitsua izanen da zuzendari berria hautatzeko, baina ez da ezinbestekotzat joko».
«Arantza ttipi batekin noa: Gernika margolana Guggenheimera ekartzen saiatu ginen, baina ez genuen lortu».JUAN IGNACIO BIDARTEGuggenheim museoko zuzendaria
32 urteko ibilbideko momentu gozoak ere azpimarratu ditu. Museoaren estreinaldiaz gain, Richard Serraren Denboraren materia obren aurkezpenaz ere oroitzapen «ona» atxikitzen duela azpimarratu du. Bete gabeko nahi bat ere aitortu du: «Arantza ttipi batekin noa: Gernika margolana Guggenheimera ekartzen saiatu ginen, baina ez genuen lortu».
Aitzina begira, 2025eko egitaraua osatua dela erran du. Heldu den urteko erakusketak «anbizio handikoak» dira, haren irudiko. Obra garaikideak eta orotariko publiko bati zuzenduak izanen dira. Guggenheimek Urdaibaiko eremuan duen proiektua «handia» dela erran du, eta zehaztu du oraingoz proiektua ez doala «aitzina», ez dagoelako erakundeen arteko adostasunik.