Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak 65. aldiko saridunak jakinarazi ditu. Pek Jia Hao eta Ang Jia June singapurtarrek zuzendutako Beyond The Other Shore film laburrak eskuratu du festibalaren sari nagusia. 7.000 euro jasoko dituzte, eta, gainontzeko sarituek bezala, gaur iluntzean emango diete garaikurra, Bilboko Arriaga antzokian egingo duten itxiera ekitaldian.
Epaimahaiaren arabera, «fintasun handiz» landu dute ikus-entzunezkoa bi egileek: «Bikain menderatutako zinematografia baten bidez, poesiaz betetako film labur honek dolu gogorraren bidetik garamatza, eta, fintasun handiz, ikusleoi protagonistaren barne sentimenduen eta haren fisikoaren artean murgiltzeko aukera ematen digu, hilkortasunari, sinesmenei eta denboraren joanari buruz guk geuk dugun pertzepzioari aurre egiteko».
Euskal Zinemaren Sari Nagusia Ximinoa dokumentalak jaso du. Itziar Leemansek zuzendu du lana, eta «errealitate isil eta bortitz bat» erakusten duela adierazi du epaimahaiak: «Filmak giro klaustrofobiko batean murgiltzen gaitu poliki-poliki, eta protagonista nahitaez esnatzen du klase-kontzientzia hartzean».
Horiez gainera, genero bakoitzeko Mikeldi sari bana ere hautatu dute: Shadi Karamroudiren It Turns Blue (Abi mishavad) lanak eskuratu du Fikziozko Film Labur Onenaren Mikeldia; Carla Meloren La perra-k Animaziozko Film Labur Onenarena; eta Natalie Cubides-Bradyren The Veiled City lanak Film Labur Dokumental Onenarena.
Ikasleak epaile
Film Laburren Nazioarteko Lehiaketarekin batera, ZIFF Zinebi First Film Nazioarteko Lehiaketa ere egin dute jaialdian. Maciek Hamela zuzendariaren In the Rearview lanak jaso du saria, baita 12.000 euro ere. Ukrainako gerratik ihesi, Poloniara furgonetan ihes egindakoan Hamelak berak bizi izan zituenak bildu ditu filmean. ZIFF Gazte Epaimahaiaren Saria, berriz, Tamara Garcia Iglesiasen Zarata euskal filmak jaso du. FIDMarseille Zinemaldian estreinatu zuen, eta haren lehen lana da zuzendari gisa. Euskal Herriko Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleek eta Espainiako hainbat unibertsitatetako ikasleek osatzen dute sari horretako epaimahaia.
Horiez gainera, beste hainbat saridun ere utzi ditu film laburren nazioarteko jaialdiak. Tartean, Espainiako Zinemaren Sari Nagusia Alejandro Cabreraren El Soldao filmari eman diote. Heldu den urteko European Film Awards sariketan hautagai izateko, berriz, Sara Jurincicen Valerija film laburra aukeratu dute.
Zinebi jaialdia gaur amaituko da. Denera, 43 herrialdetako 128 film erakutsi dituzte, horietatik erdiak baino gehiago emakumeek ekoitzitakoak. Euskal ekoizpenei dagokienez, 34 lan aurkeztu dituzte. Aurreko urteetan egin legez, hiru Ohorezko Mikeldi banatu ditu aurten Zinebik: Frederick Wiseman, Rita Azevedo Gomes eta Felix Linares omendu dituzte.