Bi sororen arteko zurubi

Gonzalo Etxebarria margolariak 'Txakostian' erakusketa jarri du Donibane Lohizunen abenduaren 22ra arteBilboko Iparragirre karrikatik Zuberoara egin ibilbidea irudikatzen du lanak

Gonzalo Etxebarria Donibane Lohizuneko La Rotonde aretoan; margolanak espresuki erakusketarako ditu pentsatuak. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Donibane Lohizune
2013ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Bi sororen arteko hesian xeilak diren bezala, arteetan zurubi txikiak ere aurkitu daitezke zerraduren alde batetik bestera pasatzeko. Txakostia deitzen zaio zurubi horri zubereraz. N bat gehitu hitzari, eta hortxe, Txakostian, abenduaren 22ra arte Donibane Lohizuneko Ravel plazako La Rotondeko erakusketaren izena. Gonzalo Etxebarria artistarena (Bilbo, 1953). Bere ibilbide pertsonala irudikatzen duen erakusketa, txakostian hitzak laburbildu dezakeena: «Hegoaldetik jina iparraldera. Ez dut erran nahi erdian naizela, baina hori da, pasaia bat. Hori zen ideia».

Bakarka egin dituen erakusketen artean, azken urteetako erakusketa garrantzitsuenetako bat da Donibane Lohizunekoa, jakinez aurten margotu obrak dituela zintzilikaturik bertan, bakar bat salbu. Guztiak espresuki egokituak erakustokiko murru borobilduari. Borobilak berez ez hasierari ez bukaerarik ez badu ere, erakusketa haren ibilbidearen haritik segi daiteke: Bilboko Iparragirre kaletik abiatu eta Zuberoako paisaietara doan ibilbidea, gaurko babestoki duen eremura.

Hor dago Iparragirre obra, Bilboko Iparragirre kalearen izena hartzen duena. Luzaz haren bizitoki izan zen karrika. Margolanean, zuri, aireko espazio bat agertzen da, eta erdian, kolore biziz margotu forma bat, presentzia bat bezala ikus daitekeena: «Berak badu natura barnean».

Hortik, margolanen bidaiari segituz, koloreek pertsonaietatik jalgi eta inguruko kolore argi zuri aire hori bustitzen bezala ikusi daiteke, Iparragirre karrikatik Zuberoara doala bidaia. Paisaia gaina hartuz doa, nahiz eta karratua beti presente izan. Ez da behin ere arrunt desagertzen. Karratua, Bilboren antzera: «Konturatu naiz Bilbon dena dela karratua, salbu Guggenheim». Karratua, beti hor, Etxebarriak berak bere baitan bizi duenaren adierazle: «Gero eta haboro sartzen ari naiz beste espazio, beste dialektika batean. Ari naiz kanbiatzen. Baina beti zati hiritar bat badut, bortxaz». Ez dira biak oposizio zehatz batean ere. Paisaietan hiriaren arrastoak gelditzen diren bezala, hirian ere natura beti hor dagoela azpimarratu du Etxebarriak, Bilbon mendia dagoen bezala: «Beharbada hiritarrak ez dira gehiago konturatzen, baina hor da. Horretarako nahi nuen nahasketa hori egin».

Paisaien artean, totem itxurako bi pertsonaia daude, elkarren oposizioan bezala. Biek burua molde figuratiboan margotua dute. Hauetako bat: «Pentsatzen ari da, meditazioan edo. Testuinguru horretan, paisaien artean, behar nuen humano bat agertzea». Bigarren totema, berriz, pasibotasunean murgildu aitzinekoari oposizioan bezala ageri da. Eta gero, bada ere, erakustokiko borobilaren erdian, sartzeari bizkarrez, Iheslaria izeneko margolana, hori ere haren ibilbidearen lekuko. Hiri batetik jalgitzen den iheslari bat ikus daiteke hor.

Halere, margolanak abstraktuak direla-eta, artistak argi utzi nahi du bakoitzak nahi duen erara interpreta ditzakeela: «Margoa ez da anekdotikoa, ilustratiboa; justu, ideiak dira».

Obsesioak, beti berak

Erakusketa osatzeko, duela bost bat urte margotu margo luze bat ere jarri du: «Plastiko mailan, testuinguru horretan, bere lekua baduela konturatu naiz. Nahiz eta aspalditik egina izan». Azken finean, «sorkuntzako obsesioak beti berak» direla dio artistak. «Pinturan beti saiatzen naiz gauza oso arrazionalista, oso karratuak diren elementu batzuk sartzen, eta ondoan oso kaotikoak eta oso organikoak direnak. Eta biekin oreka bat aurkitzen. Hori da betiko ideia, metafora. Hiria eta kanpoa, basatia eta arrazionalismoa, organikoa eta arrazionalismoa». Baina aldi berean, beti gauza bera egiteko joerari ihes egin nahian dihardu Etxebarriak. Denborarekin, esperientziarekin, margotzea gero eta zailago egiten zaiola dio. Fama bat lortua badu ere, eta La Rotondeko erakusketa horren seinale bada ere, hark esperimentatu nahi du: «Tronpatuz eta, beti saiatzen naiz». Gauzak saiatzea zaio inportantena: «Pentsatu gabe: 'Hau ongi delako horrelako hamar mila eginen ditut'. Ene pretentsioa da ebaluaketak egitea. Nahiz eta gero beti gauza bera agertzen den. Baina pentsatzea gauzak ezberdin direla».

Eta gero, badira erakusketan agertzen ez diren obrak ere. Artistak egin dituenak, baina azkenean ez sartu. Michel de Jauregiberri arte bildumazaleak zion bertan erakusketa baten osatzeko proposamena egin. Eta hark baietza eman. Eta buruan zuen La Rotonde erakustokiko borobil hori Etxebarriak, baina behin bertaraturik, ohartu zen margolan gehiegi egin zituela. Borobil handi hori ez zela hain handi. Zortzi bat kendu behar izan ditu, bestela «sobera kargatua» izanen zelako erakusketa. Azkenean, eszenografiaren garrantzia azpimarratzen dute falta diren margolan horiek: «Gero eta haboro konturatzen naiz eszenografia dela kasik memento inportanteena. Egitea bat da, baina gero horiek nola pausatu... Dena kanbiatzen ahal da. Dena ezarri baldin banuen, kaotikoegia izanen zen. Ez zen batere deus agertuko. Irakurketa hilen zen. Nik beti kendu nahiago dut. Orekatzeko, erritmoa errespetatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.