«Bidaia emozional bat da»

Ados Teatroak 'Igel euria' ondu du, «desoreka mentalen bat» dutenen biziera ardatz

Igel euria antzerki obran lau aktore aritzen dira. Argazkian, antzezleetako hiru ageri dira, entsegu batean. ADOS TEATROA.
Nagore Arin.
2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Haize bolada bortitz bat, tornado bat, eta horien eraginez sortutako fenomeno meteorologiko bat. Horixe da igel euria, eta, sarritan, euri zaparradekin batera ere gerta daiteke. Haizeon ondorioz, animaliak bat-batean haize-lasterrean harrapatuta geratzen dira, eta, horrela, distantzia handi batera arrastatzen ditu. Fenomeno bat izateaz gain, baina, antzerki obra bat ere bada Igel euria. Ados Teatroak sortu du. Egileen hitzetan,«desoreka mentalei» buruz hitz egiten du antzerkiak. Joan den abenduan estreinatu zuten, Antsoainen (Nafarroa), eta gaur bigarren saioa egingo dute, Donostian, euskaraz: Lugaritz kultur etxean izango da.

Garbi Losada arduratu da obra zuzentzeaz, eta hari laguntzen jardun du Amaia Lizarralde idazle eta aktoreak. Lizarralderen ustez, fenomenoaren metafora bat da antzezlana: «Desoreka mentala fenomeno hori bezalakoa izan daiteke; izan ere, ohartarazi gabe harrapatzen zaitu, ustekabean, eta, igel horietako askoren kasuan bezala, mundu arrotz eta urrun batean harrapatzen zaitu». Hala, gaixotasun mentalen bat duten pertsona horien errealitatea eta egunerokoa taularatzea izan da xedea: «Ados Teatroko kideak konturatu ziren horrelako gauzak kontatu egin behar direla. Istorio horiek arte eszenikoen bitartez azaltzea garrantzitsua dela uste dugu».

Sormen laborategi batean sortu zuten antzezpena, iaz, Giza Eskubideak Eszenara izena duen egitasmoan: «Laborategi horretan, gaixotasun mentalen bat diagonostikatua duten hamalau pertsonarekin egon ginen, eta haiekin elkarlanean sortu dugu ikuskizuna». Laborategi horretan landutako gai guztiak bildu, irakurri, eta ideia horietatik abiatuta sortu dute Igel euria. Lau aktorez osaturiko obra bat egin dute: hiru aktore profesional eta gaixotasun mental bat diagnostikatua duen antzezle bat. Lizarralderen hitzetan, ez da lehen aldia Ados Teatroak gisa horretako gai sozial bat taularatzen duena: «Antzeko hiru muntaia egin ditu konpainiak. Horietako bat, Gizakia Helburu fundazioan dauden pertsonekin; gizarteak apur bat baztertu ohi dituenekin». Lizarraldek adierazi duenez, oso inportanteada horrelako gaiak agertoki gainean jartzea eta plazaratzea.

Barre zein negar egiteko

Bi ildo paralelo gurutzatzen dira antzezlanean, eta orainaldia eta iragana tartekatuz garatzen da: «Alde batetik, gaixotasun mental bat duen pertsona baten istorioa kontatzen da, lehen sintometatik hasi eta orainaldiraino, eta bere desorekaren prozesua islatzen da apurka-apurka. Bestetik, haren iraganera egiten dugu jauzi, eta flashbacken bitartez ikusten da hori». Lizarraldek dramaren arloan kokatu du obra, baina umore ukituak badituela aitortu du. Hala ere, etengabeko bidaia bat dela esan du: «Bidaia emozional bat da. Une batzuetan barre egiten duzu, eta beste une batzuetan, negar». Gogoeta egiteko parada bat dela ere ondorioztatu du: «Azkenean, emanaldia ikusi ostean, ohartzen zara gaixo gisa ikusi ohi ditugunak pertsonak direla, eta hori inportantea da. Sistemari buruz ere hitz egiten du; lehen sintomarekin hasten dira, eta zaintzen dituzten unera arte zenbat gauza egin eta zenbat ostikada eman behar dituzten ikusten duzu, zenbat oztopori egin behar dioten aurre».

Obraren ezaugarri bisualei eta teknikoei dagokienez, «bizirik» dagoen antzezlan bat dela azaldu du Lizarraldek. Zuzeneko lana grabazio batzuekin uztartzen da, eta irudi horiek «oso bereziak eta txundigarriak» direla esan du: «Une batean itsasertzean zaude, eta bat-batean logela batean... eta benetan magia hori lortzen dute irudiek. Gainera, bizkor-bizkor izaten da; toki batean zaude, eta gero bestean». Musikaren zama literarioa ere goratu du: «Oso giro desberdinetara eramaten zaitu».Datozen hilabeteetan antzoki ugaritan emango dute Igel euria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.