'Choeur des amants'
Testua eta zuzendaritza: Tiago Rodrigues. Eszenografia: Magda Bizarro, Tiago Rodrigues. Antzezleak: Oceane Cairaty, Gregoire Monsaingeon. Arropa: Magda Bizarro. Argiak: Manuel Abrantes. Lekua: Donibane Lohizuneko Tanka. Eguna: Urtarrilaren 30a.
Eszenatokian bikote heterosexuala irudikatzen duten bi aktoreak. Ikusleoi begira, biek batera hitz egiten digute. Baina...ez, ez daude guztiz sinkronizatuta; agian segundo bat besterik ez da beraien hitzen artean irekitzen den arraildura. Hitz berak erabiltzen dituzte euren bizitzako pasarteak deskribatzeko. Baina…ez, ez dira hitz berberak. Aldika, gizonak «eskuinean» ahoskatzen du, eta emazteak «ezkerrean» esanez zuzentzen dio. Aldaketa ñimiñoak bezain esanguratsuak. Hartara, beraien arteko hizketak ez du elkarrizketa baten itxura hartzen, bi bakarrizketa bateraturen formularena baizik.
Teoria dramatikoak dio ekintzen antzezpena ohi dugula teatroaren oinarrizko ezaugarria. Antzezleek jardunean dihardute, eta horregatik, ikuslea ekintza horien lekukoa izaten da. Aitzitik, Rodrigues portugaldarraren Choeur des amants [Maitaleen abesbatza] muntaketak kontrako bidea hartzen du: errezitatiboen bitartez eraikitzen du antzezlana gu entzule bihurtuz. Konturatu orduko, errelatoaren lilurak harrapatuta gaudela antzematen dugu.
Avignoneko jaialdiko zuzendaria den Rodriguesen gidaritza zorrotzak bideratu ditu antzezleak. Bolumena, artikulazioa, gizonezkoen eta emakumezkoen ahotsen ezberdintasuna dugu antzezpen jolasaren ardatza. Kontaketaren hasiera da bikotekide baten antsietate krisialdi batengatik ospitaleko larrialdietara doazela. Gertakizun hori dugu kezka sortzeko modua, urduritasunez eta euren senetik aterata ikusiko ditugun pasadizo bakarra. Gazte helduak dira, antzerkia egiteko eta bizitzeko ekonomia kaxkarrekoak aipatzen dituzte, baina, heriotzaren aurresusmoak ekarritako artegatasuna albo batera utzita, lasaia da antzezlanean nagusitzen den tonua hortik aurrera. Bikotekideak ez dira elkarri mokoka edo liskarretan arituko, eta deskribatuko digutenak (etxe aldaketak, haurrari gertaturiko istripua, gurasoen heriotza, bikotearen banaketa, bikotekidearen heriotza, azken urteak…) ez du dramarik edota epikotasun kutsurik izango. «Astirik badugu» edo «urteek aurrera egin dute» esaldiak behin eta berriro errepikatu dizkigute. Orobat, ospitalera joan behar izan zutenetik oraindik ikusi gabe daukatela Brian de Palmak 1983an zuzenduriko Scarface pelikularen amaiera. Ez dakite, beraz, Al Pacinok gorpuzten duen mafiosoarekin zer gertatu den, eta gainera, ez dute jakin nahi. Euren haurrari aurpegian daukan orbaina denbora aitzinera joan ahala lausotuko zaio, denboraren poderioz arimako minak baretzen diren lez. A sotto voce.
Denboraren joana sentiaraztearekin batera, amodio iraunkor posible bati buruz hitz egiten du Choeur des amants-ek. Politikoki engaiamendu handikoa den Taigo Rodriguesek, hara non, maitasunaz mintzo zaigun faxismoa berpizten ari den aldian. Eta ez da kasualitatea, atzokoan aditu genien maitasuna ez dela abestietan azaltzen den hori. Beste zerbait da. Tiago Rodriguesek dio.