Bi urtez geldituko dute Urdaibaiko Guggenheimen proiektua

Bilboko Guggenheim museoko patronatuak hausnartzeko denbora hartuko du, Urdaibaiko proiektuarekin aurrera jarraituko ote duen erabakitzeko.

Joan den urriaren 28an Urdaibaiko Guggenheimen aurka egindako protesta, Gernikan. ALEX URIARTE / BUSTURIALDEAKO HITZA
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko urtarrilaren 22a
20:00
Entzun

Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi duenez, Guggenheim museoaren patronatua osatzen duten kideek «hausnartzeko tarte bat» hartuko dute, Urdaibain egitekoak ziren museoaren proiektuarekin zer egin erabakitzeko. Bizkaiko diputatu nagusi Elixabete Etxanoberekin izandako bileraren ostean eman du lehendakariak erabakiaren berri.

Museoko patronatua EAEko instituzioek eta Guggenheim fundazioak osatzen dute. Guggenheim fundazioko New Yorkeko zuzendaritzan, aldaketa prozesu batean murgilduta daude. New Yorkeko zuzendaritzak akordioa du Bilbokoarekin, eta, beraz, eragina du Bizkaiko museoko erabakietan.

Aurreikuspenen arabera, ekainetik aurrera hartuko dute New Yorkeko kudeatzaile berriek Bilboko fundazioa kudeatzeko ardura. Organo berri horrek erabakiko du zer egin proiektuarekin. Abenduan egindako bileran, patronatuak erabaki zuen zuzendaritzako aldaketek iraun bitartean tarte bat hartuko zuela 2024. eta 2025. urteetan proiektua «bideragarria» ote zen erabakitzeko.

«Asko» dago hausnartzeko, Urkulluren ustez: «Baina oraindik ez dugu erabakirik hartu». Etxanobek gogoetatzeko denbora horren garrantzia azpimarratu duen arren, iragarri du bitartean «lanak aurreratzen» jarraituko dutela. Aldaketa urbanistikoen alorrean aurreratuko dituzte lan horiek, eta erantsi du kontuan hartuko dutela inguruko herritar eta kolektiboek eskatzen duten parte hartzea, baina ez du aurreratu nola egingo duten hori.

Helegitea Auzitegi Nazionalean

Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektuan bi eraikin aurreikusten dira: bata Muruetako ontziolan, eta bestea Gernika-Lumoko Dalia lantegian. Horrez gain, bi eraikinak lotuko dituen bide berde bat egin nahi dute, bost kilometro ingurukoa. Guggenheim Urdaibai Stop plataformak Espainiako Auzitegi Nazionalean helegitea jarri du Espainiako Gobernuak joan den urriaren 19an hartutako neurriaren harira. Murueta ontziolaren kostako babes eremua 100 metrotik 20 metrora jaitsi du neurri horrek. Plataforma horren esanetan, erabakia «interes orokorren eta ingurumen interesen aurkakoa» da.

Azaroaren 21ean jakinarazi zuen Espainiako Gobernuak Urdaibaiko itsasertzaren babes eremua murriztuko zuela. Kosta Legeak, hain zuzen, Muruetako eremuan itsasertzetik 100 metro baino gutxiagora eraikitzea eragozten zuen. Ebazpenak urriaren 19ko data zuen arren, Urdaibai Stopek salatu zuen erabakia lehenagotik hartuta zegoela, «Urdaibaiko Guggenheimen proiektua prestatzen ari diren sukalde berean».

Hori zen Urdaibaiko Guggenheim eraikitzeko traba nagusia. Leixuri Arrizabalagak, Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak, zera adierazi zuen babes eremuaren aldaketaren berri izatean: «Berri ona da, erakusten baitu proiektua aurrera doala eta aurreikusitakoaren arabera garatuko dela».

Gainera, Guggenheim Urdaibai Stopeko kideek adierazi zuten Kostaldeko eta Itsasoko Zuzendaritza Nagusiak txostenak eskatu zizkiela babes eremua kudeatzeko ardura zuten erakundeei, baina erakunde horiek ez zutela dokumenturik aurkeztu. Muruetako Udala, Uraren Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Saila dira erakunde horiek. Urdaibai Stopen susmoa zen eremu hori urbanizagarritzat jotzen duen udal plano bat izan zela aldaketa egiteko aintzat hartu zuten agiri bakarra.

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioak esan zuen proiekturako 40 milioi euro jarriko zituela, hura aurrera eramateko. Kopuru hori EAJk eta Espainiako Gobernuak adostu zuten 2022an, 2023ko aurrekontuak babestearen truke. Eusko Jaurlaritzaren aurtengo aurrekontuetan ere lau milioi euroko diru sail bat agertzen da horretarako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.