Bidarte Helsinkin izango da gaur, Guggenheim berriari buruzko aurkezpen batean

Finlandiako museoaren bideragarritasunaren inguruko azterketa bat aurkeztuko du fundazioak

Agentziak
Helsinki
2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak Helsinkiko Guggenheim museoaren bideragarritasunaren inguruko azterketaren aurkezpenean parte hartuko du gaur, Finlandiako hiriburuan, Ari Wiseman Solomon R. Guggenheim fundazioko zuzendariordearekin batera. Fundazioak museo berria eraikitzeko aholkua emango duela aurreratu dio dagoeneko Wisemanek egunkari bati; baina, horretaz gain, Helsinkiko Udalaren eta Bilboko Guggenheim museoaren batzorde exekutiboaren onespena ere behar du proiektuak, abian jarriko bada. Bilboko Guggenheim museoak marka berarekin Europan eraiki daitezkeen museo berriei betoa ezartzeko eskubidea du, baina museoaren arduradunek ez dute jakinarazi Helsinkikoaren kasuan betorako eskubide hori erabiliko duten edo ez.

Museoaren inguruko behin betiko erabakia martxoa baino lehen jakinaraziko dute. Bidarte eta Wisemanez gain, Jussi Pajunen Helsinkiko alkateak eta Janne Gallen-Kallela-Siren Helsinkiko Arte Museoko zuzendariak ere parte hartuko dute gaurko aurkezpenean.

Bideragarritasun azterketako datu zehatzak gaur emango badituzte ere, Helsinkiko museoaren eraikuntza lanek 2,5 milioi dolarreko (1,9 milioi euro inguru) aurrekontua izango dutela jakinarazi dute dagoeneko. Eraikitzen baldin badute, marka bereko seigarren museoa izango da. Gaur egun lau dira Guggenheim museoak dituzten hiriak: New York, Bilbo, Berlin eta Venezia; bosgarrena Abu Dhabin eraikitzen ari direna izango da; museo hori 2013an inauguratuko dute, ezeren okerrik ez dela.

Duela hiru urte sortu zen Helsinkin Guggenheim museo berria eraikitzeko proiektua, hegoaldeko portuko moilen leku-aldaketak berrikuntza urbanistiko zabal baterako bidea zabaldu zuenean. Erdigunetik aparteko inguru batera bideratu dituzte portuko zamalanak, eta horrek 250 hektareako gunea utzi du libre urbanizatzeko. Iazko urtarrilean enkargatu zion Helsinkiko Udalak Solomom R. Guggenheim fundazioari Guggenheim museo baten eraikuntzaren bideragarritasunaren azterketa egiteko.

Iazko bisitaldietan, gorakada

Krisi ekonomikoari aurre eginez, Bilboko Guggenheim museoak 962.358 bisitari izan zituen 2011n, 2010ean baino %1 gehiago, arduradunek berriki jakinarazi dutenez. Museoaren webguneak izandako bisitaldien kopuruak are gorakada handigoa izan du, %24koa. Guztira, 1.356.000 bisita jaso ditu webguneak, eta 5.011.319 orrialde ikusi dira, 2010ean baino %4,19 gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.