Literatura

‘Bi anai’, amaiera aldatuta

1985eko nobelaren edizio berritua eman du argitara Bernardo Atxagak, eta Asun Garikanorekin duen lankidetza balioesteko eta agerian jartzeko baliatu du aukera.

(ID_13374544) (maialen andres/@FOKU) 2023-11-24, Donostia. Bernardo Atxagaren 'Bi anai' liburuaren edizio berrituaren aurkezpena
Bernardo Atxaga. MAIALEN ANDRES / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2024ko urtarrilaren 11
05:15
Entzun

Idazleek sarri izaten dute pare bat hitz editoreari esker ona erakusteko. Argitaratze prozesuan duen arduraren seinale da, eta, era berean, aitortza. Gutxitan izaten da, ordea, editoreak egindako ekarpena aletuta ikusteko parada, Bi anai (Erein) nobelaren edizio berrituaren aurkezpenekoan gertatu bezala. Izan ere, idazlearen eta editorearen arteko konplizitateaz luze mintza litezke Bernardo Atxaga eta Asun Garikano, 30 urtetik gorako jardunak emandako bermeaz, gainera.

Obabakoak ipuin bilduma beste hainbat hizkuntzatan argitaratzen hasitakoan ekin zioten elkarlanari, eta geroztik ez da Atxagaren libururik argitaratu, Garikanoren eskuetatik pasatu ez denik. Atxagak garbi du: «Bi hizkuntzatan (gutxienez) idazten duena ezin da bakarka aritu». Baina premia ez da soilik itzulpenera mugatzen, zeinahi liburu euskaraz ateratzean ere, «nabaria» egin baitzaio lankide baten beharra. Haren ustez, «irakurle oso trebe eta oso arduratsu baten lana da editorearena».

«Irakurle oso trebe eta oso arduratsu baten lana da editorearena».

BERNARDO ATXAGAIdazlea

Atxagaren baieztapena ibilbidearekin lotu du Garikanok, hura argitaratzen hasi zenean, duela 40 urte, «ez zegoelako aurrelanik, eta argitaletxera iritsi bezala plazaratzen zirelako liburuak».

Kasu nabarmenak ezagutu ditu Garikanok. Esate baterako, Raymond Carverrena «hainbeste estimatu zaion idazkera aratz garbi minimalista hori ez zukeelako izango, editoreak guraizea sartu izan ez balio». Edo Patricia Highsmithena; Ripley trebea nobelaren frantsesezko bertsioak 60 orrialde gutxiago ditu gaztelaniazkoak baino, itzultzean konturatu zenez: «Pertsonaiaren psikologia aztertzen zuten pasarteak alferrikakotzat jo eta moztu egin zizkioten».

Nolanahi dela, 35 urte lehenago idatzitakoa aztertzea ez da samurra izan Atxagarentzat: «Liburua argitaratutakoan itxitzat jotzen duzu, hortik aurrera besterik egin ezin duzulakoan, eta berriro bumeran baten moduan datorrenean, ni behintzat, amorrarazi egiten naiz». Liburuari berriro bizitza soziala ematea ona dela aitortu du, halere.

Mila aldaketa baino gehiago

Euskararen normalizazioak eskatu dituen moldaketa ortografikoez harago, guztira 1.000 aldaketa baino gehiago egin dituzte idazle-editoreek. Lexikoan, esate baterako, zenbait hitz utzi dituzte bazterrean, lehen ez bezala orain «nabarmenegi» geldituko liratekeelako. Atxaga: «Badakizu irakurlea puntu horretara iritsi eta hitzari erreparatuko diola, eta Bi anai irakurtzen ari dela ahaztuko zaio». Idazlearen aburuz, testuak «erabat gardena» behar du izan, eta zerbait nabarmenduz gero, «errelato txarraren seinale» da. Garikanok are zehaztu du: «Irakurleak ez du oztoporik behar».

Aldaketa estrukturalik ere bada. Atalak zenbakiz emanak ziren lehen, eta, Garikanoren arabera, «atal batetik bestera pasatzean, zati handi bat irakurri behar izaten zen ikuspegiaz jabetzeko, hau da, kontaketan sugea, katagorria edo zein abere ari zen». Edizio eguneratuan atal bakoitzak bere izena du, eta kontalariaren berri ere ematen da: «Helduleku bat da, sarrera moduko bat». Bestalde, amaiera aldatu eta kontaketaren erritmo «biziagoa» lortu nahi izan dutela esan du.

«Testuak erabat gardena izan behar du, eta zerbait nabarmendu ezkero, errelato txarraren seinale da».

BERNARDO ATXAGAIdazlea

Bi bertsio

1982an irrati nobelak eginez bizi zen Atxaga, eta, horietariko bat lantzen ari zela, lurralde berri bat asmatu beharra sentitu zuen. Berehala konturatu zen ideia hura ez zela irratian baliatzekoa; aproposagoa zela «liburu baterako». Izena ere momentu hartan otu zitzaion: Obaba. «Egia esan, Camilo lizardi erretorearen gutuna atera zen saio hartatik, baina hango arnasarekin idatzi nuen Bi anai». 1985ean argitaratua, bi bertsio izan zituen, idazlearen esanetan: «Bata, klasikoa, naturalista, XIX. mendeko istorio moduko bat». Xabier Leteren bidez, Mikel Lasaren eskuetara iritsi zen, baina hark begi onez ikusi ez. Kritika horren ondotik, argitara emandako bertsioa sortu zen. 

Atxagaren arabera, psikologiarik eza da liburuaren ardatza: «Ez da ulerbide hori ezertarako erabiltzen, landa eremuetan ez dagoelako, ez psikologiarik, ez politikarik». Horrenbestez, barne bizitza beste elementu narratiboen bidez adierazten da, esaterako, «mamuen bidez, horiek dira kontzientziaren gertaerez mintzo direnak, eta hori da mundu horri dagokion paradigma edo». Bestalde, «katolizismoa, kristautasun erabateko bat» da dena batzen duen atmosfera.

Testu bat zerk bultzatzen duen argitu nahian, «atzean dagoen ideologia politikoa» dela esan du Atxagak, «eta liburu honetan inoiz baino gehiago». Estigmatizazioaz mintzatu da: «Gu eta gure jendea hirietako señoritoen kontrafigura ginen; sineskeriei emanak, karlistak, kosmopolitaren aurkakoak...». Hain zuzen, pentsatzeko modu horren aurkako borrokan sortu zen Obaba. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.