Kukai taldeak bi sari jaso zituen herenegun iluntzean Bartzelonan, Espainiako arte eszenikoen XVIII. Max sarietan, Gelajauziak ikuskizunarengatik. Batetik, dantza antzezle talde onenaren saria eman diote —Alain Maia, Eneko Gil, Ibon Huarte, Jon Maia eta Urko Mitxelena izan dira dantzariak—; eta, bestetik, Sabin Bikandik musika konposiziorik onenaren saria lortu du, aipatu obrarako osatutako musikarengatik —Xabier Erkiziarekin batera landu zuen partitura—.
Barts aretoan egin zen gala, eta saria jaso ondoren, hau adierazi zuen Jon Maia Kukaiko zuzendariak: «Harrituta eta kitzikatuta bezala, oso pozik nago. Batez ere saria kolektiboa delako eta Kukaik asko duelako horretatik». Bi ekarri dituzte etxera, baina taldea, gainera, beste hiru mailatan zen irabazteko hautagaia: dantza ikuskizun onenarenean, arte eszenikoetako ekoizpen pribatu onenarenean eta koreografia onenarenean.
Cesc Gelabert koreografo kataluniarraren omenez jarri zioten Kukaikoek Gelajauziak izena ikuskizunari, hark sortu baitzituen, hain zuzen ere, koreografia guztiak. Mundu osoan dantzan ibilia da Gelabert, eta, New Yorken eta Berlinen koreografo lanetan ibili ondoren, Gelabert-Azzopardi konpainia sortu zuen 1985ean. Euskal Herriko dantza taldeen erro tradizionalak errespetatu eta horiek oinarri hartuta, bere estilora ekarri zituen. «Taldea sortu genuenetik, elkarlanean aritzea izan da gure helburu nagusietako bat, eta ohorea izan da Cescekin [Gelabert] lan egitea. Gure estiloaren abiapuntu den euskal dantza tradizionala hartu du koreografia egiteko oinarri, eta dantza horien balio sozialak azpimarratu ditu», nabarmendu zuen Maiak iazko maiatzean, ikuskizuna estreinatu aurretik.
2013ko Donostiako Dantza Hirian jaialdian dantzatu zuten, estreinakoz, zati bat —Kolonbian egindako bira batean gauza bera egin zuten—, eta iazko maiatzean izan zen erabateko estreinaldia, Leioako Umore Azokan (Bizkaia).
'Cuando deje de llover'
Kukaik Max artista berri onenaren saria jaso zuen 2009an, Ttanttakarekin elkarlanean eginiko Hnuy Illa lanarekin, eta 2003an finalista izan zen, 1937, gogoaren bidezidorretatik lanarekin.
Aurtengo sariketari dagokionez, Cuando deje de llover obra nabarmendu da, sari garrantzitsuenetako hiru bereganatu baititu: eszenako zuzendaritza onenarena (Julian Fuentes Reta), emakumezko aktore protagonista onenarena (Susi Sanchez) eta antzerkiko ikuskizun onenarena.
Bi Max sari jaso ditu Kukai konpainiaren 'Gelajauziak' ikuskizunak
Dantza antzezle talde onenaren saria eman diote, batetik, eta Sabin Bikandik musika konposizio onenarena irabazi du, bestetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu