Durangoko 46. Euskal Liburu eta Disko Azoka

Betikoa bezain egungoa

Gaur irekiko dituzte Landakoko ateak, eta Anton Reixa poeta eta musikari galegoak inaugurazioko hitzaldia egingo du eguerdianHiru gune berri izango dira aurtengo azokan: Irudienea, Szenatokia eta Kabi@

Durangoko Azokako prestaketa lanak, atzo, Landako gunearen barruan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Durango
2011ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Gaur hasita, bost egunez, Durango Euskal Herriko euskaltzaleen eta kulturzaleen bilgune izango da. Orotara 313 liburu, 63 disko, 23 aldizkari zenbaki, bederatzi bideo, hamabost liburu elektroniko eta 11 bestelako argitalpen berri egongo dira; eta 138 argitaletxe, diskoetxe, talde, elkarte eta erakundek parte hartuko dute. Erakusmahai kopuruak behera egin du, baina: bederatzi gutxiago egongo dira. Orotara 274, horietatik hamahiru teknologikoak. Kanpoan direnek ere izango dute azokaren berri, webgunearen bitartez, sare sozialetan eta Kulturize izeneko sakelako telefonentzako aplikazioaren bitartez. Azoka 10:30etik 20:00etara egongo da zabalik. 46. aldia da, eta 200 ekitalditik gora izango dira egitarauan.

Galiziako kultura da aurtengo gonbidatua. Hori dela eta, Anton Reixa poeta eta musikariak egingo du gaur 12:00etan azokaren inaugurazioa, Galizia denok gara berbaldia eskainiz, Elkartegian; aurretik, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko, Durangoko Udaleko, Galiziako Agadic elkarteko eta Gerediaga elkarteko ordezkariek hartuko dute hitza. Reixaren hitzaldiaz gain, izango da Galiziarekn lotutako beste ekitaldirik. Arratsaldean, 18:30ean, Harkaitz Cano, Leire Bilbao eta Urtzi Urrutikoetxea euskal idazleek galegora itzulitako euren olerkien errezitaldia eskainiko dute bi hizkuntzetan. Bihar, berriz, Galegoz eta euskaraz, Galizia eta Euskal Herriaz? mahai inguruan, Dario Xohan idazle galegoa eta Pako Aristi idazle euskalduna idazteaz eta hizkuntza bietan literaturak duen egoeraz solastuko dira.

Ahotsenea, aurreko hiru urteetan bezala, literatura eta musika sortzaileei eskainitako gunea izango da aurten ere Durangoko Azokan. Bertatik igaroko dira, besteak beste, Berri Txarrak, Su Ta Gar, Rafa Rueda, Ruper Ordorika, Lain, Hesian, Basaki, Xarma, Siroka, Jare, Solte, The Sparteens, Bertan Bera, Anai Arrebak, Eratu, Antton, Estankona eta Itziarren Semeak.

Tradizio handiko azoka da Durangokoa, euskaltzale, literaturzale, musikazale eta kulturzale askoren urteroko azoka ezinbestekoa, baina beti izan du, aurrerantzean ere betikoa izateko, garai berriek ekarritako aldaketetara egokitu beharra. Ez dute behar hori ahaztu antolatzaileek, eta Gerediagak azokari norabide berria ematea erabaki du aurten, hiru gune berri sortuz: Irudienea, Szenatokia eta Kabi@.

Irudienea, autobus batean

Irudienea aretoa asteartean jarriko da martxan, espreski prestatutako autobus baten barruan. Gune berri horretan aipagarri da, esate baterako, Laburbira 2011 film laburren zirkuitua. Asteazken eguerdian zuzendariek beren azken lanak ikusi ondoren azalpenak emango dituzte. Telmo Esnal, Koldo Almandoz, Asier Altuna, Angel Aldarondo, Maialen Sarasua, Mikel Zatarain, Gregorio Muro eta Jon Artano izango dira.

Szenatokia San Agustin kultur gunean kokatua egongo da azokak iraun bitartean, eta euskarazko antzerkigintzako erakusleiho bilakatuko da. Gaur iluntzean han emango zaio Argizaiola saria Iñaki Beobideri, Herri Gogoa diskoetxearen sortzaile eta arduradun nagusia izan zela gogoratuz. Asteartean, 19:00etan, antzerki maratoia egingo da; Higa, Morritson eta Gartzia, Metrokoadroka eta Karrika taldeen emanaldien laginak izango dira ikusgai.

Kabi@ sarean eta euskarri teknologiko berrietan euskaraz garatzen diren ekitaldi, proiektu eta produktuen eskaparatea izango da bihar eta etzi. Aurten bereziki euskarazko wikipediaren 10. urteurrena ospatzeko edizio maratoia egingo da auzolanean. Gune berriari hasiera emateko, bihar, 11:00etan, Ander Lipus aktoreak ipuin kontaketa interaktiboa eta inprobisatua egingo du, sare sozialak erabilita. Kontakizunaren joan-etorriak bisitariak berak erabakiko ditu. 19:00etan saioa errepikatuko du. Eguneko agenda osatuko duten ekitaldien artean honako hauek daude, besteak beste: liburu elektronikoari buruzko gogoeta, sakelako bidez euskara ikasteko aplikazioa eta Internet saioa Mikel Urdangarin eta Julian Iantzirekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.