'cat power sings dylan. the 1966 royal albert hall concert'
- Egilea. Cat Power. Diskoetxa. Domino.
Cat Powerri Royal Alber Hall antzoki mitikoan kontzertu bat emateko aukera eskaintzean, horrenbeste miresten duen Bob Dylan musikariak emandako kontzertu bera errepikatzea erabaki zuen leku hartan bertan, 1966ko zuzeneko hartako errepertorioarekin. Eta duela hainbat hamarkada hark egin bezala, Cat Powerrek ere, kontzertua grabatu egin zuen, bertaratutakoei ezer esan gabe, berezi eta bakarra izango zen hori betikotuz, joan ezin izan ziren —ginen— guztion gozamenerako.
Bob Dylanen jarraitzaile sutsua izan gabe ere, etxean eta kalean jaso dudan musika izan da, eta ezin ukatu abestiak atsegin ditudala, are gehiago, batzuek hunkitzen nautela. Horri, Cat Power oso atsegin dudala gehituta, ezin disko hau entzun gabe gelditu. Magikoa behar zuen izan gaualdi hartan bizi izandakoak, grabazioan bertan ere antzematen baita; kasik senti daiteke bertako emozio hori. Chan Marshall eszenatokira atera, eta She’s got everything she needs, She’s an artist. / She don’t look back… esaldiarekin hasi, eta bertaratutakoei oilo ipurdia jarriko zitzaiela pentsatzen dut, diskoa entzunda ere lortzen baitu efektu hori. Hasierako She Belongs to Me-tik hasi, eta azkeneko Like a Rolling Stone mitikoraino, hamabost abestiak ordena eta interpretazio berdinarekin egiten ditu, lehen zazpiak gitarra eta esku-soinuaren laguntzaz, era akustikoan, eta ondorengo zortziak talde formatuan, kontzertua behetik gora hasi eta eztanda egiten amaituz. Benetan kuraia eta ausardia behar du izan horrelako musikari handi baten kontzertua bere horretan kikildu gabe errepikatzeko, eta, ez hori bakarrik, publiko guztia bereganatuta amaitzeko gaitasuna ere izatea ez da makala.
Hasierako set akustiko horretako zazpi abestiak bereziki hunkigarriak dira, barreneraino sartzen diren Visions of Johanna, Desolation Row eta Mr. Tambourine Man, edota Cat Powerrek berak interpretatzeko egina dirudien Just Like a Woman bezalakoak. Hortik aurrerakoak, bere ohiko taldekideek lagunduta, indarra hartzen doaz, eta, zuzenean grabaturiko diskoa izanik, giroan ere nabari da. Tell Me, Momma, energiaz betetzen doazen I Don’t Believe You (She Acts Like We Never Have Me) eta Just Like Thumb’s Blues-en perfekzioa ukitzera iristen da, bikain interpretatzen baitu nota eta akorde bakoitza, abesti originalei jarraituz, baina bere eginez. Emozioak pil-pilean mantentzen ditu une oro, Leopard-Skin Pill-Box Hat-etik, kontzertuari —eta ondorioz diskoari— bukaera ematen dion Like a Rolling Stone esanguratsuraino. Izugarrizko potentzia eta indarra transmititzen du, hunkitzeari utzi gabe, eta amildegitik bere burua botatzera doala dirudi sarri, atzetik taldea soinu banda jotzen ari den bitartean.
Bertan egon zirenek gogoratzeko, eta egon ez ginenok begiak itxi eta irudimena martxan jartzeko, betikotuta gelditu den kontzertua.