Bidaia bat haurtzarotik nerabezarora

Xabier Etxeberriak 'Txoria nintzela' ipuin bilduma argitaratu du. Haur izatetik nerabe izatera arteko bidea jorratzen du narrazioetan

Xabier Etxeberria, Txoria nintzela liburuaren aurkezpenean, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ /FOKU.
Nagore Arin.
Donostia
2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Luze idaztera ohituta dago Xabier Etxeberria idazlea (Zarautz, Gipuzkoa, 1974); oraingoan, baina, «txikira idazteko ahalegina» egin du. Gaurdaino, lau eleberri idatzi ditu bakarka, eta beste lau Martin anaiarekin batera. Txoria nintzela ipuin liburua da narratiba laburrean egin duen lehen urratsa. Atzo aurkeztu zuen lana, Donostian, eta alboan izan zuen Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editorea ere. Azken horren esanetan, liburu berria beste harri bat da Etxeberriaren bidean, baina badu berezitasun bat: «Lehen aldiz, narratiba laburrera egin du jauzi. Helduentzako narratiba da, ez da haurrentzat. Ipuin bilduma bat da, eta batasuna du».

Zazpi ipuin bildu ditu egileak liburuan, eta 1980ko eta 1990eko urteetan kokatu ditu. Haur talde bat da protagonista, aurrera egin ahala nerabe bihurtuko den haur talde bat. Idazlearen arabera, istorio guztiek lotura xehea dute: «Pertsonaia batzuk ipuin batean baino gehiagotan agertzen dira, errepikatu egiten dira, eta lotura dago pertsonaien artean; baina ipuin liburu bat da, eta istorioak independenteak dira». Txirikordatzen diren ipuin horien arteko loturari egin dio erreferentzia Mendigurenek ere: «Lehenengo ipuinean, mutil talde bat agertzen da; bigarrengoan, mutil horietako baten anaia; eta hurrengoan, beste ume horietako baten arreba. Hala, sarea zabalduz doa apurka-apurka».

Askotariko gaiak landu ditu lanean: identitate sexualaren aurkikuntza, haurtzaroko jolas ez beti inuzenteak, parrandak eta jaiak, adiskidetasunaren nondik norakoak, politikarengatik etsaitzen direnak eta abar. Mamia lantzeko soilik ez, istorio horiek idazteko erabili dituen estiloa eta erritmoa ere askotarikoak izan direla adierazi du idazleak: «Ez dute zerikusirik elkarren artean, ez narratiba aldetik, ezta estilo eta erritmo aldetik ere. Idazketa ere desberdina da ipuin bakoitzean, geure burua ez nazkatzeko eta irakurleak ez aspertzeko».

Azalaren diseinuak zazpi ipuinetako bati egiten dio keinu; liburuaren izen berbera duen ipuinari, hain zuzen ere. Xabier Sagasta marrazkilariak sortu du irudia, eta, editoreak adierazi duenez, bildumako ipuinik surrealistena irudikatzen du: «Ez da liburuaren tonua adierazten duen irudi bat, baina bada liburuaren pasarte bat, eta oso ederra». Izenburuak, bestalde, Imanol Urbietaren eta Joxantonio Ormazabalen kantu bati egiten dio aipu: «Izenburua lehendik pentsatua nuen. Kantu bat da, eta aipua Asiatik egina da: txoria nintzela, txoria nintzela / sinistu nuen, sinistu / amets polit hura, amets polit hura / gaur ere nahi nuke sinistu».

Haurtzaroko aberria

«Ez dakit nork esana den haurtzaroa dela guztien benetako aberria, eta hau aberritik kanpo idazten hasi nintzen, Irlandan nengoenean», esan du egileak. Bere haurtzaroa gogoratuz ekin zion liburua idazteari. Beharbada horregatik izan lezake «nostalgia puntu bat», baina, Etxeberriak adierazi duenez, nostalgia ez da ipuin bildumaren tonu orokorra: «Ez dut uste nostalgia liburu bat denik; tarteka ironiarekin, dramarekin, fantasiarekin edo magiarekin ere jolastu dut».

Xabier Mendigurenen iritziz, umorea da nagusi Etxeberriaren lan gehienetan, eta horrek definitzen du ondoen haren idazkuntza: «Umorea beti izaten du presente, eta normalean ironia erabiltzen du. Begirada zorrotza du, baina, aldi berean, begirada hori amultsua da, bai gizarteari baita gizakiari dagokionez ere». Mendigurenen aburuz, egileak istorioaren funtsean jartzen du arreta, eta ez du denbora galtzen apainkerietan: «Hizkuntzaren erabilera oparo, zehatza eta eraginkorra erabiltzen du: ez da luzamenduetan ibiltzen, eta istorioaren zerbitzura idazten du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.