Bidador kontatu, Bidador gabe

Joxemiel Bidador Iruñeko kultur sortzaile eta ekintzaile zena gogoratzeko, pastoral bat prestatu dute.Askotariko talde eta pertsonak batu dira, eta, oro har, Iruñeko euskaldunak omenduko dituzte

Ikuskizuna bultzatu duten elkarteetako ordezkariak eta lantaldekoak, atzo, Joxemiel Bidadorren omenezko pastoralaren aurkezpenean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
Iruñea
2015eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Hitz gutxitan deskribatzen zaila da Joxemiel Bidador (Iruñea, 1970-2010). Poliedrikoa da, askotariko aldez osatua. Besteak beste, historialaria, filologoa, dantzaria, ikertzailea, irakaslea eta idazlea izan zen. Kultur sortzaile eta ekintzailea, finean. Maitatua eta aitortua. Akaso horregatik, hil zenetik bost urtera, bera eta haren ekarpena goratu nahi izan dute inguruko lagunek. Bidadorren bizitza eta lana kontatuko dituen pastorala ondu dute horretarako. Eta, Bidadorren bitartez, «euskararen alde lan egin izan duten» iruindar guztiak omendu nahi dituzte. Pastoralaren izenburuak bildu ditu goraipatuak izango diren bi aldeak: Joxemiel Bidador, Iruñeko euskaldunak. Urriaren 10ean taularatuko dute ikuskizuna, Iruñean, Burgoen plazan.

Nafarroako hiriburuko lau elkarte —Euskaldunon Biltokia, Karrikiri, Zaldiko Maldiko eta Duguna— batu dira ahalegin horretan. Ingurura bildu zaizkie beste pertsona ugari, eta auzolanean ari dira ikuskizuna prestatzen. Kasurako: Jon Alonso idazleak prestatu du testua, Mixel Etxekoparrek kantuak eta Patxi Huarte Zaldieroa-k kartela. Asisko Urmenetak hartu ditu eszenografiaren ardurak eta Jose Angel Irigaraik egingo ditu aurkezle lanak. Pastoralaren errexenta edo zuzendari gisa Ihintz Iriarte eta Aritz Ibañez ibiliko dira, eta haien aginduetara izango dituzte hogei bat aktore eta hamar bat musikariren taldeak. Tuterako erraldoien konpartsak eta San Lorentzoko Dantzanteek ere —bi taldeetan ibili zen Bidador— hartuko dute parte ikuskizunean.

Atzo aurkeztu zuten pastorala, Iruñeko Karrikiri dendan, eta Jon Alonso obraren idazleak azaldu zituen egitasmoaren nondik norakoak. Esan zuenez, Bidador hil eta gutxira haren lagunak bildu, eta pentsatu zuten: «Inork Iruñean pastoral bat mereziko balu, Bidador litzateke pertsona hori». Ideia hori, ordea, tiraderan gorde zuten luzaroan, iazko maiatzean orain egitasmorako bildu diren lau taldeek Ederlezi pastorala Iruñean aurkeztu zuten arte. Hori ikusita, «bost urte lehenago esandako hori egingarria» zela erabaki zuten, eta hala hasi ziren lanean, testu zirriborro baten inguruan. Horri ekarpenak jasoz joan dira, behin betiko testua ondu arte.

Pastoral «berezia»

Alonsoren hitzetan, pastoral «berezia» izango da Bidadorri eskainitakoa. Zuberoako pastoral klasikoen «funtsa eta oinarria» izango du, baina harekiko«diferentziak markatuko» ditu aldi berean. «Pastoral mañueteroa» esaten diote antolatzaileek, oso Iruñekoa, nolabait.

Ihintz Iriart zuzendari zuberotarraren esanetan, «Nafarroan sortua den nafar pastorala» izango da. Baina ez du zalantzan jartzen pastorala denik: «Zuberoatik baten bat ikustera etorriz gero, nahiz eta guk pastoral izena jarri izan ez bagenio, esanen luke: 'Hau pastorala da'». Hain zuzen ere, Zuberoako pastorala ez bada ere, pastoral klasikoaren oinarrizko ezaugarriak izango ditu ikuskizunak: antzerkia, kantua, musika eta dantza uztartuko ditu, kanpoan, kalean eskainiko da, eta koplaka kantatua izanen da. Ohi den gisara, bi talde antagoniko osatuko dituzte aktoreek, eta elkarrekin landuko dituzte Bidador eta Iruñeko euskaldunen historia. Iruñerrikoak eta amateurrak izango dira aktore guztiak, eta horregatik izango da, Iriarteren hitzetan, «herri antzerkia».

Pastoraleko pertsonaia nagusi edo sujeta, noski, Joxemiel Bidador bera izango da. Iriartek azaldu zuenez, erlijiotik eratorriko pertsonaiak izan ohi dira pastoraletako protagonistak. Baina azken urteetan, ordea, «euskal pertsonaia garrantzitsuak» antzeztu izan dira. «Eta nola Joxemiel Bidador Euskal Herriko pertsona nagusi bat den, logikoa da beretzat pastoral bat izatea». Berezitasuna, ordea, zera da: Bidador bera ez da antzeztua izanen, Iriartek dioenez, harena «oso istorio freskoa, gaurkoa» baita, eta, beraz, «bortitzegia litzateke pertsonifikazio hori agertoki gainean egitea». Horren ordez, «lagunek kontatua» izanen da presente Bidador. «Fisikoki pertsonifikatu gabe, baina han izanen da haren arima». Bidador kontatuko dute, beraz, baina Bidador gabe.

Sortzailea goratzeaz gain, ikuskizuna «Iruñean euskal arloan dagoen mugimendu handi eta sortzailearen erakusgarri» izatea nahi dute, Kike Diez de Ulzurrun antolatzailearen hitzetan. «Ekitaldi guztiz herritarra» izanen da, «dirua ateratzeko asmorik gabekoa». Halere, ikuskizunak dakartzan gastuei aurre egiteko, finantzbideak jarriko dituzte martxan. Besteak beste, pastoraleko zapia eta liburuxka salduko dituzte, hala nahi duenak proiektua diruz lagundu dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.