Bi gau haria eten aitzinetik

Berri Txarrak taldeak azken bi kontzertuak emango ditu Iruñean, gaur eta bihar. 25 urteko aroa itxi, eta etenaldi mugagabe bat hasiko du. Nizuri Tazuneri eta Leihotikan taldeak arituko dira aurretik

David Gonzalez, Gorka Urbizu eta Galder Izagirre, taldeko hiru kideak, Kobetamendin, joan den uztailean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
aitor biain
2019ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Haria eten egingo da. Berri Txarrak taldeak etena jarriko dio 25 urteko ibilbideari. Etenaldi mugagabea hasiko du Lekunberriko (Nafarroa) hirukoak aurrerantzean, eta mende laurdeneko «ziklo ahaztezin bat» itxiko du horrela. Berri Txarrak gelditzera doa; agur esango du, dramarik gabe, soilik agur. Ikusi Arte Tour 2019 agur birari amaiera emango dioten azken bi kontzertuak egingo ditu taldeak, gaur eta bihar, Iruñean, Nafarroa Arenan, milaka jarraitzaileren aurrean.

Despedida urtea izan du taldeak aurten, iazko abenduan Gorka Urbizuk etenaldiaren berri eman ondotik ohar bidez. Hiru kideek, Urbizuk, David Gonzalezek eta Galder Izagirrek prentsaurrekoa egin zuten aurtengo otsailean, erabakiaren eta agur biraren berri emateko. Ordutik, gaztetxeak eta areto txikiak omendu dituzte, Beude birarekin, eta Bilboko Kobetamendin egin zuten agur birako emanaldirik jendetsuena; hainbat musikari gonbidatuta, talde bakar baten kontzertua izan behar zuena euskal kulturaren jaialdi erraldoi bilakatu zuten.

Hala ere, mugarriz mugarri ibili da taldea agurra iragarri aurretik eta ondoren ere: iragarritako kontzertu bakoitzerako sarrerak salgai jartzearekin batera agortu dituzte; euskarazko talde batek inoiz emandako kontzerturik handiena egin dute Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia), 10.000 zaleren aurrean; munduko bost kontinentetako agertokiak zapaldu dituzte; munduko milaka musikazalerentzat zuzeneko bat egin dute Bilbon, San Mamesen, MTVk antolatutako jaialdian; gehien saldutako diskoen zerrendetan izan dira argitaratutako lan bakoitzarekin; eta belaunaldi eta musika estilo ezberdinetako jarraitzaileak erakarri dituzte.

Inoizko egoerarik onenean dela esango du agur Berri Txarrak-ek. Baina taldeak gorabehera handiak izan ditu ibilbidean. Bizi ala iraun, dikotomia horretan ibili da taldea 25 urteko jardunean. Laukotetik hirukote bilakatu zen lehenik, eta taldea sortu zuten hasierako kideetatik bakarrak iraun du agurreraino —Urbizuk—. Taldea hilzoritik nazioarteko sonara pasatu da tarte laburrean.

Berri Txarrak-ek 1997an argitaratu zuen lehen diskoa: Berri Txarrak. Gero iritsi ziren gainerakoak: Ikasten (1999); Eskuak/Ukabilak (2001); Libre (2003); Jaio.Musika.Hil (2005); Payola (2009); Haria (2011); Denbora da poligrafo bakarra disko hirukoitza (2014); eta Infrasoinuak (2017). Urteek aurrera egin ahala, hasierako metal doinu gogorrek bestelako rock moldeei utzi zieten lekua, eta diskoak Euskal Herrian grabatzetik Ross Robinson, Ricky Falkner eta Bill Stevenson ekoizleekin lan egitera igaro da taldea.

Ehun kantu baino gehiago, eta mila kontzertutik gora: hori da 25 urteko ibilbidean taldeak utzi duen ondarea. «Talde honek ez du diskorik egin besterik gabe egiteagatik edo kontzertuak lotu ahal izateko», adierazi zuen Urbizuk, etenaren inguruko azalpenak eman zituenean. «Ez gara irauteko aritu; bizi egin izan ditugu gauzak, eta musikalki gauza asko egin ditugu». Baina, hain zuzen, etengabeko bilaketa horrek sortutako «higadura emozional eta fisiko» horren ondorioz erabaki du Urbizuk berak etenaldia egitea.

Hirukoak lortu du hardcore musika euskaraz egitea, eta, aldi berean, pop musika Euskal Herrian onar dadila. Lortu du euskaldunak dantzan jartzea, eta euskaldunak ez direnak beren musikara erakartzea. Eta lortu du Espainian zentsuratua izan ondotik Madrilgo areto erraldoietan sarrera guztiak saltzea ere. Berri Txarrak-ek akorde bakoitzarekin apurtu ditu kristalezko sabaiak eta aurreiritziak. Musika estiloari zein hizkuntzaren hautuari dagokionez, taldeak musikaren balioa lehenetsi du beti, eta horrek eman die modua gizarteak jarritako harresi batzuk botatzeko.

Bide horretan, taldeak etengabe eraberritzeko gaitasuna izan du, formula berberak errepikatzeari muzin eginda. Eta, horri esker, askotariko entzuleak erakartzeko gaitasuna ere izan du. Doinu gogorragoen zale zirenak eta pop musikara gehiago lerratzen zirenak, denak elkartu ditu Berri Txarrak taldearen musikak.

Taldeak jarraitzaile fidelak izan ditu bere ibilbidean, eta haiei esker hauspotu da gorenera. Halere, agurra iragarri izanak azken urtean areagotu egin du Berri Txarrak-ekiko miresmen hori. Izan ere, zaletuek taldea azkenekoz ikusi nahi izan dute, eta beraz, ibilbide guztian inoiz taldearen jarraitzaile izan direnak elkartu ditu, hastapenetakoak eta egungoak.

Hain zuzen ere horregatik, agurreko bira ospakizun gisara hartu du hirukoak. «25 urte egin ditugu, eta lorpen hori kolektiboa ere bada, gure ekosistema kultural honetan denok jartzen dugulako geure aletxoa. Uste dut hori ospatzeko eta zaleekin partekatzeko modukoa dela», Urbizuren hitzetan.

Talde gonbidatuak

Berri Txarrak-en azken bi kontzertuek egitura bera izango dute bi egunetan. Hirukoa 22:30ean igoko da Nafarroa Arenako oholtzara, baina horren aurretik talde gonbidatu banak girotuko du gau bakoitza. Nizuri Tazuneri izango da gaurko gonbidatua. Musika elektronikoa eta rapa uztartzen ditu Estefania Beneyto Fani-k eta Unai Neira Norzzone-k osatutako bikoak. Joan den urtean argitaratu zuten Zazpi diskoa, eta lan hura aurkezten ari dira ordutik. Taldeak euskarazko sorkuntza du oinarri. 21:00etan igoko dira gaur agertokira.

Bihar, berriz, Leihotikan taldea izango da talde gonbidatua. Berri Txarrak-en belaunaldi berekoa da Iruñeko taldea 1993an sortu zen, eta lotura estua du Lekunberriko hirukoarekin. Izan ere, 2004an bertan behera utzi behar izan zuten Madrilen elkarrekin ematekoak ziren kontzertua, Espainiako zenbait komunikabidek eta eskuin muturreko taldek egindako presio eta mehatxuen ondorioz. Hardcore melodikoaren eta punk rockaren arteko nahasketa bat egiten dute, gordintasunaren eta goxotasunaren arteko uztarketa bat. Sei urtez estudioetatik pasatu gabe egon ondoren, Non zaude? izeneko disko bikoitza argitaratu zuten iaz. 21:00etan igoko dira haiek ere Nafarroa Arenako agertokira.

Ateak 19:00etan zabalduko dituzte bi egunetan. Gainerakoan, ez dute kontzertuen inguruko bestelako xehetasunik eman. Ikusmina, ordea, inoiz ez bezalakoa da.

Sarreren salmentak dira horren adibide. Azaroaren 24koak behar zuen izan Berri Txarrak-en azkeneko kontzertua. Baina sarrera guztiak minutu gutxi batzuetan saldu zituztenez, aurreko egunerako beste kontzertu bat antolatzea erabaki zuten. Horren handia izan zen sarrerak erosi nahi zituzten zaleen eskaria, sarea bera ere kolapsatu baitzen. Bigarren kontzertukoak ere berehala agortu ziren. Agertokia muntatu eta ekoizpena errepasatu ondoren, sarrera gehiago jarri dituzte salgai azken egunotan, eta horiek ere hegan egin zuten. «Erokeria» izan da salmenten prozesua, Urbizuren hitzetan.

Berri Txarrak-en jarduna geratzera doala-eta, Urbizuk sare sozialetan zabaldu duen mezu batean aitortu du datozen hilabeteetan «denbora» izango duela. Eta denbora hori zaleek gomendatutako liburuak irakurriz igaro nahi du. Bada, jarraitzaileei proposatu die liburu bana eramateko Nafarroa Arenara. «Baldintza bakarra dago, hori bai: liburuak dedikatua izan behar du. Disko asko sinatu dizkizuet 25 urteotan, orain zuen txanda da».

Berri Txarrak taldearen 25 urteko haria bihar etengo da. Batek daki hariaren bi muturrak berriz elkartuko ote diren edo ez. Eta, hala balitz, noiz izango den. Baina horren aitzinetik zaleek bi gau dituzte taldea azkeneko aldiz oholtzaren gainean ikusteko. Bi gau, taldearen ibilbidea ospatu eta kantuez gozatzeko. Carpenoctem bikoitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.