Goya sariak

Bi Goya sari jaso ditu 'Marco' filmak

Aktorerik onenaren saria Eduard Fernandezentzat izan da, Aitor Arregiren eta Jon Garañoren obran egindako lanagatik; makillaje onenaren saria ere irabazi dute. Film luzerik onenaren saria 'La Infiltrada'-rentzat eta 'El 47'-rentzat izan da.

Eduard Fernandez eta Carolina Yuste, gizonezko eta emakumezko aktorerik onenak, bart, Granadan. MIGUEL ANGEL MOLINA / EFE
Eduard Fernandez eta Carolina Yuste, gizonezko eta emakumezko aktorerik onenak, bart, Granadan. MIGUEL ANGEL MOLINA / EFE
2025eko otsailaren 9a
11:15
Entzun

Aitor Arregiren eta Jon Garañoren Marco filmak aurreikuspenak bete ditu Goya sarietan: Eduard Fernandez protagonistak bere laugarren garaikurra eskuratu du —gizonezko aktorerik onenarena— , eta makillaje taldeak ere saria jaso du. Sari nagusia, film luzerik onenarena, bi pelikulak jaso dute ex aequo: El 47-k eta La Infiltrada-k.

Granadan (Espainia) egin dute ekitaldia, eta hiru ordu eta erditik gora iraun du; ohiko moduan, sarituen hitzaldiak izan dira protagonista. Eszenatokira igo den lehen euskal herritarra Karmele Soler donostiarra izan da, Marco filmeko makillaje taldearen burua. Eskerrak eman dizkie Arregiri eta Garañori, «pelikula handiak egiteaz gain filmaketak zoriontsu egiten dituzuelako».

Bi zuzendariei hitz ederrak eskaini zizkien Fernandezek ere, «zinemari, pertsonei eta isiltasunei» dieten errespetuagatik. Marco-n antzeztu duena inoiz egin duen pertsonaiarik konplexuena izan dela aitortu du. Hortaz gain, aktore katalanak unea baliatu du «faxismoaren arriskuaz» ohartarazteko. Beste zenbait sarituren ildo beretik, garai ilunak datozela eman du aditzera.

Filmik onenaren Goya saria bi film errebisionistarentzat izan da. Garaikur gehien eskuratu duena, bost, El 47 izan da, Bartzelonako Torre Baro auzoko bizilagunen borroka kontatzen duen filma. Lan horrek kritika ugari jaso ditu borroka kolektibo bat pertsona bakarrari esleitzen diolako. Ez hori bakarrik: besteak beste, ez du erakusten protagonista militante komunista zela, PSUCko kidea.

Sarituak

Euskal Herrian zeresan handiagoa eman du, ordea, beste film sarituak, Arantxa Etxebarria bilbotarraren La Infiltrada-k. ETAn infiltratu zen Espainiako Polizia baten istorioa kontatzen du lanak. Hau zioen Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak filma ikusi berritan: «La infiltrada filma benetako gertaeretan oinarrituta dagoela diote ekoizpena saldu dutenek, nahiz eta 1990eko hamarkadan gertaera haiek bizi izan zituztenekin ez duten hitz egin. Emaitza manikeoa eta demagogoa dela esatea gutxi esatea da». EITBk ere parte hartu zuen ekoizpenaren finantzaketan.

Film horretan egindako lanagatik, Carolina Yustek emakumezko aktorerik onenaren saria irabazi du.

Izan dira Euskal Herriko saritu gehiago. Alberto Iglesias konpositore donostiarrak bere hamabigarren Goya saria jaso du La habitación de al lado filmeko soinu bandagatik, eta zazpigarrena irabazi du Portugaleteko Ivan Miñambresek Semillas de Kivu film laburragatik. Nafarroako Gobernuak finantzatutako Cafune animaziozko film laburra ere garaile izan da bere sailean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.