Atzo aurkeztu zuen Patri Urkizu idazle eta irakasleak (Lezo, Gipuzkoa, 1946) bere liburu berria: Suaren froga. Donostiako Udal Liburutegian egin zuen aurkezpena, Inazio Mujika Iraola editorearekin batera. Batez ere saiakerak idatzitakoa da Urkizu, baina nobela bat da obra berria, Erein argitaletxearen eskutik plazaratutako hirugarrena.
XV. mendearen bukaeran eta XVI. mendearen hasieran bizi izan zen Joanes Lopez Zeraingoaren bizitza kontatzen du Urkizuk liburuan. Nobela historikoa da, idazleak berak adierazi duenez, baina gaiak badu gaurkotasuna. Mujika editorearen hitzetan: «Eztabaidak ordukoak dira, eta, beharbada, gaur egungo gazteentzat ez dira hain interesgarriak, baina, azken finean, liburu hau tolerantziari eta intolerantziari buruzko liburu bat da, eta hori betiko gaia da».
Institutuetan erabiltzeko aproposa iruditzen zaiola gaineratu du Mujikak. Izan ere, modu dibulgatiboan dago kontatua, eta egokia da garai hartako testuingurua ezagutzeko. Gainera, edonork ulertzeko moduan idatzia dago; irakurle orok atera dezake ikasgairen bat nobelatik, Mujikak adierazi duenez.
Lopez ez da pertsonaia asmatua, nobela baten protagonista bada ere. Zerainen (Gipuzkoa) jaio zen, 1488an. Mujikaren arabera: «Joanes liburu askoko gizona zen, liburu bakarrekoak arriskutsuak izaten baitira». Hain zuzen ere, liburu bakarreko gizonek hil zuten Suaren froga nobelaren protagonista: Inkisizioaren sutan hil zen 1530ean, Granadan (Espainia).
Joanes Lopez Zeraingoa egiazko pertsonaia bat da, baina, jasotako informazio guztia josteko, asmatutako pasarteak ere badaude nobelan, noski. Lopezen jaiotzatik, protagonistaren bizipenak garai horretako testuinguruarekin lotzen ditu idazleak, bi kontakizun horiek bakarra balira bezala emanez. Horrela, data eta gertakizun historiko azpimarragarriak tartekatzen dira Joanes Lopez Zeraingoaren bizitzaren narrazioan. Betiere, irakurleak istorioaren haria ez galtzeko moduan kontatuta, argi eta zehatz.
Urkizuk ia-ia kasualitatez izan zuen Lopezen berri: «Parisko liburu denda batean nengoela duela urte batzuk, topatu nuen Marcel Bataillonen tesia: Erasme et L'Espagne. Recherche sur la vie spirituelle du XVI siècle. Irakurtzen ari nintzela begiak hautatu zidan nire nobelaren sujeta: Joan Lopez de Zerain». Urkizuk ez zuen pertsonaia haren berririk eta haren arreta erakarri zuen: «Bagenuen pertsona bat gure historian protestantea zena, baina ez genuen ezagutzen».
Hutsuneak betez
Bataillonen obran irakurri zuen Inkisizioak erre zuela Lopez, doktrina berriaren heresiak kutsatutako hiru liburuxka idaztea leporatuta. Hari buruz gehiago jakiteko grina piztu zitzaion Urkizuri. Jakin-mina gidari, hainbat tokitan bilatu zuen Joanes Lopez Zeraingoari buruzko informazioa, eta, besteak beste,Madrilgo Agiritegi Nazionalean aurkitu zituen Inkisizioak hari egindako itaunketaren lekukotasunak.
Jaiotza eta heriotza datak argi bazituen ere, Urkizuk informazio gehiago behar izan zuen tarte hori bete eta garai hartako testuingurua behar bezala emateko: «Hutsuneak betetzearren lagungarri izan zitzaidan Bataillonen liburua bera, eta berrirakurtzen hasi nintzen Erasmoren obra eta garai hartako historia argi ziezazkidaketen lanak». Testuinguru historikoa osatzeko informazioaz gain, Joanes Lopez Zeraingoari buruzko informazio zehatzagoa ere lortu zuen Urkizuk. Horrela lortu du, asmatutako zatiak ere badauden arren, egiazkotasuna duen nobela bat osatzea.
Urkizuk irakasle eta idazle senak batu ditu Suaren froga nobelan: «Azken finean, denboran eta espazioan bidaia bat egitera gonbidatzen dut irakurlea, zerbait ikas dezakegulakoan». Izan ere, idazle oparoa ez ezik patriurkizu.eus webgunean eskuragarri daude bere zenbait obra irakasle ere izandakoa da Urkizu, eta egun erretiroa hartua du.
Atzo aurkeztu bazuten ere, hilabete hasieran argitaratu zen Suaren froga nobela. Liburu dendetan eskuragarri dago dagoeneko, baita Erein argitaletxearen webgunean ere.
Betiko gaia, aspaldiko begirada
Patri Urkizuk 'Suaren froga' nobela plazaratu du, Joanes Lopez Zeraingoaren bizitzan oinarrituta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu