Kronologia
Konpainia. La Fam Productions. Zuzendaritza eszenikoa. Adrian Schvarzstein. Musika konposizioa. Juanjo Ballester. Musika interpretazioa. Ruben Traver, Mario Herrero. Eszenografia. Cesar Marin. Jantziak. Pascual Peris. Argiak. Juanjo Llorens. Artistak. Victor Segarra, Didac Cano, Gustavo Arruda, Amanda Wilson, David Tornadijo, Laura Barba, Paco Caravaca, Miguel Molinero. Lekua. Barakaldo antzokia. Eguna. Urtarrilak 19.
Barakaldo antzokian jaso dugu Valentziako (Herri katalanak) La Fam zirku-konpainiaren bisita. Umeentzat aproposa den ordutegian programatu da emanaldia, eta horrek nolabaiteko kezka sortu digu, uste izanda agian ez zela egokia izango publiko helduarentzat. Oker genbiltzan, zorionez. Ambulant (Ibiltari) izeneko lana guztiz egokia izan delako batzuen zein besteentzat, eta ona da jakitea antzokira ez direla bakarrik seme-alabak gurasoekin etorri. Umerik gabeko publiko heldua ere hurbildu delako esperientzia eszeniko paregabeaz gozatzeko.
Sorkuntzaren ideiaren oinarrian garai bateko zirku apalen omenaldia dago, eta horren araberakoa izan da planteamendu eszenikoa. Pailazo edadetu eta akitua agertu da ustezko herrixka hartako bidean, zirkuaren kartel zimeldu bana lepotik eskegita. Atzean etorri da artisten segizioa eta, bi gurdi handi eszenako hondoan paratu ostean, haien artean instalatu dute artisten agerpenetarako gortina. Gurdi baten gainean bateria-jolea instalatu da, eta haren aurrean, kale mailan jo du klarinetea beste musikariak.
Argiek, jantziek eta, batez ere, dramaturgia aberats, koherente eta irudimentsuak egin dute falta zena, eta tartean, etengabeko segidan etorri dira denetariko zirku-saioak, zein baino zein finagoak, zein baino zein originalagoak, zein baino zein bikainagoak. Erdi zuzeneko erdi grabaturiko zirku giroko musikak inguratu ditu saioak, eta sekulakoa izan da bateria-jolearen emaria. Ordubete eta erdi eman due jo eta jo, fintasun handiz eta ñabardura ugariekin girotuz agertokian gertatzen den guztia.
Dudarik gabe, argien diseinuaz gain, aipamen berezia merezi du jantzien edertasunak, tranpolin bidezko jauzi akrobatikoen orduan valentziar folklore barrokotik argiki eratorriak zirenak, moros i cristians izeneko desfile barrokoak gogoan. Eta egunen batean galdetuko diogu Francesc Massip ikertzaile katalanari eskumako eskuaren posizio bereziaren esanguraz.
Azken lerroetara heldu gara honezkero, eta bakarrik falta zaigu aipatzea mundu mailakoak izan direla malabareak, airetiko akrobaziak, haga horizontaleko orekak, tranpolin bidezko jauziak, yo-yo eta diabolo jolasak, Cyr gurpil bakunarekin izandako eboluzioak eta objektuekin egindako ezinezko dorreak –maletak kasu honetan–, batere zalantzarik gabe. Gainera, umore handian bilduta eta koreografia delikatuek hornituta etorri dira. Halako moldez, non batzuetan nik atzeko artistengan jartzen nuen arreta, saio zentral arriskatuari jaramonik egin gabe.