Gasteizko 47. Jazzaldia

Betiko lagunak, lagun berriak

Cecile McLorin Salvat abeslaria, Gasteizko 47. Jazzaldian, Mendizorrotzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Cecile McLorin Salvat abeslaria, Gasteizko 47. Jazzaldian, Mendizorrotzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2024ko uztailaren 20a
05:00
Entzun

Clara Peya Quintet; Joel Ross; CEcile McLorin Salvant

Lekua: Gasteizko Principal antzokia eta Mendizorrotza kiroldegia.

Eguna: Uztailaren 18a.

Corsé izeneko lan berria aurkezteko etorri ziren Gasteizera Clara Peya eta haren taldea: Adrian Gonzalez (teklatuak, elektronika eta produkzioa), Didac Fernandez (bateria eta produkzioa), eta Aina Zanoguera eta Carmen Aciar (ahotsak). Disko berri hau inperfekzioari eginiko odatzat eraiki zuten sorkuntza prozesu guztian.

Ez da ohikoa emanaldi bakar batean abesti batzuen arteko tarteek halako karga sakon eta osoa izatea. Haien xede kreatibo, behar emozional eta ikuspegi politikoak azaldu zituzten, ezen ikusle askoren txaloak jaso zituzten. Haien hitzetan: perfekzioak ez du beste ezer behar, perfektua baita dagoeneko; baina ondorioz, ez dauka gizatasunik, eta, berez, hila dago perfekzioarekin identifikatzen den guztia. Ordea, bizirik sentitu gaitezen inperfekzioak behar ditugu eredutzat, ez egungo paradigmaren inposizio zorrotz eta helburu beteezinak. Aipatutako aldarrikapenen artean Palestinarekiko ezinegona agertu zuen, baita kontzertuan zehar bere ama hizkuntza katalana ez erabiltzearena ere —euskaraz agurtu eta eskertu zuen publikoa, ordea—.

Musikalki, soinu geruza ugariz betetako kanta anbientalez osatutako arratsaldea eskaini zuten, elektronika, perkusioa eta ahotsen batuketak erantsiz. Sortutako giroen gainetik, Peyaren pianoak jazz kutsua jarri zuen inprobisazio eta kolore noten bidez. Peyak berak idatzitako kanten poesiak bi abeslarik interpretatu zituzten, eta kanta bakar batean animatu zen Peya bera abestera; inperfektua izan zen, haren hitzetan, eta gozamena gure ustetan, saioko unerik intimoena sortu baitzuen. Aipagarria da Alta tensió izeneko kanta ere, taldearen lanaren adibide adierazgarria: goxoa eta indartsua, baina haien cool ukituarekin.

Haien sona goraldian badago ere, beharbada ez ziren oso ezagunak Gasteizen, are gutxiago jazz munduan. Hemendik aurrera askok kontuan izango dugun taldea izango da Peyarena.

Joel Ross Chicagoko bibrafono jole gazteak, berriz, bere bibrazio onekin bete zuen Mendizorrotza. Bere laugarren diskoa aurkeztu zuen, Nublues izenekoa, zeinak bluesaren inguruko gogoeta bat gorpuzten duen. Estilo musikal horren inguruan datza bere lana, baina musikariaren ikuspuntu berezitik gerturatuta: ez ditu bluesaren moldeak erabiltzen edota haien inguruko berriztatzeak proposatzen, baizik eta bluesaren ideiak sorrarazten dizkion energiak musikalizatzen ditu. Kontzertua Nublues laneko kantuz osatuta egon zen gehienbat, erritmo eskuragarri eta gozaerrazez beterik, aurreko lanekiko desberdintasuna nabarmena izanik. Bere presentzia umila izan zen eszenatokian, baina maisutasunean oinarritua. Bere ohiko bandaren presentziaz ere gozatu genuen; hain zuzen, Maria Grand (saxo tenorra), Jeremy Corren (piano), Kanoa Mendenhall (baxua) eta Jeremy Dutton (bateria) izan zituen lagun.

Ondotik, Cecile McLorin Salvant azaldu zen Mendizorrotzeko agertokira. Indar handiko urakan baten moduko ahotsarekin entzuleak liluratu zituen. Karisma handiko artista dugu McLorin, eta haren aurreko emanaldiak gaur egun ere gogoan dituzte askok Gasteizen. Oraingoan, bere konposizioez jositako kontzertua oparitu zigun, bestelako piezak ere nahastuz, eta gazteleraz abestu zituen kantuekin publikoaren gehiengoa berehala bereganatu zuen. Pertsonalki, My Funny Valentine jazz estandarra goraipatuko nuke, hainbestetan abestua izan bada ere liluratzeko gaitasuna galtzen ez duelako McLorinen ahotsean. Sullivan Fortner (pianoa), Yasushi Nakamura (kontrabaxua) eta Kyle Poole (bateria) hirukotearekin eskaini zuen emanaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.