Bi iturri, emari bakarra

Gorka Benitez Quartet taldeak eta Sustraien Ahotsa abesbatzak 'Ibia' emanaldia estreinatuko dute gaur. Jazza eta euskal kantuak eskutik helduko dira oholtza gainera.

Sustraien Ahotsa korua duela 11 urte sortu zen, eta denbora batez «lozorroan» egon ondoren, berriro batu da. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Hondarribia
2011ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Bidasoa ibaiko urak nahastuta dabiltza Hondarribi aldean (Gipuzkoa). Musika jariatzen iritsi dira portu ingurura, Itsas Etxea auditoriumera.Euskal musika polifonikoa entzuten da Migel Zeberio abesbatza zuzendariaren txorrotatik; Gorka Benitez musikariaren iturriari, berriz, jazza dario. Uren elkartze horretatik sortu da Ibia, Gorka Benitez Quartet taldearen eta Sustraien Ahotsa koruaren arteko emanaldia. Gaur lehenengoz elkarrekin lehorreratuko dira, Hondarribian, 20:00etan. Bihar, berriz, Bilbon izango dira, Alondegian, 20:00etan. Probako azken saioak egiteko bildu ziren atzo, Hondarribian bertan.

XV. mendetik gaur egunera arte ondu diren hainbat abesti bildu dituzte errepertorioan, hamar guztira.«Berez politak diren konponketak ez musikatzen saiatu gara; asmoa laukotearekin abesbatza janztea zen», azaldu du Benitezek. Lan hori, ordea, ez da erraza izan, tartea txikia baita motz geratzearen eta marra igarotzearen artean. «Segituan pasa zaitezke, edo segituan falta dakizuke». Askotariko garai eta estiloko kantuak interpretatuko dituzte; tartean daude, Indalezio Bizkarrondo Bilintx-en Loriak udan, Alexandre Lesbordesen Kantuz, Johanes Antxietaren Kyrie eta Benitezen beraren Famele Coccole eta Txitxiriko. Guztien artean, hala ere, badira biek bereziki estimatzen dituzten bi abesti: Javier Bustoren Ave Maria eta Ignacio Mokoroaren Sanctus. «Bi zutarri direla esan genezake. Euskal kresala dute, bitxiak eta bereziak dira. Euskal musikako harribitxiak aukeratu ditugu, historiara pasatuko diren obrak», azaldu du Zeberiok.

Ibia emanaldiaren funtsa definitzeko sinplera jo du Benitezek. «Askok esango dute: 'Hau zer da? Zergatik hau?' Ez zaio horrenbeste buelta eman behar, ideia sinplea da: Benitezen eta Zeberioren ideia bat, musika egiteko asmoarekin». Jazza eta euskal musika polifonikoa eskutik helduta joan daitezkeela erakutsi nahi dute, eta, bide batez, «muga kontzeptualak hautsi». Zeberio eta Benitez belaunaldi berekoak dira, 1966an jaioak, eta musikaren arloan ezartzen diren mugak apurtu nahi dituzte. «Guk leku guztietatik edan dugu, eta ez ditugu estilo eta estetika ezberdinen artean ezartzen diren muga horiek ikusten. Etiketa horiek kentzeko elkartu ditugu gure taldeak», dio Zeberiok.

Nazioarteko musikariak

Musika hitzez azaltzea zaila bada ere, proiektu «erraz eta hiritartzat» jo dute bi sortzaileek. Benitezek «ideia hiritarra» ikusten du proiektuaren muinean, «egungoa, eta ezer fusionatzeko asmorik ez duena». Zeberiorentzat, berriz, «oso proiektu erraza da, bai musikan aditua ez denarentzat, baita musika bizi ez duenarentzat ere». Ikuslearengana heltzeko bideak ere ezagutzen ditu Zeberiok. «Musikari hauek duten zailtasuna da denbora jakin batean lan egin behar izatea. Ez-perfekzio horretan, ikuslea harrituta geratzen da segituan. Norbera jendearen aurrean biluzten denean, jendeak segituan atzematen du. Jendeak zerbait esaten dion hori nahi du, zerbait transmititzen diona, eta ondo pasarazten diona».

Gorka Benitez Quartet laukotea Benitezek berak (Euskal Herria), David Xirgu bateria jotzaileak (Katalunia), Masatoshi Kamaguchi kontrabaxu jotzaileak (Japonia) eta David Soler gitarristak (Katalunia) osatzen dute. 1995. urteaz geroztik Bartzelonan bizi da Benitez, eta Kataluniako eta nazioarteko hainbat musikarirekin lan egiteko aukera izan du bere ibilbidean.

Sustraien Ahotsa abesbatza, berriz, Euskal Herriko abeslariek osatzen dute. Honela definitzen du taldea Zeberio zuzendariak: «Oso talde eklektikoa da, duela 11 urte sortu zen proiektu ireki bat. Ez daude esaten dietena egiteko, hitza daukate titulu bakoitzaren azpian». Euskal Herriko hainbat txokotako lagunekin lan egitea «aberasgarri» deritzo; hala ere, zaila suertatzen da denak elkartzea. Hondarribia ezarri zuten biltzeko toki gisa, eta hainbatetan izan dute elkarrekin egoteko aukera; atzo arratsaldean, esaterako. Nahi baino gutxiago bildu dira, hala ere.Telefonoz eta posta elektronikoz zehaztu behar izan dituzte gehienak, «oso konplikatua eta garestia» baita maiz geratzea. «Musikan ideala da ahalik eta entsegu gehien egitea, baina hori ona eta txarra da, esperientziak erakutsi didanaren arabera. Askotan probatzen duzunean, nahiko zenukeen hori lortzea ezinezkoa dela sentitzen duzu. Kasu honetan bat-batekotasunak pisu handia dauka», azaldu du Zeberiok. Emaitza ezin daiteke aldez aurretik iragarri, emanaldia zuzenean ikusi aurretik. «Jarraibide batzuk daude, baina sortuz joango da momentuaren arabera. Harribitxi musikalak ditugu; gainontzekoa, ez dago idatzita».

Proiektua ekonomikoki aurrera ateratzeko ez dute erraza izan, jasotako diru laguntza bakarra Kataluniako Generalitatearena izan baita. Zailtasunak zailtasun, musika egiteko gogoak eraman ditu proiektua zertzera. «Dugunarekin egin dugu. Errazena leku bat izatea eta hilabetez han aritzea izango litzateke, baina pentsaezina da guretzat. Denen aldetik ahalegin handia egin dugu», dio Benitezek.

Hamaika urte atzera

Duela 11 urte ezagutu zuten elkar Benitezek eta Zeberiok, AEBetan bira batean ari zirela. Honela gogoratu ditu momentu haiek Benitezek: «Ni New Yorken geratzekoa nintzen, eta Zeberioren abesbatzak agurra prestatu zidan. Kennedy aireportua une batez gelditu zen».

11 urte behar izan dituzte proiektua martxan jartzeko, baina iaztik «barku berean» doaz Gorka Benitez Quartet eta Sustraien Ahotsa korua. «Bidaia bat marraztu dugu, eta hori jada izugarria da. Emaitza dena dela, ideia aurrera eramateko aukera izatea ez digu inork kentuko. Bere arriskua du, baina berezia da guretzat». Hondarribian eta Bilbon aritu ondoren, prest dira jazzaren eta euskal musikaren emariari segika edozein herritako portuan lehorreratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.