Bi eraso matxista salatu dituzte Hatortxu Rocken

Jaialdiaren antolakuntzak ohar baten bidez jakinarazi du gertatutakoa, eta lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du. Bestalde, orokorrean izan den giro «atsegin eta goxoa» eskertu nahi izan du.

29. Hatortxu Rock jaialdiko kontzertu bat. IÑIGO URIZ / FOKU
29. Hatortxu Rock jaialdiko kontzertu bat. IÑIGO URIZ / FOKU
Garazi Karrera
2024ko abenduaren 30a
15:18
Entzun

Hatortxu Rock elkartasun jaialdiaren antolatzaileek irmoki salatu dituzte Atarrabian (Nafarroa) egindako eraso matxistak: «Ez gara errepikatzeaz nekatuko. Ez dugu inolako erasorik onartuko». 29. aldia izan da igaro berri den asteburukoa, eta, antolakuntzaren arabera, festa ez zen borobila izan. «Bi eraso matxista salatu ziren. Horrek ez du esan nahi gehiago egon ez zirenik», adierazi dute oharrean.

2017. urteaz geroztik, jaialdiak protokolo propio bat landu du, hasieran Iruñerriko mugimendu feministarenean oinarritzen baziren ere. Jaialdiaren bezperan Gune Segurua lantaldeko kide Ainhoa Buenok BERRIAri adierazi zionez, orduz geroztik neurtu dute zenbaterainoko beharrak dituzten, eta, haren iritziz, ordura arteko tresnetan sakontzea da gakoa. Bestalde, arreta prebentzioan jarri dutela zehaztu zuen. Horregatik nabarmendu dute «eraginkorrak» direla salaketak jartzeko jaialdiak dituen baliabideak.

Nolanahi ere, idatzian aitortutakoaren arabera, aurten ez dute lortu jaialdia denentzako gune seguru izatea, eta horretan lanean jarraitzeko konprometitu dira: «Antolakuntzak bere gain hartzen du ardura, baina kontziente izanik Hatortxura etortzen den ororen ardura ere badela espazioa eroso eta gozagarri egitea».

Txarra kenduta, ondo

Eraso matxistak salatu ostean, orokorrean izandako giro «atsegin eta goxoa» eskertu diete horretan lagundu duten guztiei. 900 boluntario ibili dira lanean: «Urte luze hauetan jaso eta elikatu duen ondarea izan da auzolana, eta auzolan hori bera izango da etorkizunean helduko diren elkartasun molde berrien giltza», nabarmendu du antolakuntzak.

Atarrabiari agur esateko izan da urteko azken asteburua. 2010etik hona, guztira hamalau aldiz egin dute festibala bertan. Abenduan edo urtarrilean gehienetan, Eguberrien bueltan sarri, eta asmo berarekin aldiro: euskal preso politikoen, iheslarien eta deportatuen egoera salatzea eta presoen sakabanaketak zigortutako senideei elkartasun ekonomikoa ematea. Horrenbestez, oharrean ere elkartasuna helarazi diete oraindik Hatortxun egon ezin izan direnei, baita hamarkada hauetan sakabanaketa «sufritu» duten lagun eta senideei ere.

Ikusmira, Lakuntzan

Hatortxu Rock jaialdiaren 30. eta azken aldia Lakuntzan (Nafarroan) egingo dute, datorren urteko uztailaren 24tik 27ra. Azken agurra «erraldoia» izango dela aurreratu du antolakuntzak. Horrez gain, han izango diren taldeen lagin txiki bat ere iragarriko du datozen egunetan. Sarrerak dagoeneko salgai daude. «Hatortxu badoa, baina Hatortxu osatzen dugun kideak ez goaz inora. Ez, behintzat, denak etxean izan arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.