Bi bidaia, nork bere modura irudikatuta

Maite Gurrutxagak ilustrazio hutsez, hitzen beharrik gabe ondu du 'Klak' liburua. Asun Agirianok 'Atzamarra' albumean kontatu duen istorioa irudiz jantzi du Marina Garciak. Elkarrek eman ditu bi lanak

Marina Garcia, Maite Gurrutxaga eta Asun Agiriano, beren liburu berriak eskuan hartuta, Donostian. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
2022ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Geografikoak, nork bere barnera egindakoak nahiz iraganerakoak. Era eta norabide askotakoak izan daitezke bidaiak, eta modu askotara konta eta irudika litezke. Nork bere modura, bere buruan gordetzen zuen bidaia eraman dute paperera Klak eta Atzamarra album ilustratuen egileek. Maite Gurrutxagak ondu du bata, eta Asun Agirianok eta Marina Garciak osatutako bikoteak bestea. Elkarrek argitaratu ditu bi lanak, eta sortzaileek elkarrekin aurkeztu dituzte, Antxiñe Mendizabal editoreak lagunduta.

Gurrutxagakesan du ez zaiola erraza egiten bere liburua aurkeztea, ez baitu «gehiegi» esplikatu nahi. «Batetik, hustu nauen liburu bat izan delako; entregatu, eta distantzia hartzeko beharra sentitu dudalako. Baina, batik bat, liburu ireki bat egiten saiatu naizelako; nik banuen asmo bat, baina orain sentitzen dut irakurlearena gehiago dela nirea baino, eta hari tokatzen zaiola orain interpretatzea». Idazle batekin elkarlanean aritzea ohikoagoa badu ere, bakarrik aritu da, eta hitzik gabeko liburua ondu du, irudi hutsez.

Edonola ere, azaldu du sinplea dela albumean kontatzen dena: «Pertsona batek egiten duen bidaia bat da. Bada bidaia fisiko bat, bere oinarrietara bueltatzeko beharra sentitzen duen pertsona batena, baina bada barne bidaia bat ere». Gerora jabetu zen ideia hori hor zegoela, baita ipuin klasikoen eraginaz ere; horietako askotan, bere lanean bezala, basoak irudikatzen baitu barne bidaia. «Sinplea da, baina badira zenbait gauza ikusteko, irakurtzeko eta jolasteko. Mutua izanagatik, badira kontatzen diren gauza batzuk, eta nahi duen geruzetan geratuko da irakurlea». Irakurraldi bakoitzean gauza berriak topatzeko aukera dagoela uste baitu ilustratzaileak. «Ni, behintzat, horrela egiten saiatu naiz, niretzat albumak hori direlako: behin eta berriro bisitatzeko txokoak edo babestokiak».

Orain dela bi urte sortu zen lehen hazia. «Halako ideia oso txiki bat zen, korrika ibiltzen zen pertsona bat agertzen zen istoriotxo bat». Prozesuan, baina, aldaketa ugari izan ziren: hasieran zituen hitzak galdu zituen istorioak, eta irudiak ere asko aldatu ziren, haren hitzetan. Hainbeste, hasieratik bukaerara bozeto guztiak eginak zituen arren, denak aldatu zituen, eta liburuaren erdia egina zuenean, berriz hasi zen. Bide horretan, lana ikusi eta iritzia eman zioten lagunek «eragin handia» izan zuten, ilustratzaileak eskertu duenez, horrek albumari «bizitza eta garapena» ere eman zizkiolakoan. «Niretzat, kuriosoena izan da prozesu guztian sentitu dudala bizirik egon den lan bat izan dela; oso organikoa iruditu zait, eta berak eskatzen zidala nire hurrengo pausoa zein izan behar zen». Interesgarria ez ezik neketsua ere izan dela aitortu du, «bukaerarik gabeko lan bat» bezalakoa zelako. Baina behin amaitzea erabakita, eta atzera irudiei begiratuta, iruditzen zaio zenbait gauza intuizioz sortu zituela, eta gero jabetu dela bazegoela zerbait kritikatzeko edo esateko nahia istorio hartan. «Gako horiek garatzen saiatu naiz, eta horregatik egon da denbora guztian bizirik».

Mendizabalen ustez, Gurrutxagaren irudiek «gero eta nortasun handiagoa» hartu dute denborarekin, eta, kasu honetan, albuma bere kabuz egin duela nabarmendu du. «Bere proiektu propioa da, eta hitzaren makulurik edo morrontzarik gabe, hitzei jarraitu beharrik gabe sortu du istorio hau». Irudien eta isiluneen bidez, «tentsio handiko narrazioa» ondu du, editorearen ustez, eta gaur egungoa, edonork bere burua islatuta ikusteko modukoa. «Gaur egungo sistemari, bizimoduari kritika bat egin nahi izan dio, edo behintzat ispilu aurrean jarri nahi izan gaitu. Ez du irtenbiderik proposatzen, ez bada nork bere barrura begirakoa. Izan ere, klak egitea izan daiteke gure ardatzera itzultzeko aukera bat».

Memoriaren fikzioak

Oso bestelako bidaia bat narratu du Asun Agirianok Atzamarra-n, Marina Garciaren irudiek lagunduta. Denboran atzera doan bidaia bat; auto istripu batean amama eta hatz bat galdu zituen haurrarena. Mendizabal: «Liburuak gogorarazi dit hitzek batzuetan biluztu egiten gaituztela, eta beste batzuetan, kasu honetan bezala, beroki batek bezala estali, berotu eta goxatzen gaituztela. Eta askotan, istorioko protagonistari gertatzen zaion bezala, gure fikzioek salbatzen gaituztela, mantentzen gaituztela bizirik». Editorearen iritziz, Agirianok «oroimenetik, sentimendutik eta gorputzetik» idatzi du istorioa, eta, «autobiografiaz harago, egiazko istorio bat da, haur baten irudimenak eraldatua, hutsune bat betetzeko, fikzio ia guztiak bezala». Hitzak justukoak eta soilak direla gehitu du, eta esaldiak motzak, «zizelez grabatuak» diruditenak. Hitzaren eta ilustrazioaren arteko harmoniak liluratu zuela ere aitortu du editoreak, bi hizkuntzek «lotuan bezala dantza» egiten dutela iruditu baitzaio. Eta Garciak Agirianoren istorioari jarraituz sortutako ilustrazio «ederrak» goretsi ditu, «hitzak bezain soilak, neurritsuak eta iradokitzaileak».

Garciak azaldu duenez, Agirianok bere azalean biz izandako istorio bat da Atzamarra-k kontatzen duena. Euskarazko albumak sortzen laguntzeko Biko-Teka programan ezagutu zuten elkar, eta Garcia segituan harrapatu zuen testuak. «Istorio honen irudiak sortzeko galdera asko egin behar izan nizkion Asuni, eta galderak egiten nizkion heinean konturatu nintzen testua zein intimoa zen; orduan, arrotza izatearen beldur izan nintzen, baina Asun beti zegoen niri laguntzeko prest».

Testuaz gain, Agirianoren eskutik material ugari jaso zuela du gogoan ilustratzaileak, bai berak kontatutakoa, bai grafikoa. «Bere familiaren eta baserriaren argazkiak bidali zizkidanean, segituan ulertu nuen balio handiko materiala zela, eta horregatik erabaki genuen liburuan sartzea». Beraz, teknika mistoa baliatu du sortzaileak, argazkiak, tintak eta arkatzak nahastu baititu irudiak osatzeko. «Teknika horien bidez, Asunek kontatzen zizkidan paisaiak eta sentimenduak marrazten saiatu nintzen».

Bidean lagun izan dituen guztiei eskerrak eman dizkie Agirianok, tartean, Biko-Tekan Garcia bere bikotekide izateko hautatu zutenei. «Badakizue loteria handi bat dela bizitzan konplize handi bat aurkitzea, eta nik hori aurkitu nuen ikastaroan; konplize on bat eta nire istorio hau berehala ulertuko zuen pertsona bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.