Ia 200 irakurlek osatzen dute 111 Akademia, eta ia 200 irakurle horiek hautatuko dute zein den 2023ko libururik onena. Karmele Jaioren Maitasun kapitala eta Eneko Bidegainen Bichta éder eleberriak dira 111 Akademiaren Saria jasotzeko azken bi hautagaiak, eta, beraz, bi horien artean zein saritu hautatu beharko dute orain ia 200 irakurle horiek.
Bi bozketa txanda egin dituzte. Urtarriletik otsailera bitartean egin zuten lehena, eta orduan ere, Bidegaineneta Jaioren lanek jaso zituzten boto gehien, Juan Kruz Igerabideren Ura saltokalanarekin batera. Hiruretako bakarrak ere ez zuen botoen %30en langa gainditu, ordea, eta, horregatik, botoetan berdindutako beste lau lan ere sartu zituzten zerrendan: Castillo Suarezen Alaska, Oihane Amantegiren Cayo Hueso, Josebe Blancoren Hausnarrean eta Miren Agur Meaberen Itzulerak.
Haien guztien artean Jaioren eta Bidegainen eleberriak hautatu dituzte akademiako kideek bigarren bozketan. Eta paretsu joan dira emaitzak. Bietako bakarrak botoen %40 bereganatuko balu, zuzenean, hura izango bailitzateke 2023ko sariduna. Kopuru horretara iristen den lanik ez denez egon, ordea, apirila amaiera arteko epea izango dute akademiako kideek bata edo bestea hautatzeko, eta lan horrek jasoko du saria.
Jaioren liburua hautatuko balute, hirugarren 111 Akademia saria izango luke idazleak, 2006an Amaren eskuak eleberria eta 2019an Aitaren etxea ere saritu baitzituzten.