DURANGOKO 45. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA

Bi txinaurri azokan

Elkar diskoetxeko arduraduna bata, Bidehuts kolektiboko kidea bestea. Anjel Valdesek eta Asier Zuluetak talaia ezberdinetatik bizi dute azoka

gorka erostarbe leunda
Durango
2010eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Aurpegiera nekatua dute. Gaueko 22:00etarako seko lo egoten omen da Anjel Valdes. Bezperan Audience eta Atom Rhumbaren kontzertuarekin gozatu izanak izango du eraginik Asier Zuluetaren unaduran. Baina, batez ere, azokaren eguneroko jardunak nekatzen ditu. «Ordu asko dira zutik», zehaztu du Valdesek. Baina, era berean, biak ala biak dira jakitun egin beharreko lana dutela eta poztasuna ere ematen duela egindako lanak bere fruituak ematen dituela ikusten denean, «esaterako, jendea lan bati buruz galdezka interes biziz datorkizunean edo produktu batekin asmatu duzula ikustean».

Musika dute pasio, musikak bizi ditu, nahiz eta bietako inork ez izan musika bizibide. Elkar diskoetxeko arduraduna da Valdes. Bidehuts kolektiboko kide Zulueta. Tradizio klasikoko diskoetxe bateko kidea bata; autoerakuntzatik abiaturiko musikari lagun talde baten partaide bestea. Desberdintasunak agerikoak dira. Azokan bertan batak zein besteak hartzen duten hedadura horren erakusle da. Aurrez aurre dira Elkarren dozenatik gorako erakusmahaiak eta Bidehutsen bakarra. Baina musikarekiko zaletasunak eta jendearengana iristeko nahiak batzen dituzte bien proposamenak, baita bestelako zubiek eta harreman pertsonalak ere. Aurten asko eta asko joan omen dira Elkarren erakusmahaira Mikel Laboaren omenezko Txinaurriak diskoa eskatzera. Eta Valdesek gustura asko bidali ditu Bidehutsen erakusmahaira. «Jendeak Mikel Laboa Elkarrekin lotzen du, gure katalogoan bere lan asko eta asko daudelako. Bidehutsek oso lan ederra egin du disko horrekin, eta oso polita da jendea guregana etortzea diskoaz galdezka, eta oso polita da guk esatea pareko erakusmahaian aurkituko dutela». Filosofiak filosofia, bi txinaurri dira azokaren barruan, musikaren bi langile amorratu.

Aspalditxotik elkar ezagutzen dute Valdesek eta Zuluetak. Esan Ozenki diskoetxe mitikoan ibilitakoak dira, nahiz garai desberdinetan izan. IZ diskoetxean lan egin ondoren, Esan Ozenkin sartu zen buru-belarri Valdes, eta 1994ra bitartean iraun zuen. 1997an sartu zen Irungo diskoetxean Zulueta. Orduz geroztik, han hemenka egin izan dute topo. Baita Durangoko Azokan ere.

Hogei urtetik gora

Lehenago ezagutzen bazuen ere, «Andra Mari elizaren arkupeetan egiten zenean», lanera duela 23 urte etorri zen aurrenekoz Valdes. «Hasiera guztiak bezala traumatikoa izango zen, ez naiz oroitzen. Ni beste mundu batzuetatik nentorren, eta segituan moldatu behar izan nuen, produktu bat dakarzunean ardura izaten baita». Merkatu Plazan egiten zenean etorri zen aurrenekoz azokara Zulueta, duela hogei urte inguru edo. Gogoratzen du BAP!! disko bat aurkeztera zetorrela eta, horrez gain, erabat «ezjakin» etorri zela euskal egile eta musikariei dagokienez. «Mikel Laboa eta Itoiz ezagutuko nituen, ez askoz gehiago».

Nor bere etxeko egitura, funtzionamendua eta filosofia desberdin dela aitortuta, batez ere xede batek uztarri berean jartzen dituela ere badakite. «Hona datorrenak bere produktua edo lana jendearengana iristea nahi du»,dio Zuluetak. Valdesen hitzetan, bitartekaritza lana dagokie. «Artista eta publikoaren arteko zubi lana egiten dugu. Hori egiteko modu eta ikuspegi desberdinak egon litezke, baina asmoa garbia da. Eta gure kasuan, ikuspegi enpresarial batetik, oso garrantzitsua da intuizioarekin asmatzea. Intuizioa ez da bakarrik sortzeko talentuarekin loturiko dohain bat, baizik eta aukerak eta publiko nahiz joera posibleak aurreikusteko kapazitatea izatea». Zuluetak, berriz, garbi du eurak ez direla enpresa eta filosofiaren bat izatekotan taldeak berak markatzen duela: «Guretzat garrantzi erabatekoa du taldeak nahi duena agertzeak. Horregatik, diseinuak eta diskoak berak objektu gisa garrantzia du». Bidehutsek egindako apustua «ederra» dela dio Valdesek.

Etorkizunari gehiegi ez erreparatzearen aldeko hautua egiten dute biek, krisi garaiak diren arren. «Guk ez dakigu hurrengo urteko azokan izango garen ere. Gure kolektiboko taldeen martxak esango digu hori», adierazi du Zuluetak. «Unean unekoa egin behar dugu, eta beti aurrera jo. Ez zait gustatzen krisi garaiak direla-eta beti negarrez aritzea. Krisiak beti egon dira, eta aurrera egin behar da», egin du arrapostu Valdesek. Biak ere txinaurrien pare musikaren inguruan lan egiten jarraitzeko prest, hala ere.





Zea Maysek disko berriko 70 ale gorde ditu gaurko

MUSIKA. Bilboko taldea Bonberenea Ekintzak zigiluaren mahaian ari da saltzen berriki argitara emandako diskoa, Era izenburuko lana. Espero baino ale gehiago eskuratu dituzte zaleek, eta atzo 70 disko apartatu behar izan zituzten, gaur zer saldu izateko.





Gaur goizean jokatuko daJoseba Jaka lasterketa

LITERATURA. Egunero izan da azokan Jon Arretxe idazlea, Ereinen mahaitik Elkarrenera, argitaletxe biekin kaleratu baititu lanak azkeneko urteetan. Gaur goizean, baina, azoka utzi eta Joseba Jaka herri lasterketan parte hartuko du, urtero legez. Sari banaketa ekitaldia Plateruenan izango da, 13:00etan.





MusikHerriako taldeohien lanak, euro batean

MUSIKA. MusikHerria herri diskoetxeko kide izan diren eta dagoeneko ez diren edo besterik gabe desegin diren taldeen lanak daude salgai azokan. Ez, ordea, MusikHerriaren mahaian. Parean, erosketetarako gurdi horietako bat paratu dute, eta han dituzte ehunka bat ale, guztiak ere euro batean.





Gatibu, Sarrionandia eta Izagirreren aurkezpenak

AHOTSENEA. Gaur itxiko ditu ateak, azokarekin batera, Ahotsenea guneak. Azken egunean ere hainbat aurkezpen hartuko ditu. Besteak beste, Jon Benitok eta Koldo Izagirrek beren lan berriak aurkeztuko dituzte, eta Pamielak Joseba Sarrionandiarena. Zain, Une, Seiren eta Sarkor taldeen musika entzuteko aukera izango da, eta Gatibuk eta Mendeku Itxuak beren diskoez hitz egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.