Quousque tandem abutere, Catilina, patientia nostra? (noiz arte abusatuko duzu, Catilina, gure pazientziaz?), esan zuen Zizeronek Lucio Sergio Catilina politikariaren aurkako diskurtso batean. Quousque tandem abutere izan zen Jorge Oteiza eskultoreak (Orio, Gipuzkoa, 1908-Donostia, 2003) 1963an idatzitako liburu baten izenburua ere. Horren harira, Zuk Performing Arts dantza konpainiak izen bereko ikuskizun bat sortu du. Konpainiako kideen esanetan, eskultorearen lana «dantzaren, gorputzaren, musikaren eta ikus-entzunezkoen» bidez gerturatzeko proiektua da. Joan den apirilean estreinatu zuten Altsasun (Nafarroa), eta Nafarroako beste lau herritan egin zituzten saioak. Orain, ordea, Altzuzan (Nafarroa) dagoen Oteiza museoan egingo dute emanaldia, artistaren urtemugatik gertu: urriaren 20an, 12:00etan —urriaren 21ean jaio zen—. Beste saioetan ez bezala, museorako bereziki sortutako muntatzea izango du emanaldi horrek. Sarrera doakoa da, baina aldez aurretik izena eman beharko da.
Nafarroako dantza garaikideko programari, DNAri, esker sortu zen proiektua, eta Itsaso Alvarez Canoren eta Mikel P.G.-ren eskutik. Lau dantzari arituko dira emanaldian: Itsaso Alvarez Garrido, Idoia Rodriguez, Amaia Martinez, Moises Gordo eta Diego Garrido. Hamar koreografiaz osatuta egongo da saioa. Dantzek iraun bitartean, zuzeneko musika —Silberius de Uraren eskutik— egongo da, eta ikus-entzunezko piezak proiektatuko dira.
Eskulturak eta audio grabazioak
Dantzariak Oteiza museoan astebetez aritu ziren sorkuntza prozesuan. Bertan artistaren hainbat grabazio entzuteko aukera izan zuten, eta horietako batzuetatik tiraka sortu dituzte dantzetako batzuk. Hain zuzen, pilotarien, bertsolarien eta eskultorearen beraren amaieraren inguruko audioak erabili dituzte. Pilotarien kasuan, Oteizaren ahotsa, eta Oihan Lerga pilotaria jokoan ari dela erakusten duten irudiak uztartzen dira Jai-Alai deitu dioten koreografian. Bertsoak zatian, berriz, dantzekin batera, Ekhine Zapirainek idatzitako eta Lide Arrietak kantatutako bertsoak emango dituzte ikus-entzunezko piezan.
Sortzaileen hitzetan, Quousque tandem abutere-k Oteizaren unibertsoan barrena bidaia bat proposatzen du; bai liburuan agertzen diren hainbat kontzepturi jarraikiz, bai haren eskultura garrantzitsuenetako batzuetan oinarrituz. Liburuan jasotzen den, eta ikuskizunera eraman duten elementuetako bat da «artzain politiko euskalduna»; Artzaia koreografian sortu dute horrela. Bertan, dantzari bakar batek parte hartzen du, artzain makila bat eskuetan duela. Dantzan ari den bitartean, Lesakako (Nafarroa) Agiña mendiaren inguruan grabatutako irudiak proiektatuko dituzte.
Euskal zentauroa izan da ikuskizunerako erabili duten obretako bat. Eskultura horri «bizia ematen» saiatu dira sortzaileak, izen bereko piezarako. Dantzarien jantzien bidez lortu nahi izan dute hori; Noemi Allok diseinatutakoak dira. Oinarri izan duten beste eskulturetako bat, Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa) dauden apostoluak dira. Arantzazun jartzeko zain, hamasei urtez lurrean egon zirela irudikatu zuten dantzariek, eta, horregatik, hari eskainitako koreografiaren zati handi bat lurrean egingo dute.