Gizateria Lurretik espaziora atera da, aterpe berrien bila, baina misioak ez du arrakastarik izan, eta gizakiak eguzki sisteman sakabanatutako metalezko globoetan bizi dira. Komunitate bakoitzak hautu bat egin du: batzuek hierarkia autoritarioak ezarri dituzte, beste batzuk lankidetzan ari dira... Hasi da «konbate grabitatorioa». Argazki hori dakar Kerobia taldeak bere hogeigarren urteurrenean kaleratu duen Hilak diskoak. Lanak Nafarroako taldearen esentzia du, bai soinuan, bai kantuen zentzu kontzeptual eta literarioan. Martxoaren 12an joko dute aurrenekoz jendaurrean, Bilboko Kafe Antzokian. Han abiatuko dute aurkezpen bira.
Kerobia osatzen duten kideentzat, 2021a urte «luze eta intentsoa» izan da. Taldeak 2014an eten zuen ordura arteko ibilbidea, baina aurtengo martxoan berragertu zen: binilo bikoitza kaleratu zuten. Konstelazioa izeneko aldea taldearen sei diskoetako kantu «enblematikoenekin» osatu zuten. Hondakinak, descartes, escombraries-en, berriz, disko bakoitzetik kanpo geratu ziren abesti argitaratu gabeak eta zuzenean grabaturiko beste bi sartu zituzten. Azaroan, berriz, hiru kontzertu eman zituzten, Galdakaon (Bizkaia), Iruñean eta Azpeitian (Gipuzkoa), eta jendearen erantzun beroa jaso zuten. Kontzertu horietan iragarri zuten taldeak jarraituko zuela.
Jatorrian, binilo bikoitza ateratzeko eta kontzertuak egiteko asmoa baino ez zuten; baina, halako batean, Mikel Zorrilla kideak aurrera egitea proposatu zien, Xabi Bandini taldeko abeslari eta gitarra jotzaileak kontatu duenez: «Nik hasieran ez nion zentzurik ikusten; baina ideiak gorputza eta zentzua hartu zuen, eta polita izan zen». Hilabete batzuk geroago disko berri bat kalean izatea «urte bukaerako eztanda» izan da haientzat.
Lan berrirako, taldekide batzuk joan eta beste batzuk batu dira: Bandinik eta Alberto Isabak (baxua) jarraitu dute, eta Mikel Zorrillak (bateria), Ruben Matillak (gitarra) eta Mikel Isabak (teklatua) lekukoa pasatu diete Eneko Requetibate (bateria), Lur Larraza (gitarra) eta Carlos Colinari (teklatua eta sintetizadoreak).
Hala ere, argi dute taldeak ez duela bide berri bat abiatu, aspalditik hasia zegoena berriz hartu baizik; eta hori emaitzan nabaritu da. «Elkartu eta proiektua birsortzen hasi garenean, osagaiak hor agertu dira, eta berriro etorri da Kerobiaren soinua. Lehen bezala, istorio bat kontatu dugu, eta irudi batekin osatu», zehaztu du Bandinik. Irudia Arrate Rodriguezek diseinatu du.
[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=74XRA7Kq09U[/youtube]
Istorioa Bandinik berak asmatu du, eta zortzi kantutan garatu, kantuak kapituluak balira bezala. Egileak azaldu duenez, istorio «lineal» bat proposatu beharrean, nahiago izan du «argazki» bat irudikatu: «Istorioan ageri diren pertsonaiak globoetan bakartuta gelditu dira, taldeetan, eta bakoitzak modu batean erantzungo du».
Argazki horrekin, gizakiak muturreko egoeretan eta beldurraren aurrean izan ditzakeen jokabideen inguruko gogoeta piztu nahi izan du. «Kantuetan daude sakrifizioak, hiletak, maitasuna... Gauza asko pasatzen dira, eta, azkenean, hitzen atzean, balioak ageri dira, eta bakoitzak bere hausnarketa egin dezake».
Modu kontzientean ez bada ere, proposamen horren atzean egungo testuinguruaren oihartzunak egon daitezkeela uste du: «Ez nuke gauza oso sakonik esan nahi, baina iruditzen zait askotan ez garela konturatzen gizadia gauza txikia dela: desagertuko garela eta kosmosak aurrera jarraituko duela, unibertsoa amaitu arte».
Musika «modu azkarrean» entzuteko egungo ohitura orokorraren aurrean, Hilak «lasai» entzuteko lan bat da. Zeren, Bandinik ohartarazi duenez, litekeena baita lehen entzunaldian ez ulertzea zehazki zer kontatzen duten kantuek: «Hirugarren edo laugarren aldian deskubritzen dira abesti bakoitzaren istorioak eta trantsizioak». Hori dela eta, entzuleak «bidaia batean» murgilduko direla dio.
Kerobiaren aurreko diskoekin egin zuten bezala, oraingoan ere grabazioa eta masterizazioa Berrizko (Bizkaia) Lorentzo Records estudioan egin dute, Aitor Ariñorekin. Eta «soinuak Aitorren zigilua du», esan du Bandinik.
Sortze prozesua ere ohiko moduan egin dute: Bandinik kantuak konposatu eta hitzak idatzi ditu, eta taldean aritu dira horiek «konpontzen eta gorpuzten». Abeslariak ziurtatu du prozesuan gozatu egin dutela: «Gauzak maitasunez egiten ditugulako».
Presioa gainetik kenduta
Bandiniren irudiko, kontzertuak ematearekin batera, taldeak «paradigma aldaketa» bat izan du aurten, haientzat mesedegarria izan dena: «Pentsatzen genuen kontzertuekin espektatiba asko genituela, eta agian ez zirela beteko. Baina ohartu ginen kontua ez zela hori: hau ospakizun bat zela, besterik gabe, ospatu nahi genuela, guk geuk, eta zaleekin». Horri esker beren kontroletik kanpo dagoenari begiratzeari utzi diotela aitortu du, espektatibei beldurra galdu dietela eta presioa gainetik kendu dutela.
Diskoarekin ere antzeko zerbait sentitzen dute: «Saiatu gara ahalik eta kanturik ederrenak egiten; baina horrek ez du esan nahi espektatiba guztiak bete behar dituenik: Hilak ez da ez lan txikia, ez handia; da badena».
Bidaia grabitatoriora bueltan
Binilo bikoitza ateraz hasi zuen urtea Kerobiak, eta, harekin 20. urtemuga ospatu ostean, jotzen segituko dutela iragarri dute. 'Hilak' lan berria ere prest dute, eta martxoan hasiko dute bira, Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu