Betiko Mexiko

Arkaitz Mendoza.
2010eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Orkestra: Bolivar Soloists.

Egitaraua: 'Mexiko!' disko berria. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Azaroak 5.

Arkaitz Mendoza

Opera munduan izar handia dugu Villazon; gutxienez, ospea badu gizonak. Zuzenean entzuteko lehen aukera izan da niretzat, eta entzundako musikak guztiz etsi ninduen. Hor duzue kanta sorta: El reloj, La cucaracha, Bésame mucho, Dime que sí, Noche de ronda, Cielito lindo, eta abar. Guztira hamar kanta egitaratu zituen, bere mexikar kutsua aldarrikatu eta plazaratzeko, baina kalitate handiko ahots bat entzuteko aukera guztiz desegin zitzaigun. Tamalgarria izan da teknikoki hain errazak diren kanta sorta hau disko berri batean biltzea, baina gaur egungo krisi egoeran honelako diskoek arrakasta guztiz ziurtatzen dute.

Hiru Tenorren egituran azaldu zen Villazon, sekulako ganbera orkestra fina alboan zuela eta abestien moldaketak aberastasun liluragarriz azalduz. Musikari dotoreak dira Bolivar Soloists taldea osatzen dutenak, flauta jotzailea zuzendari lanetan eta tronpeta bakarlaria ausardia handiko agerraldiak tartekatuz. Villazon ez da tenor gisa azaldu kasu honetan, baritono ahotsa hurbilago baitu bere kantatze eran; hortaz, kanta famatu hauen moldaketa batzuk nahiko grabe idatzi dizkiote, tonalitate erosoegia bakarlariarentzat eta Puccini, Donizetti edota Verdi operetan azaldu izan ohi duen sentiberatasuna bakuntasunerantz zuzendu du.

Orkestrak une zoragarri pila gauzatu zituen bolero hauen fraseatze mamitsuetan, eztitasun eta sentikor betiere eta bakarlariaren menpe uneoro, txalogarri. Halere, Villazonen agerraldia motz sentitu dut, teknikoki zailtasunerantz gidatuko duen musikan entzun nahiko nuke, bolero hauetan antzeman dudan Raphael eta Nino Bravoren arteko nahasketa funsgabe ulergaitz hau guztiz jokoz kanpo ikusi dudalako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.