Bi arte, bi ibilbide, istorio bakarra

Aiert Beobidek eta Jon Larrazek 'Bitartean' ikuskizuna eskainiko dute, Dantza Klub programaren barruan

Aiert Beobidek euskal dantza tradizionalak nahiz koreografia garaikideak landu ditu bere ibilbidean. EUSKARAZ.NET.
Maite Alustiza.
Donostia
2011ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Dantzaz konpainiako dantzariek bidea zabalik dute euren koreografiak sortu, garatu eta aurkezteko. Dantza Klub programaren bitartez, konpainiako hainbat dantzarik euren lanak igo ditzakete oholtza gainera. Daniel Navarro eta Anna Jirmanova koreografoen txanda izango da gaur, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 21:00etan. Konpainiako kideen lanei ez ezik, Euskal Herriko koreografoen proposamenei ere zabalik dago Atalak XI egitasmoa. Horregatik, Aiert Beobide dantzaria eta Jon Larraz Mozo biolontxelo jotzailea gonbidatu dituzte gaur; Bitartean ikuskizuna aurkeztuko dute.

Haurtzaroan elkar ezagutu zuten bi lagunen istorioa kontatzen du emanaldiak, protagonista beraien istorioa. «Lehendabiziko proiektua egiteko garaian, beharrezkoa iruditzen zitzaigun gure arteko istoriotxoa kontatzea», azaldu du Beobidek.

Askotariko musikak

Txikitan elkartu arren, bakoitzak bere bideari jarraitu dio. Beobide Euskal Herrian aritu da, dantza munduan murgilduta; Larrazek, berriz, munduko hainbat txoko bisitatu ditu, biolontxelo ikasketak burutzeko. Larraz Donostiara itzuli zenean, orduan erabaki zuten elkarrekin zerbait egitea. «Bakoitzak bere bidea egin du; bi arte dira, bi diziplina, baina, azkenean, biak daude harremanetan. Horregatik erabaki genuen elkarrekin zerbait kontatzea».

Euren bizitzen hainbat fasetatik bidaiatzera gonbidatzen dute ikuslea: «Aldentzen garenetik Jon berriro bere tresna hartuta Euskal Herrira itzultzen denera arte kontatu nahi izan dugu, eta elkartze horretan nola erabakitzen dugun bion artean lantxo bat egitea». Proiektuaren hasiera lanaren amaiera izango da. «Beharrezkoa iruditzen zitzaigun lanaren bukaera ulertu ahal izateko aurreko hori guztia ikustea».

Hogei bat minutuko saioan askotariko erritmo eta musika doinuak joko ditu Larrazek, klasikoetatik garaikideetara. «Hasieran Bachen obraren bat egongo da, gero dantza tradizionalak, euskal melodiak —Guridiren bat, adibidez—, aurreraxeago musika garaikideak, baita musika oso garaikideak ere».

Kontatu beharrekoa argi izanda, kontatzeko modua landu behar izan dute, ideia hori ikusleari transmititu ahal izateko. Horretarako, espazioaren erabilera ez ezik, irudiak eta argiztapena ere landu dituzte. Biolontxeloa eta dantzarako jantzia zorroan sartuta irudikatu dute hasiera, trenaren efektuak bidaia irudikatzeko eta urrun dagoen aulki bat distantzia markatzeko. Larrazen joanak protagonismoa hartuko du, baina bitartean, Beobideren ibilbideak ez du etenik izango. «Nik bigarren plano batean jarraituko dut nire ibilbidearekin. Bachen musikak garrantzia duenean, esaterako, ni prestaketa lanak egiten ari naiz, aurresku txapelketa baterako harizko alkandora eta galtzak jartzen». Gero Beobideren jardunak hartuko du garrantzia, eta horrela, tartekatuz. «Berriro ere trenaren hotsa entzungo da, eta hasierako tokiraino helduko da Jon».

Urtebete inguru igaro da proiektuarekin martxan jarri zirenetik. Larraz Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kide da egun, eta bataren eta bestearen konpromisoak tarteko, «ez da erraza izan agendak bateratzea». Hasieran probak egiten hasi ziren, musikak aukeratzen, buruan zuten ideiari forma ematen.

Konpainiaren proposamena

Artelekun entseatzen ari zela,Filgi Claverie Dantzaz-eko zuzendariaren deia jaso zuen Beobidek. Dantza Klubera gonbidatu zuen, eta proposamena onartu ondoren, buru-belarri jardun dute irail eta urrian, dena txukundu eta borobiltzeko. «Proiektu pertsonala da, eta guretzat Donostian eta gure ingurukoen ondoan aurkeztu ahal izatea ametsa zena betetzea izango da». Emango duten azken saioa ez izatea espero du Beobidek; hala ere, euren lana helburu komertzialik gabe jaio dela gogorarazi du: «Gehiago izan da gu bion gogo hori asetzeko lan bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.