Idazlea: Arrate Egaña.
Ilustratzailea: Mari Mar Agirre.
Argitaletxea: Erein,
Album ilustratua berriki estandarizatu den formatua da, eta euskal sortzaileak honetara datoz apurka-apurka. Erronka ez da makala, testuaren eta irudiaren arteko elkarlanean sortzen baita kontakizuna, erdizka dena estetikoa eta idatzizkoa. Hala, idazle-irudigile ahaltsuaren figura ezohikoaren faltan, lankidetza behar duen formatua da.
Zorionez dagoeneko badira euskal letretan adierazpide hau landu duten hainbat bikote. Esaterako esku artean dugun honekin Egaña eta Agirrek hirugarren aldiz egin dute elkarrekin formatu honen alde —aurretik daude (Oneka, Erein, 2004) eta (Ni naizen guztia, Erein, 2009)—. Halaber, baliabidearen berritasunak esperimentaziorako joerak indartzen ditu eta sortzaileen ahaleginak sekula baino erakargarriagoak egiten.
Hizpide dugun album honetan, txinatik etorritako neskato bat aurkezten zaigu, narrazio garaikidearen erako kontakizun batean. Haren familia aitonaren bidez aurkezten da: kometagilea, afizioz, eta jatetxe baten jabea, ofizioz. Ez dakigu asko berari buruz, familiako gainerako kideak ez dira azaldu ere egiten, eta ematen ez zaigun informazioa gure kasa osatu beharko dugu.
Kontakizun honetako neskatoak eskolan arazoak ditu Luken deritzon mutil batekin, eta gatazka horrek ardazten du kontakizuna: noiz hasi zen Lukenek neskatoarekiko agertzen duen ezinikusia, nola korapilatu zen eta zein izan zen irtenbidea.
Ez gara xehetasunetan sartuko sorpresa ez zapuztearren. Aitzitik, idazlearen eta irudigilearen egiteko moldeaz bi ohar egitea komeni da.
Album ilustratuak egitean orrialde osoak hartzen dituzten irudien indarraz baliatzea da formatu honen gakoetako bat, ikusi besterik ez dago Agirreren lana Dragoi honetan. Oinarrizko hori-gorri-urdinetan eraikitako irudi zahar itxurakoak eskaini dizkigu 32 orrialdeotan, txinatar estetika gogora ekarri nahi duten oso proposamen pertsonalean. Zinez plazer estetikoa eskaintzen dutenak, hartarako jaidura dugunon artean bederen.
Alta, irudien bidez testuaren hainbat une eta ñabardura azpimarratzen dira, baina ez da informaziorik gehitzen. Hortxe amaitzen da irudien ekarpena. Izan ere, testuak eramaten du karga narratibo ia osoa. Testua ausarta da, hari narratibo aberatsa duen kontakizuna eskaintzen digu, albumetan ohikoak diren errazkerietan erori gabe. Gainera elkarrizketaren eta narratzailearen arteko oreka gordetzen saiatzen da, irakurketa arina eskainiz. Laburtasun horretan, batzuetan joskera faltan dauden esaldiak agertzen badira ere, esan beharreko guztia esanez. Agian gutxien erakartzen duena amaierako sorpresaren aurrean Luken pertsonaiak agertzen duen erreakzioa da, nire irudikoz oso sinesgarria ez dena eta kontakizunari biribiltasuna galarazten diona.
Esanak esan, zazpi urtetik aurrerako irakurleei begira sortu duten album hau euskal ekoizpenen artean nabarmendu den obra da, bere ausardiagatik ez ezik, formatu horri egiten dion ekarpenagatik.
Literatura. Haur eta gazte literatura. 'DRAGOIA'
Bi artista elkarlanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu