Bi garai, bi Orixe

Duela 50 urte hil zen Nikolas Ormaetxea 'Orixe', 36ko gerraren aurretik eta geroztik idatzi zuten olerkari bakanetako batGerra aurretik idatzia eta ostean argitaratua, eztabaida iturri izan zen haren 'Euskaldunak'

Juan Luis Zabala
2011ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
36ko gerrak euskal letrek abiatua zuten susperraldia eten baldin bazuen, eten hori ondoen erakusten duten ibilbide literarioetako bat Nikolas Ormaetxea Orixe-rena da, haren garaiko gainerako olerkari gehienak ez bezala —Lizardi eta Lauaxeta ez bezala batez ere— gerra aurreko nahiz gerra osteko idazlea izan zelako. Duela 50 urte hil zen, 1961eko abuztuaren 9an, Añorgan (Donostia, Gipuzkoa).

Lizardik eta Lauaxetak ez bezala, gainera, Orixek ez zuen gerra aurreko bere olerki liburu nagusia, Euskaldunak, gerra hasi baino lehen argitaratu, nahiz eta ordurako idatzia izan. «Gerra aurreko belaunaldi harentzat Orixe zen euskal gauzetako jakintsurik handiena eta baita euskal arima adierazteko idazle egokiena ere», ekarri zuten gogora Koldo Izagirrek eta Xabier Mendiguren Elizegik Euskal Literaturaren Antologia liburuan (Ekar, 1998). «Aberriaren pizkundean lagunduko zuen poema nazionala egiteko enkarguz erretiratu zen Bilbotik Orexara 1931n». Han eta orduan sortu zuen Orixek Euskaldunak, Jose Ariztimuño Aitzol akuilatzaile nagusi zuela, tarteka Lizardi adiskide minaren bisita jasoz.

Baina belaunaldi oso baten lanaren gailur izatera deitua zenak oso bestelako harrera izan zuen argitaratu zenean, 1950ean. Euskaldunak poema liburuak izan zuen harrera sakon eta zorrotz aztertu zuen Paulo Iztueta idazle eta ikerlariak Orixe auzitan liburuan (Utriusque Vasconiae, 2003), izenburutzat Kritikak zigortua duen seigarren atalean zehazki, kritikaririk kritikoenak kritikatuz: «Orixeren poemari gerta zekiokeen paturik gaiztoena, hain zuzen, 1936an idatzi eta 1950ean argitaratu izana da. Oker honek apenas duen zuzenbiderik nola eta ez den historia berregiten eta egilea bera, bere obrarekin batera, bere garaian kokatzen. Horregatik, kritikarien lehen lana [...] poema honi dagokiona alderdi historiko-soziologikotik begi-ematea litzateke. [...] Literatur azterketa orok lehenagokoa du egiteko hori, txapela bururik gabe gera ez dadin».

Aldekoak eta kontrakoak beti

Euskaldunak argitaratu zenean —Jose Antonio Agirre erbesteko Jaurlaritzako lehendakariak Paristik zorionak emanez igorritako mezuaz gain— idazle batzuen laudorioak ere jaso zituen Orixek; Mikel Zaitegirena izan zen sutsuenetakoa: «Erabat esan: gure erri osoa poema ortan duzu. Gure artzai, gure aizkolari, arrantzale, nekazari ta bertsolariak, gure erriko gizon-emakumeak betetzen dute gure ikusterrea, alai ta langille, zindo ta sendo egunean eguneroko yardunaldi sendo ta zindoetan». Piarres Lafitteren iritziz, ordea, Euskaldunak, ordura arteko euskarazko poema handiena izan arren, Frederic Mistral okzitandar idazlearen Mirèlha (Mireio gisa zabaldu eta ezaguna) eredugarriaren oso azpitik geratu zen.

Orixe. Omenaldi liburu kolektiboak, nahiz eta omenezkoa izan, «sektore batek Orixerekiko zeukan aburua, agian lehenagotik ezkutuan zekarrena, plazaratzeko abagunea» bideratu zuen, Iztuetak dioenez,1965ean.«Argitalpen horrek, lehen aldiz, Orixezaleen eta besteen arteko zatiketa dakar».

Juan San Martin izan zen Euskaldunak kritikatzen gogorrenetakoa, haren «idealizazio faltsuak» gaitzetsiz besteak beste. «Orixe-ren errazoi bakarra izan zen euskaldunori poema nagusi bat egitea», idatzi zuen San Martinek, Jakin aldizkarian, 1966an. «Eta ez zan konturatu, bestelako erriak, bestelako errazoiak bultzatuta egin zutela. Ori jakin izan balu, ta bere burua olerkaritzat eduki, Walt Whitman-i jarraituko zion eta ez Virjiliori».

Lau urte geroago, Joxe Azurmendik, Jakin-ek Salbatore Mitxelenari eskainitako zenbaki monografikoan, honako hau idatzi zuen: «Eta guk, bakan ezagutu eta sekula bizi ez dugun Euskal Herri bukolikoa (maliziarik gabe esanda) nekez konpreni genezake. Euskaldunak poema, esate baterako, gure zoritxarrerako izango da, baina egia aitortuko badugu beharko dugu esan —bere goitasunak deman jartzeke— kasi Txina bezain urruti egiten zaigula askori».

Orixeren Orexako lanari buruzko bi ikuspegien berri honela eman zuen Ibon Sarasolak Euskal literaturaren historia liburuan (Lur, 1970): «Euskalddunak poemari buruzko iritziak zeharo desberdin dira; batzurentzat euskal literaturaren obra nagusia da. Beste estremokoentzat, aldiz, Anuario de Eusko-Folkore'aren numero extra bat dirudi». Oso pareko dikotomia erakusten dute, egile bakarrarenak izanagatik, Joxe Azurmendik Orixeri buruz idatzi zituen bi liburuak: Zer dugu Orixeren kontra? (Arantzazu, 1976) eta Zer dugu Orixeren alde? (Arantzazu, 1977).

Euskaldunak-ek izandako harrera aztertu ondoren, azken ondorio gisa, ikuspegia zuzendu beharra dagoela dio Iztuetak: «Kritikaren desbideraketarik handiena —neurri batean poemaren argitalpen-urteak berak eragina—, zera izan da: gerraurreko egoera eta espiritu hartan idatziriko obra hura 1960ko gizarte-sentikortasun eta ikuspegiaren arabera juzgatu izan dela. Kritikaria ez da ohartu, bitarte horretan, euskal gizarteak aldaketa handiak jasan dituela eta euskaltzaleen komunitatea, orain, orduan ez bezalako kezkek astintzen dutela. Testuinguruaren erreferentzia galtzean datza okerra».

Dikotomiak jarraitzen du

Euskaldunak-i buruzko ikuspegi kontrajarriak agertu ziren obraren argitalpenaren 50. urteurrena zela-eta 2000ko urrian Donostian egin ziren jardunaldietan ere. «Orixek enkarguz idatzi zuen liburu hori eta enkargu horretan akats handi bat dago: ez da ikusi autore bat», esan zuen Koldo Izagirrek (BERRIA, 2000ko urriak 20). «Egilearen ni hori kanpoan geratu da». Ez zen Izagirrerekin ados agertu Patziku Perurena: «Ni hori gabe, ez dago Euskaldunak idazterik». Euskaldunak-ek «irudi poetiko moderno ugari» eskaintzen ditu, Perurenaren ustez.

Paulo Iztuetak Euskaldunak idatzi zen garaiaren testuinguruan irakurri behar dela ohartarazi badu, Koldo Izagirrek gerra osteko Orixe aldarrikatu du XX. Mendeko Poesia Kaieretan hari eskainitako liburuan: «Exiliora jo zuenean Orixek hirurogeita gehiago urte zituen eta obra zabal bat, heldutasunean zegoen idazlea zen. Uste izan zitekeenaz oso bestela ordea, ezin emankorragoa gertatuko zitzaion bere ingurunetik lekutze hori: agindu, aholku eta presatik libre, bere senak eskatzen ziona idatzi ahal izan zuen. Urruntzeak liberatu egin zuen idazlea, eta gutxik uste zuten malgutasunean landu zuen obra berri bat: bere poesia gailena, nik uste. Poeta zurruna zirudiena hunkitua eta zirraragarri azalduko zaigu batean, ironiko zorrotza bestean, liriko minbera hurrengoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.