Bi kultur mundu joan-etorrian

Etxepare Euskal Institutuak Flandria-Euskadi kultur trukerako plana aurkeztu du 2023-2024rako

Flandria-Euskadi kultur programa sustatzen duten erakundeetako ordezkariak, Donostiako Tabakaleran. JON URBE / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Etxepare Euskal Institutuak Vlaanderen-Baskenland edo Flandria-Euskadi kultur trukerako egitasmoa aurkeztu du. Euskal kultura nazioartean ezagutarazteko Etxepare Euskal Institutuak sustatutako programak tokiko hamaika eragile eta sortzaileren parte hartzea izango du. Arte eszenikoak, musika, arte plastikoak eta ikusizkoak, literatura eta beste hainbat alor uztartuz sortu dute egitaraua. Dagoeneko abian da, baina 2024. urtean ere jarraipena izango du programak. Joan-etorriko egitaraua osatu dute, eta bi helburu izango ditu: batetik, kultur eragileak elkartzea, esperimentatzea eta elkarrengandik ikastea; bestetik, bi lurraldeetako sorkuntzaren kalitatea eta izaera berritzailea plazaratzea eta kultur proposamenak lankidetzan garatzea.

Kultura, sorkuntza garaikidea eta hizkuntza hartu ditu ardatz institutuak diziplina askotarikoen eskaintza zabala programatzeko. Halaber, kultur eragileen arteko lankidetza eta artisten, sortzaileen eta kultur industrien sarea sustatzeko ere lanean aritu dira. Kultur egitasmoa bi urteren buruan bi lurraldeen artean landutako harremanaren emaitza da.

Joan den maiatzean, esaterako, Flandriako eta Euskal Herriko kaleko artearen inguruko Binded Bodies topaketa profesionala egin zuten. Flandriako Leuvenen eta Leioako (Bizkaia) Umore Azokan aurkeztu zuten.

Artisten egonaldiak

Donostiako Tabakalerak eta Anberesko Morpho zentroak artisten egonaldietarako deialdia ere jarri zuten martxan. Euskal Herriko artista bat eta Flandriako artista bat aukeratu zituzten, aurten hiru hilabeteko egonaldia egiteko. Hautatutako euskal artista Gala Knoerr da, Passion Social Club proiektuarekin, eta abuztuan hasiko du egonaldia. Lore Stessel artista flandriarrak, berriz, Bilboko Azkuna zentroa bisitatu zuen, eta Prototipoak 2025 Arte Forma Berrien Nazioarteko Bienalean erakutsiko du Baskenland izeneko proiektu bisuala.

Halaber, Anberesko LLS Paleis eta Bilboko ANT espazioek truke artistikoa sustatuko dute Antwerpen Bilbao: Itzulera guztiak! proiektuarekin. Bi hirietan beren obren gaineko ekitaldi bana egingo dute Taxio Ardanaz, Justine Grillet, Amaia Molinet, Leire Muñoz eta Rik van Gorp artistek.

Dance and Community egitasmoak, berriz, Bruselako Molenbeek eskualdearen eta Errenteriaren (Gipuzkoa) arteko antzekotasuna du abiapuntuan. Biek dute zentro koreografiko bat: Ultima Vez lehenak, eta Dantzaz bigarrenak. Elkarren metodologiak landu ostean, argitalpen bat egingo dute prozesu horiek eta lortutako emaitzak beste kultur erakundeekin partekatzeko.

Udazkeneko egitaraua

Irailean hasi eta datorren urteko udara arte garatuko den Vertical Visions programari esker, dantza bertikaleko La Glo Zirku Dantza eta Cirkus in Beweging konpainiek lankidetza proiektu pedagogikoa eta ikerketa proiektua jarriko dute abian. Bestalde, urritik azarora bitartean, Crossing Voices egitasmoak Ward De Vleeschouwerren konpositore flandriarra eta Mikel Chamizo euskal konpositorea elkartuko ditu.

Halaber, Korrontzi taldeak euskal musika eta dantza tradizionala eramango ditu Flandriara, eta koreografia berriak sortuko ditu Muziekcentru Dranouter taldeko dantzariekin.

Aiaraldeko Ekintzen Faktoriaren eta Bruselako YouYou Group ahots taldearen arteko lankidetza proiektu bat ere izango da: YouYou & Irrintzia, ahots praktika tradizionalaren begirada berri bat. Ahozko ondarea sustatzeko, ahots eta sormen laborategiak eta topaketak osatuko dituzte.

Gainera, Lizar Begoña poetak Transpoesie literatur jaialdian parte hartuko du: urtero egiten da, Bruselan, Hizkuntzen eta Hizkuntza Aniztasunaren Europako Egunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.