Zinema estreinaldiak

Bidaia hizkuntzaren sakonenera

Isabelle Huppert protagonista duen Hong Sang-soo zinemagile hegokorearraren hirugarren lana da 'A Traveler’s Needs'. Hego Korean frantsesa irakasten duen emakume baten egunerokoa kontatzen du filmak.

Travelers needs pelikulako irudi bat.
'Traveler's needs' pelikulako irudi bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2025eko apirilaren 16a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iris Hego Korean dago. Seulen. Frantseseko klase partikularrak ematen dabil. Metodo berri bat asmatu du korearrei hizkuntza irakasteko, ez daki funtzionatuko duen, baina jada baditu hori deskubritzeko esperantza duten hainbat ikasle. Sistema kuriosoa da Irisena, izan ere, saioak ingelesez egiten ditu, eta egoera jakin batean zer sentitzen duten galdetzen die ikasleei. Ikasleek ingelesez erantzuten diote, erantzun xume eta azalekoa gehienetan, baina frantsesak sakonago joan nahi du, eta galdera deserosoak egiten dizkie, bila dabilen erantzuna topatu arte. Ondoren, ikasleek adierazitakoa txartel batzuetan idazten du frantsesez.

Emakume frantsesaren inguruan galdera ugari daude: nondik dator? Zer egiten du Korean? Zeren bila dabil? Noiz arte geldituko da han? Inguk izeneko poeta gazte batekin bizi da Iris; emakumearen egoera zein den jakinda, lagundu egiten dio gizon horrek. Baina zein da haien arteko harremana?

Hong Sang-soo zinemagile hegokorearraren ibilbide oparoaren adierazgarri da azken urtean hiru film estreinatu izana: Yeohaengjaui pilyo (A Traveler’s Needs) iazko Berlinalen, Suyoocheon (By the Stream) Locarnoko jaialdian eta Geu jayeoni nege mworago hani (What Does That Nature Say To You) aurtengo Berlinalen. Ia 40 filmeko filmografia izanik, Alemaniako zinemaldiko ohiko parte hartzailea da hegokorearra, eta Zilarrezko Hartza irabazi zuen —epaimahaiaren sari nagusia— A Traveler’s Needs lanari esker.

Sinpletasunak definitzen ditu Hong Sang-sooren lanak. Sinpletasuna eszenaratzean, gidoian, baliabideetan, kontakizunaren estrukturan. Sinpletasun horrek arintasunaren arriskua dakar, hutsala bilakatu baitaiteke kontakizuna. Hegokorearrak, ordea, itxuraz sinpleak diruditen elementuekin jolasten du ikuslearengan erantzun bat eragiteko, eta aktoreen inprobisaketak bideratzeko duen gaitasunak gidoiari sakontasuna ematen dio.

A Traveler’s Needs-ek hizkuntza eta komunitate baten parte izatearen gaia arakatzen du. Batetik, kultura arrotz batean nabigatzen ikasten ari den emakume kanpotarraren ikuspegia, eta, bestetik, atzerritarraren presentziara ohitzen ikasten ari diren bertakoen ikuspuntua. Bi ikuspuntu horiek tartekatuz, harremanen dinamikei eta hizkuntzaren ñabardurei erreparatzen die Hong Sang-sooren filmak, baita horrek dakartzan gaizki-ulertuei eta nahasmenei ere.

'Yeohaengjaui pilyo (A Traveler’s Needs)'

Beste estreinaldi batzuk

(ID_17446212403215) \'¡Caigan las rosas blancas!\' filma. Zuzendaria: Albertina Carri.
¡Caigan las rosas blancas! filmeko irudi bat.

'¡Caigan las rosas blancas!'

Violeta zinemagile gazte bat da, eta, lagun talde batekin film porno lesbiko bat egin ondoren, film porno komertzial bat egiteko kontratatuko dute. Genero sistemei buruz dituen ideiek ez diote filmazioa aurrera eramaten uzten. Buenos Airestik Sao Paulora abiatuko da bere lagun aktoreekin. Ezerk ez du asetzen, harik eta Ozeano Atlantikora igeri egitera sartu eta uharte bat eta hango komunitatearekin topo egiten duen arte.

'PRODIGIEUSES'

Vallois ahizpak Karlsruheko Goi Mailako Musika Eskolan sartu ziren, 18 urte dituztela. Haien aitaren ametsa zen, eta bere alabak onenak izan zitezen, denari uko egin zion. Baina gaixotasun arraro batek haietako baten eskuei eragingo die, eta beste ahizpa berehala hasiko da sintoma berdinekin. Beren bizitzak pianorik gabe imajinatu ezinik, bikiek elkarrekin lan egingo dute munduan paregabea den teknika bat garatzeko.

'PARENOSTRE'

Jordi Pujolen ondare politikoa zalantzan jarri zen bere zerga delituaren aitortzaren ostean. Ibilbide luzea izan zuen aktibista gisa, Generalitateko Presidentea (1980tik 2003ra) izan zen, baita hamarkadetan boterea eta eragina bildu zituen familia baten patriarka ere. Bekatu eta penitentzien, aita eta semeen, boterearen eta botere abusuen istorio bat, Kataluniako historia garaikideko pertsonaia garrantzitsuenetako baten itzalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.