Txapelketa «arraroa» zela aitortuz hasi zuten Manex Agirrek eta Martin Abarrategik Arabako Binakako Bertsolari Txapelketaren finala, Legutioko (Araba) kiroldegian, atzo. Baina helburua argi adierazi zuten hasieratik biek ala biek: «Berdin da orain eta hemen gaude/ goazen saioaren bila». Eta baita lortu ere. Bertso eta puntu borobilak josi zituen bikoteak saio guztian, eta txapel bikoitzarekin biribildu zuten arratsaldea. Haien atzetik sailkatu ziren Unai Anda eta Iñaki Viñaspre, eta Manu Bendala eta Oihane Perea bikoteak.
Bi urtetik behin egiten den banakako bertso txapelketak behar zuen aurten Araban, baina izurriaren eraginez, eta egoerak hala behartuta, formatuz aldatzea erabaki zuten antolatzaileek. Banaka lehiatu beharrean, binaka lehiatu ziren bertsolariak txapel bikoitzaren bila. Apirilaren 17an Izarran hasi, eta Araian, Oionen, Amurrion eta Gasteizen saio bana egin ondoren, atzo egin zuten finala. Dozenaka lagun elkartu ziren, elkarrekiko distantzia gordeta izan bazen ere. Oholtzan, sei lagun, hiru bikote izan ziren, eta bi txapel jokoan.
Behin saio puntuagarria hasita, hamarreko handian ekin zioten kantuari. Patagonian hasi zen Kutxabira Euskal Herrian dabilela eta, etorkizuneko Araba irudikatzen hasi ziren Agirre eta Abarrategi. Geroan jarri zuen itxaropena Agirrek: «Ondorengoek egin dezatela/ geuk amesten dugun hura». Fin erantzun zion Abarrategik: «Amestu nahi dut Araba bat nik/ euskaraz biziko dena». Gerra erreportarien rola jokatu zuten Andak eta Viñasprek, aldiz. Azken egunak Palestinan eman ondoren, etxera itzuli eta bertako isiltasunak kezkatuta abestua zuen Viñasprek: «...Eta aitortuko dizut hara/ isiltasunak oraindik ere/ beldurra ematen didala». Berdintasun teknikari postutik abestu zuten Pereak eta Bendalak. Herritarrek zenbait jazarpen ontzat jotzen dituztela eta, konponbide bila aritu ziren. «Nik auzo lotsa daukat sarritan/ izateagatik gizona» kantatu zuen Bendalak.
Iparragirre abila dela doinuan ale ederrak sortu zituzten, ordea. Agirre eta Perea artelan bilakatu diren kontzertu aretoetako komunetan kokatu ziren. Umorez kontatu zituzten bertako pasarteak. «Noizbait barruan egin al duzu/ binakako txapelketa?» galdetu zion Pereak Agirreri. Eta honek hau erantzun zuen: «Ba bai sarritan aritu izan naiz/ sartu eta ateratzen/ .../ ni justu-justu akordatzen naiz/ zu ez zara akordatzen».
Saiorik borobilena bi gazteek osatu zuten, halere: Abarrategik eta Andak. Aitona-amonen rolean jarrita, egungo eta iraganeko hezkuntza sistemak alderatu zituzten. «Orain etxera marrazki eta guzti itzultzen dira», eta «algodoi artean gutxi ikasi daiteke» bota zuen Abarrategik: «Gure garaiak pasatu ziren/ eta ez dira itzuliko», erantzun zion Andak.
Kartzelakoan erabaki
Bertsolari bakoitzak gai bati kantatu zion bakarkako ariketan. Agirrek Ceutako (Espainia) muga igaro berri duen migratzaile baten ikuspegitik abestu zuen. «Hau helmuga bat izan da noski, behean daukat morala/ beste helmuga etorri bitez, bideak segi dezala». Txaloz erantzun zioten ikus-entzuleek. Baita Bendalari ere: duela hamabi urte euskara jaso zuenekoa izan zuen hizpide. «Euskararen bidez sortu ditut/ ditudan sustraiak/ eta ederrak izango dira/ orain datozen garaiak».
Kartzelako saioa ere hiru bikoteek jokatu zuten; ez zen kanporaketarik egin. Gaia, honako hau: txikitako lagunak zarete; hogeita hamar urte pasatuta, bat telebistako izarra da, eta bestea izarrei begiratzen dien artzaina. Umoretsu eta fin ekin zion Agirrek: «Antena3n ez dago/ hemengo simaur usaina». Eta ildo beretik erantzun zion Abarrategik ere, zorrotz: «Manex izarra izango zara/ baina ni izarraren hautsa naiz». Bizi aritu ziren Anda eta Viñaspre ere: «Garai horietan biok genuen arkume papera», esan zion telebistako izarraren rola hartu zuen Andak, eta honela erantzun zion Viñaspre artzainak: «... orain diruduna zara eta/ zer da ba hemen duzuna eta han ez daukazuna». Traza bereko jarrera izan zuten Belandiak eta Pereak ere. «Aktore guapo-guapoa/ ez da nola halakoa/ ardi artean bilatzen duzu/ anonimatoa», kantatuz hasi zuen Pereak saioa, eta Bendalak ez zion halakorik ukatu: «Goazen ba lan egitera/ orain badaukat aukera/ zure ondoan ni bueltatzeko/ errealitatera».
Lanak amaituta, arratsaldeko zortziak jota heldu zen emaitza. Urduritasuna sumatzen zen publikoaren artean ordurako: oinekin lurrean errepika soinua eginez, aretoak eztanda egin zuen irabazleen izenak ahoz gora esan zituztenean. Elkar besarkatuz, hunkituta jaso zuten txapela Agirrek eta Abarrategik. Aurrenekoak Aramaioko bertso eskolari eskaini zion garaipena: «Pandemiaren erantzun gisa/ ere balio du hara/ hemen ezin da funtzionatu/ taldean ez baldin bada». Bigarrenak, aldiz, senitartekoei, ingurukoei, eta kantu kideari: «Banatu nahian gure txapela/ behar ditut konpas ta erregela/ batekoeta besteko/ asko baitut eskertzeko».
Bi buruko txapela, Aramaiora
Manex Agirrek eta Martin Abarrategik irabazi dute Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa. Lehiaketa berezia izan da, egoerak behartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu