Espainiako Gobernuak zuzeneko kultur ikuskizunetako eta zinemako sarreren gaineko BEZa 13 puntu igotzea (%8tik %21era) «kulturaren kontrako eraso zuzena» dela salatu zuten atzo kulturindustriako zenbait ordezkarik, Bilbon emandako prentsaurrekoan. Aktore, musikari, zinema ekoizle eta teknikarien izenean hitz egin zuten, besteak beste. Igoerak sektore guztiei eragingo badie ere, euskarazko sorkuntzaren gaineko eragina «larriagoa» izango dela salatu zuten. Eskena Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuak-ek sustatutako agerraldiarekin bat egin zuten, besteak beste, Ibaia Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak, Euskal Aktoreen Batasunak, Euskadiko Musikari Elkartuek, EPE/APV Euskal Produktoreen Elkarteak, Euskadiko Idazleen Elkarteak, Cultura Abiertak eta Faeteda Espainiako Industria Kulturaletako Enpresen Elkarteen Batasunak. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak ere babesa agertu zuen.
Egoerari aurre egiteko kultura industriako sektore guztiek «indarrak bateratu» behar dituztela iritzi dio Ana Pimenta Eskenako presidenteak. Kultura krisian dagoen sektorea izanik, BEZa igotzearen ondorioak guztiz kaltegarriak izango direla nabarmendu zuen. «Egungo egoeraz jabetzen gara, eta laguntzeko prest gaude. Dirua ez dela desagertu, guztia kudeaketa txarraren ondorioa dela eta gutxi batzuek paradisu fiskaletara eraman dutela dakigun arren», argitu zuen. «Gerrikoa estutzeko eskatu zigutenean estutu genuen, baina ez ziguten esan soka lepora igo beharko genuenik. Jada ezin dezakegu estutasunez hitz egin, itomenaz baizik».
Kulturarentzako «lehentasunezko trataera» eskatu zuten bildutakoek. «Kultura zerbitzu publikotzat» hartu beharra dagoela argitu, eta, bide horretan, Europako herrialde gehienetan bezala, zerga tipo murriztua aplikatzen jarraitzeko eskatu zuten. «Neurrien eragina hurrengo belaunaldiek sumatuko dituzte batez ere», iritzi dio Carlos Juarez EPE/ APVko presidenteak. Zergaigotzeak herritarren kultur eskubideak murriztuko dituela uste dute: «Herritarren kontrako erasoa da, beren kulturarako eskubidearen kontrako neurria», salatu zuen Pilar Lopez Faetedako ordezkariak. Argitu bezala, elkarteetatik Espainiako Gobernuarekin elkarrizketa bideratzen ari dira, eta, oraingoz, ez dute aurreikusten bestelako neurririk hartzea.
Halaber, BEZa igotzeak ez duela lagunduko diru bilketa handitzen ere salatu dute aho batez. Igoerak kontsumoa gutxituko du, eta kulturaren inguruko enpresak ixtera behartuko du. Hortaz, langileetako asko langabezian geratuko direla salatu zuten. Bide horretan, legezko zinema plataforma digitalak promozionatuz, adibidez, pirateria gutxitu eta zerga bilketa handitu daitekeela argitu zuen Jose Portela Ibaiako zuzendariak. BEZaren igoerak legezko kontsumoa murriztu eta pirateria handitzea ekarriko duela aurreikusten du, aldi berean.
Euroguneko BEZik altuena
Irailetik aurrera, kulturaren gaineko BEZik altuena ezarriko duen euroguneko estatua izango da Espainia. Beste herrialdeetan, «beraien artean ideologikoki alde handia badago ere», kulturari zerga tipo murriztua aplikatzen diote. Pilar Garciak Portugalgo eta Herbehereetako kasuak ekarri zituen gogora. Haietan, kulturaren gaineko BEZa igo eta gero, jaitsi egin behar izan dute berriro: «Portugalek kultur ikuskizunen gaineko BEZa %15era igo zuen,eta ondoren, berriz, %13ra jaitsi behar izan zuen. Oraindik ikusteko dago ez ote duten gehiago jaitsi beharko, diru bilketa dela eta. Izan ere, kontsumoak behera egin du».
Antonio Rivera Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordearen ustez, BEZa 13 puntu igotzeak zuzenean eragingo die EAEko kultur eragileen %66ri, sektoreko langileen %85i eta fakturazioaren %78ari.
BEZa igotzearen kontra agertu dira zenbait kultur eragile
Zerga igotzeak eta tipoa aldatzeak kultur industriari «kalte handiak» eragingo dizkiola salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu