Artearen lekuak. Ekain Arte Lanak.

Bi hartzen mentura artistikoak

Rita Unzurrunzaga zarauztarrak gidatzen du Ekain Arte Lanak galeria. Donostiako Parte Zaharrean dago. Han egin zuen bere azkenengo erakusketa Jose Luis Zumetak.

Rita Unzurrunzaga, Juan Txillidaren alanbrezko eskultura baten azpian, Ekain Arte Lanak galerian. JON URBE / FOKU.
Gorka Arrese.
2021eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Juan Kruz Unzurrunzaga (Zarautz, Gipuzkoa, 1939 - Donostia, 2009) izenak oroitzapen diferenteak ekartzen dizkie batzuei eta besteei. Itxaropena inprimategiko semea, Amnistiaren Aldeko Batzordeetako abokatua, Hordago argitaletxeko kidea, EuskadiSioux taldekoa, Joxe Arregi torturatua hilobitik ezkutuan atera eta argazkiak egin zizkiotenen lagunartekoa, kulturaren sustapenerako Albaina etxearen zuzendaria, Orquesta Mondragon musika taldearen managerra, Altxerri arte galeriaren sortzailetarik bat...

Donostiako Parte Zaharreko Iñigo kalean Ekain Arte Lanak galeria zabaldu zuen 1999an. Kolektiboa izan zen hango lehendabiziko erakusketa: Bizente Ameztoi, Juan Luis Goenega, Rafael Ruiz Balerdi, Eduardo Txillida, Gonzalo Txillida eta Jose Luis Zumeta. Adiskideak zituen artista haiek; hain zuzen ere, Unzurrunzagaren erretratuak egindakoak dira Goenaga, Zumeta, Ameztoi eta Ruiz Balerdi.

Gaur egun haren iloba Rita Unzurrunzaga Schmitz (Zarautz, 1967) da Ekain galeriaren zuzendaria: «Osaba Juan Kruz Ekain leizean [Gipuzkoa] izan zen Jesus Altuna antropologoarekin, eta hunkituta geratu zen. Oso ezagunak dira orain dela 15.000 urte han margotutako zaldiak eta bisonteak, baina sabaian badira bi hartz osaba liluratuta utzi zutenak. Hartz haien siluetek osatzen dute arte galeriaren logotipoa».

Galeria txikia den arren —eskailerak jaitsi eta soto batean 120 metro koadro—, ibilbide garrantzitsua izan du hogei urte pasatxoan Ekain galeriak. Adibidez, Zumeta margolariak hantxe egin zuen bere azkenengo erakusketa, 2019ko udan. Azken lau urteetan Marta Cardenas, Amable Arias, Pepa Ugarte, Begiaundi Press (Jose Luis Lanzagorta), Koldobika Jauregi eta Elena Cajaravilleren lanak izan dira; eta oraintxe bertan Juan Txillidak tintaz egindako koadroak zintzilikatu ditu.

Galeria bi zatitan antolatuta dago: erakusketa aretoa eta hondoko gela. «Erakusketa aretoa da gune nagusia, eta aldiro aldatzen eta berritzen dena», azaldu du Rita Unzurrunzagak. «Hondoko gelak bi izaera ditu: artista gonbidatuaren txokoa da, batetik, 2016tik hona antolatzen dudan bazterra; eta, bestetik, ordezkatzen ditudan artisten obren fondoa daukat, funtsean jaten ematen didana».

Berlindik Donostiara

Rita Unzurrunzaga senarrarekin eta alabarekin Berlinen bizi zela, osaba Juan Kruzek sarritan hots egin zion, etor zedin galerian lan egitera. «Baietz esaten nion, baina itxaron egin behar zuela. Senarra musika munduan zebilen, eta Berlindik hona etortzea erabakitzea ez zen erraza izan. 2005eko udan ni bakarrik etorri nintzen, hemengo lan egiteko moduak ezagutzera; eta ondoren, abenduan, senarra eta alaba iritsi ziren».

Juan Kruz 2009ko uztailean hil zen, eta harrezkero bere gain hartuta dauka ardura osoa. «Galeria nire eskuetan geratu zenean,artista gehienak gizonezkoak zirela konturatu nintzen. Harrezkero saiatu naiz emakumezkoei atea zabaltzen, edo interesatzen zaizkidan haien bila joaten». Marta Cardenas, Dora Salazar, Luisa Txillida, Marta Marugan, Sargam, Oaia Peruarena, Arantxa Santamaria... «Gustura lan egiten dut Clara Gangutiarekin ere. Hiru erakusketa egin ditut berarekin. Aurten berriz erakusteko asmoa neukan, baina izurri giro honekin datorren urterako izango da».

Udazkenean Idoia Unzurrunzagaren argazki erakusketa bat etorriko da. «Denok itxialdian izan ginen sasoian, Idoiak argazkitan hartu zituen hutsik zeuden Donostiako kaleak eta arkitektura. Bilduma oso ederra agertuko du».

Datorren urtean Barbara Stammel margolariari lekua egin nahi lioke. «Eta eskultura arloan Ramon Ruiz Cabestanyrekin jarduteko asmoa dut».

Artistek beren estudioa zabaltzen diote Unzurrunzagari, eta haien munduan sartzen da. «Zer jarri galerian, normalean adostasun bat lortzen dugu. Beti saiatzen naiz, erakusketan haien desirak eta askatasuna azaldu daitezen». Erakusketa berri bakoitzaren muntatze unea da atsegin handien ematen diona. «Garai batean artistarekin batera egiten nuen muntatzea, baina orain nahiago dut neure kabuz antolatu».

Bezeroak eta salmentak

Artea gizarteratzea da galeria baten egitekoa, eta salmenta sustatzea. «Gaur egungo artisten bitartekari lanak egiten ditut. Pintura, grabatua eta tamaina txikiko eskulturak erakusten eta saltzen dira galerian; noizean behin, argazkia». Ez da salmenta izaten helburu bakarra. Esate baterako, bi musika kontzertu antolatzen ditu urtero. «Badira hamar urte Gabonetan gure inguruko diseinatzaileen lanak ezagutarazten ditudala».

Ezusteko eroslea, etxea apaintzekotan dagoena, turista, bilduma bat egin nahi duena..., horiek izaten dira arte galeriako bezeroak. «Nire iritziaren arabera erosten duten ezagun batzuk baditut, beraien ekonomia apalaren zati bat artelanetarako gordetzen dutenak. Hauek dira gehien gustatzen zaizkidanak, baina bakanak dira». Udazkena izaten da salmenta garai onena, eta negu gogorraren ostean, «agian, maiatza». Aurreko krisialdian turistei esker egin zuen aurrera: «ingelesak eta iparramerikarrak izan ziren aurrena, ondoren japoniarrak eta korearrak. Baina gaur egun apalduta dago turismoa».

EKAIN ARTE LANAK
Irekiera urtea: 1999.
Lekua: Iñigo kalea, 4; Donostia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.