Lur eta Amets neba-arreba bikiek 2015ean hasi zuten beren bidaia. Urte hartan jarri zuten martxan Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia egitasmoa Ikastolen Elkarteak, Elkarrek eta Katxiporretak. Ezagutza liburu bat, hainbat ipuin, mahai joko bat eta webgune bat sortu zituzten orduan, Lur eta Amets pertsonaiak protagonista zituztenak guztiak ere. Haur eta gaztetxoei Euskal Herriko historiako hamaika pasarte esanguratsu modu jostalarian aurkezteko xedez jaio zen proiektua, eta, bide beretik, beste urrats bat egin du orain: film bihurtu dituzte bi protagonisten abenturak, Lotura Films ekoiztetxearen eskutik. Lur eta Amets animaziozko filma hilaren 7tik aurrera izango da ikusgai zinema aretoetan.
«Euskal Herrian euskaratik eta euskaraz egindako animazioaren aldeko apustua da hau», azaldu zuen atzo Miren Berasategi filmaren ekoizpen arduradunak, lanaren aurkezpena egitean. «Hori lotu dugu gure herriaren historiarekin, abentura film bat eginez eta pertsonaiak Euskal Herriko hainbat eremutan eta historiako hainbat garaitan kokatuz». Gaineratu zuenez, «abenturekin gozatzeaz gain», haur eta gaztetxoengan Euskal Herriaren historiaren inguruan «interesa piztea» izan dute helburu. 2017an ekin zioten filma ekoizteari, eta bi urte pasatxo behar izan dituzte lana burutzeko.
Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek zuzendu dute animaziozko filma. Bere garaian plazaratutako ipuinetako istorioak izan dituzte kontakizunaren abiapuntu —Uxue Alberdik idatzi zituen denak, bat izan ezik, Unai Elorriagak ondu zuena; eta Patxi Pelaezek ilustratu zituen—. Istorio haiei forma emateaz gain, filmerako beste zenbait abentura gehitu zizkieten Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala gidoilariek. Eta, hala, historiaurretik joan den mendeko 80ko urteetaraino doan bidaia egingo dute Lurrek eta Ametsek, haien amona Andere eta Baltaxar katua lagun dituztela.
Hain zuzen, gurasoek ezkontza bat dutela eta, amonaren baserrira asteburu-pasa doaz bikiak, eta Olasagastik azaldu du «gauza magikoak» gertatuko direla; historia abentura bihurtzea, esaterako. Abentura horixe kontatzen du lanak, «garai batetik bestera salto eginez», gidoilariaren hitzetan. «Lur eta Amets beti dira protagonista istorioetan, beti daude hor herri honetan izan diren hainbat une garrantzitsutan; beharbada ez erdigunean, baina bai ondoan, badakigulako historia ez dela soilik erdigunean idazten».
Zinkunegik azaldu zuen lagun talde handi bat aritu dela lanean proiektuan. «60 bat pertsonak jardun du pelikula honetan lanean; marrazkilari multzo garrantzitsu batek». Horien artean, Jose Angel Lopetegi, Iñaki Holgado, Patxi Pelaez eta Aitor Etxebeste aipatu zituen, besteak beste. Animazio lanetan beste lagun «mordoxka batek» ere jardun dutela zehaztu zuen. Poncek, berriz, adierazi zuen «euskararen alde ekarpen txiki bat» egin nahi izan dutela filmarekin: «Euskara batua ardatz izanik, pertsonaiek biziko dituzten abenturak Euskal Herriko eremu geografiko ezberdinetan gertatzen direnez, leku bakoitzeko euskalkiekin aberastu nahi izan dugu filma». Pertsonaia guztiei hainbat aktorek jarri diete ahotsa. Musika, berriz, Joserra Senperenak sortu du.
Bi aurrestreinaldi egingo dituzte: bihar, Donostiako Principe zinema aretoan; eta otsailaren 6an, Bilbon, ETBren Multibox aretoan. Euskal Herri osoko zinema aretoetara, berriz, laster iritsiko da: hilaren 7an Hego Euskal Herrikoetara, eta 12an Ipar Euskal Herrikoetara. Filma banatzeaz Atera Films eta Gastibeltza Filmak etxeak arduratu dira.
Juanba Berasategi gogoan
Elkarlanaren garrantzia eta indarra nabarmendu zituzten filmaren egileek aurkezpenean. Hala, Elkarri, Ikastolen Elkarteari eta Katxiporretari ez ezik, sorkuntza prozesuan bidelagun izan dituzten erakunde eta enpresei ere eskerrak eman zizkien Berasategik. «Hasieratik sinistu dute filmean, eta haiek gabe ezin izango genuen aurrera egin». Haietariko hainbat bildu ziren atzoko aurkezpenean. Juanba Berasategi zena ere gogoan izan zuen —aita zuen euskarazko animazio zineman aitzindari izandakoa; 2017an hil zen—. Hura gabe Lotura Filmsek garatu duen lehen proiektua izan dela adierazi zuen.
Olasagastik ere ekarri zuen gogora zinemagilea, baita proiektua hura bizirik zelarik jarri zela martxan ere. «Gogoratzen naiz nola hitz egiten zuen pertsonaiez. Hemen gurekin dago Juanba».
[youtube]https://youtu.be/QkIAf5IM6Fk[/youtube]
Bidaiak aurrera jarraitzen du
'Lur eta Amets' animaziozko filma hilaren 7an estreinatuko dute. Abenturaz abentura, Euskal Herriko historian zehar bidaiatzen dute pertsonaiek. Hainbat eragilek elkarlanean jardun dute proiektuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu