Bidaia bat lau mendean zehar

Bilboko Arte Ederren Museoak dohaintzan jasotako hamalau artelan berri aukeratu ditu, eta eraikin zaharreko areto batean ikusgai jarri. Obra multzo horrek hainbat garai, egile eta teknika jasotzen ditu

Man Ray argazkilariaren erretratua, Lee Miller argazkilariak egina, Bilboko Arte Ederren Museoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2022ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
«Bidaia du izena dohaintzan jaso dugun Albert Oehlen lanak, eta hori da artelanek eskaintzen digutena: bidaia bat artean barrena». Horrela aurkeztu ditu Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoaren zuzendariak jaso dituzten azken dohaintzak eta legatuak. Dietlind Kubeinen dohaintza da Oehlen lana, eta eraikin zaharreko Pedro Ikaza hallean ikus daiteke. Horrez gain, beste hamahiru lan aukeratu eta areto batean jarri dituzte ikusgai. Zugazaren arabera, bilduman dohaintzen eta legatuen bidez sartu diren obrak «%70 baino gehiago» dira.

Hainbat egileren obrak hautatu dituzte. Eta hainbat teknikarekin sortuak. Hala nola Oscar Alzaga bildumagileak dohaintzan emandako Jesus Herodesen aurrean koadroa, Giovanni Battista artistarekin lotura duena. «Alzagaren beste bi koadro ere jaso ditugu dohaintzan, baina, leku faltagatik, ezin izan ditugu hemen jarri: Giussepe Cesariren lan bat eta Corrado Giaquintoren beste bat», azaldu du Javier Novo museoko Kontserbazio eta Ikerketako koordinatzaileak. Eta gehitu du hiru lan horiek «bildumako esparru italiarra» indartzen dutela.

Alzagaren dohaintzez gain, Roland eta Pilar Fisherren hiru dohaintza ere jarri dituzte erakusketan. Eta Caylus galeriaren, Luis Alberto Garciaren eta beste bilduma partikular baten dohaintzak, bakoitzetik bat. Bidaia lana ez ezik, Kubeinen beste dohaintza bat ere badago ikusgai. Legatuak ere badituzte: Javier Mugarzaren lau eta Maria Luz Armentiaren bat.

Hainbat garaitako lanak bildu ditu erakusketak, XVII. mendetik hasita. Mende horretako adibide da Jacob von Sandrartek egindako grabatua. Johann Golling merkatari alemanaren irudi bat kopiatu zuen. Berezitasun bat dauka lanak: «Grabatuak bi edizio ditu; lehenengoan, Sandrarten sinadura besterik ez da agertzen; bigarrenean, ordea, Martin Amigo gasteiztarraren izena agertzen da sinaduraren gainean, estanparen oinarri den erretratu desagertuaren egile gisa».

XVII. mendetik XIX. mendera salto egiten du bildumak. Eduardo Zamacois eta Anselmo Guinea bilbotarren lanek bi hamarkadako tartea besterik ez dute. Zamacoisek Apain-mahaian margotu zuen 1863an. Guineak, berriz, Italiar emakume nekazaria 1885ean. Herbehereetako emakume baten erretratua da lehenengoa. Eta Italiako emakume batena bigarrena.

Artista bizkaitarrak alde batera utzi gabe, XX. mendeko lehen lana Ramon Zubiaurrerena da. Hain zuzen ere, zirriborro bat. Irteera margolana Buenos Airesko Arte Ederren Museoan dago gordeta, eta horren zirriborroa da Bilbon dagoena. Marinelei keinu egiten die lanak. Itsasontzi baten agurra irudikatu zuen Zubiaurrek; amarra askatzeko lanak, alegia.

Emakume artista bat

Ez dira denak margolanak: bi argazki ere jaso dituzte. Horietako bat Lee Millerrena da, erakusketan ageri den emakume artista bakarrarena. «Miller modeloa zen; hari egiten zizkioten argazkiak hasieran; horrela, teknikak eta konposizioak sortzeko ahalmena garatu zuen», adierazi du Miriam Alzuri museoko Arte Moderno eta Garaikideko kontserbatzaileak. Millerrek argazkilari izan nahi zuen, eta Parisera joan zen. Man Ray argazkilariari esan zion bere laguntzaile izan nahi zuela: «Rayk esan zion ez zuela inoiz laguntzailerik izan, eta Millerrek erantzun: 'Hemendik aurrera izango duzu'». Erakusketan Millerrek Rayri egindako argazkia ikus daiteke. «Miller, gainera, gerrako argazkilari izan zen, Bigarren Mundu Gerran». Beste argazkia anonimoa da, XX. mendeko lehen herenean egindakoa.

Mugarzaren legatuak dira Mark Tobeyren margolana, Jose Guerrerorena, Lucio Muñozena eta Bonifaciorena. Lehenengoak ez du zehaztua data. Beste hirurak, ordea, 1974tik aurrera sortutako lanak dira.

«Euskal artean oso ohikoak ez diren sexualitateak» irudikatu zituen Vicente Ameztoi donostiarrak 1980ko hamarkadan. Adam-Eva eta Eva-Adam koadroetan, «bi pertsona intersexual irudikatu zituen». Biak dira museoan.

Juan Carlos Egillor ere donostiarra zen. Eta ilustratzailea. El País egunkarian argitaratutako 37 marrazki aukeratu dituzte erakusketarako. 1977 eta 2007 bitartean egindako marrazkiak dira, eta garai horretako egoera politiko eta soziala islatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.