Literatura

Bi nobela berri bakar batean

Jon Alonsok 'Carvalho Euskadin' nobela plazaratu du. Manuel Vazquez Montalbanen pertsonaia maileguan hartu, eta bigarren nobela bat irakur liteke nobelaren barruan

Jon Alonso
Jon Alonso idazlea, atzo, Donostian, Carvalho Euskadin eleberria aurkeztu berritan. JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2023ko azaroaren 17a
05:00
Entzun

Itzulpenak eta saiakerak ere badituen arren, idazle gisa eleberrigintzan egin du biderik nabarmenena Jon Alonsok (Iruñea, 1958). Hain zuzen, zortzigarrena du Carvalho Euskadin (Susa), eta izenburuari igar dakiokeenez, Manuel Vazquez Montalban idazle katalanak sortutako Pepe Carvalho detektibeaz baliatu da nobela ardazteko.

Liburu honetan bi eleberri aurkituko ditu irakurleak. Edo, hobeki esan, eleberri bat beste baten barruan, eta bi horietako baten egilea, fikzioan bederen, ez da Alonso izango. Susa argitaletxeko editore Leire Lopez Ziluagaren hitzetan, halere, goraipagarriena ez da zer egin duen, nola baizik, «jolas literario horrek, hau da, beste idazle baten pertsonaia hartu eta hark asmatu ez zuen istorio bat sortzeak alegia, zentzua izan dezan, pertinentea izan dadin».

Ikusi gehiago:Liburu aurrerapena: 'Carvalho Euskadin'

Nobeletako batek edo hari nagusietako batek 2016ra jotzen du, eleberri baten lapurreta kontatzeko. Sanchez Godin izeneko intelektual batek Montalbanen nobela argitaragabe bat aurkitu du, eta dirutza kobratu ostean, Nafarroako gobernu berria Iruñean antolatutako kultur jardunaldi batean aurkeztera doala, ostu egingo diote. Enekoitz Ramirez Lanbas ikertzaile pobretua eta prekaritatera ohitua Jon Alonsoren nobela beltzetan dagoeneko ezaguna den pertsonaia kontratatuko dute nobela berreskura dezan, eta, azkenik, aurkitu egingo du. Pieza ostuak Carvalho Euskadin du izenburua, eta izatez, euskarara itzulitako bertsioa da. Horra, beraz, jolas metaliterarioaren oinarria.

«Denok ditugu erreferentziak, baina nobelako desagertuak ez du ikustekorik egiazko kasuekin».

Jon AlonsoIdazlea

Nobela barruko nobela hori osorik irakur liteke, eta liburuaren zatirik handiena hartzen du. Pepe Carvalho protagonistak, Guadalupe Agirre euskal enpresariaren enkarguz, Kokotxa euskal militante politiko desagertuaren azken neska laguna aurkitu behar du, kasua behingoz argitzeko lagungarri izango delakoan. Detektibeak Donostiara joko du horretarako, eta han Kokotxak bere militantzian izandako kideak, haien bilakaera politiko gorabeheratsuak, enpresarien eta politikarien arteko loturak, esan gabekoek eragindako susmoak eta abar ezagutuko ditu.

«Pentsa liteke Montalban izatera jolastu dela Alonso», esan du Lopez Ziluagak, «baina Carvalhoren nobela txertatzeko moduak, dena koska bat gehiago estutu eta beste zerbait bihurtze horrek, guztiz alonsotar bihurtzen du lana». Idazle katalanari merezitako gorazarrea eskaintzeko bidea ere badela azaldu du.

Trilogia baten azkena

Alonsok nobelaren genesiari heldu, eta ideia 1995ean abiatu zela azaldu du. Katebegi galdua (Susa) nobela aurkeztu orduko eta hasiberriaren ilusioaz, «bost urtean trilogia bat eginen dut, di-da», esan zion Susako orduko editore Gorka Arreseri. Hiru momentu hartuko omen zituen horretarako: lehena Erdi Aroa Katebegi galdua XVI. mendean dago kokatuta, bigarrena frankismoa eta hirugarrena trantsizioa. «Bost urte izango zirela esanagatik ere, bigarren liburua heldu zenerako, jada zortzi joanak ziren», Alonsoren hitzetan. Trilogiaren bigarrenak, hain zuzen, Hodei berdeak du izenburua eta 2003an eman zen argitara.

Hirugarrenari azkar batean heldu nahi, baina «trabatu» egin zela argitu du. Ordurako bazuen desagerketaren ideiari heltzeko burutapena, baina ez zekien justuki nola: «Saio batzuk ere egin nituen, horietako bat 100 orrialdetik gorakoa, baina tiraderan gelditu behar izan zuen, enfoke txarra zuelako, eta hortik ez zegoelako aurrera egiterik».

Buelta asko eman zizkion gaiari. Trantsizioko nobela politikoetan idazle eredugarria zein ote zitekeen galdegin zion bere buruari, «eta, bistan da», Montalban etorri zitzaion gogora; Asesinato en el comite central (Planeta, 2007) nobela, Pepe Carvalhok Alderdi Komunistako idazkari nagusiaren hilketa argitu beharko duenekoa, aipatu du adibide gisa. Azkenean, «pertsonaia maileguan hartzea» erabaki zuen.

Montalbanen estiloa imitatzea zaila den arren, euskaraz egitea sinpleagoa dela iritzi dio Alonsok. Sinesgarritasuna irabaz dezan eta «Carvalho detektibea benetan Carvalho izan zedin», idazleak sarri errepikatzen zituen esakuneak txertatu ditu. Esate baterako, «Bizitzan garrantzitsuena fakturak ordaintzea eta hildakoak lurperatzea da».

Kokotxaren desagerketa dela eta, «erabateko fikzioa» dela ohartarazi nahi izan du Alonsok: «Denok ditugu erreferentziak, baina nobelako desagertuak, haren familiak, lagunek nahiz inguru horretan ageri diren beste pertsonaiek ez dute inolako loturarik egiazki gertatutako kasuekin».

Elkartasuna Mikel Antzari, «lan egitea debekatzeagatik»

Liburuaren aurkezpenekoa Mikel Antzari elkartasuna adierazteko baliatu nahi izan du Jon Alonsok. Nafarroako bost herritan udal irakurle taldeak dinamizatzeagatik salatu du Covite elkarteak, eta, azaldu duenez, hori dela eta, Nafarroako Gobernuak «lan egitea debekatu» dio: «Kondena hori jarri dio gobernu batek, ez fiskaltzak aginduta, jende multzo batek eskatuta baizik». Alonsoren ustez «injustua eta arbitrarioa da», eta elkartasuna transmititzeaz gainera, gizartearen erantzuna espero duela azaldu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.