Kritika. LIteratura

Bi familia, garai bat eta iraganaren zama

Montserrat Roigen 'Gerezi-denbora'
Montserrat Roigen 'Gerezi-denbora'
2024ko maiatzaren 5a
05:05
Entzun

'GEREZI-DENBORA'

Egilea: Montserrat Roig. Itzultzailea: Amaia Apalauza. Argitaletxea: Consonni.

Montserrat Roig idazle katalanaren 1977ko El temps de les cireres nobela ekarri du Consonni argitaletxeak gaztelaniara eta euskarara. Azken honen itzulpenaz Amaia Apalauza arduratu da. Idazle ez ezik, ikerketa-kazetaria ere izan zen Roig, eta arlo horretan lan mordoa argitaratu zuen. Fikzioaren arloan, berriz, bost nobela eta bi narrazio liburu kaleratu zituen. Gazte hil zen, 46 urterekin, bularreko minbiziaren ondorioz. Fikziozko lanetara ere isuri zen bere bizitzan hainbesteko garrantzia izan zuen engaiamendu politikoa, diktaduraren kontrako borrokan lehenbizi eta trantsizio garaian gero, PSUC alderdiko militante gisa.

Trilogia bateko bigarren alea da Gerezi-denbora. Eleberrian Miralpeix eta Ventura Claret familiak agerrarazten ditu atzera ere Roigek, burgesia katalanaren bi eredu. Miralpeixtarren alaba Natalia da protagonista, Hamabi urte atzerrian ibili ondoren bere jaioterri Bartzelonara itzulia frankismoaren azken hats odoltsuetan, Puig Antich hil berritan. Iritsi eta berehala, ezer ez eta aldi berean den-dena aldatu delako sentsazioa izango du Nataliak. Hura baliatuko du idazleak aingura gisa, iraganaren zama astuna eta iraganaren ziurgabetasuna azaleratzeko, bi familien kronikaren bitartez. Gerrak eta gerraondoko isiltasunak blaitzen du Miralpeix familia. Damuz eta tristuraz betetako putzu sakon batean hondoratuta dago Joan, Nataliaren aita, Judit emaztearen heriotzaz geroztik; alkoholetan itotzen ditu saminak Joanen arreba Patriciak, garai batean loriatsuak izandako baxera eta altzariei begira. Aitzitik, gurasoak iraganaren osinean itoak egonagatik, aurrerabide neoliberalaren isla da Lluis, Nataliaren neba. Natalia bera, porrot politikoaren eta deserrotzearen arteko uretan trabatua dago. Azkenik, iristear den garai berriaren irudi litzateke Marius, Joan Miralpeix eta Silvia Clareten semea.

Zehar estilo librea aski ongi menperatzen du Roigek eleberrian zehar, narratzailearen ikuspuntua jauzika doala pertsonaia batetik bestera. Nataliak oinarri lana egiten badu ere, beste pertsonaia batzuen ahotsa ere ageri da, hala nola Patricia, Silvia edota Joan Miralpeix bera. Narrazioa oroitzapenen bidetik lerratzen da sarritan, eleberrian iraganak duen garrantziaren erakusle. Bat-batean egiten du Roigek  jauzi iraganeko pasarteetara, pertsonaien ahotsari jazarriko balitzaizkio bezala. Idazkerari dagokionez, deskribapenetan abilezia eta pertsonaien karakterizazioan dohaina erakusten du Roigek. Orobat gorputzak eta sexuak berebiziko presentzia dute hainbat eszenatan eta horiek agertzeko modua, islatutako gizartearen giro astunean txertatuta, azpimarratzekoa iruditu zait. Indar handikoak dira eszenok, Silvia eta bere lagunen etxeko pasadizoa, kasurako. Roigen idazkeran, baina, laburtasun edo zorroztasunerako joera handiagoa hartu dut faltan, eszena zenbait behar baino gehiago korapilatzen direla uste baitut. Beste horrenbeste pertsonaien ugaritasuna dela-eta. Haatik, narratzaile bikaina da Roig, eta zorionekoa euskal irakurlea hura euskaraz gozatu ahal izateagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.