Nerea Balda Sanjuan. Idazlea

«Beti saihestu izan dut maitasunaz idaztea, eta orain heldu diot gaiari»

Inoiz baino presenteago izan du irakurlea Nerea Balda idazleak 'Azpimarrak' liburu argitaratu berrian. Maitasunaz mintzo da, besteak beste; gai hori aurrez landu gabe zuen arren, «gustura» aritu dela dio.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Altsasu
2023ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Ama bakarra izan nahi du Selvak. Ziur dago, gainera, erabakiaz. Edo hori uste du, behintzat. Ezusteko batek, baina, hankaz gora jarri dio erabakia. Hartua du hitzordua Laguntza Bidezko Ugalketa Unitatean, eta autobusean joan da bertaraino. Liburu bat aurkitu du autobusean, azpimarraz beteta, eta horren bitartez egin du topo Andreu Bouvilarekin, gaztetan ezagutu zuen mutilarekin. Horixe du abiapuntu Nerea Baldaren (Irurtzun, Nafarroa, 1975) Azpimarrak liburuak (Erein, 2023). Anekdota batetik otu zitzaion narrazioa abiatzeko ideia.

Zer anekdotatatik jaio da Azpimarrak?

Nire lankide batek bigarren eskuko liburu bat erosi zuen, eta, bigarren eskuko liburu hori ireki zuenean, aurreko jabearen izen-abizenak ageri ziren bertan. Eta hara! Ezagun zuen nire lankideak aurreko jabe hori. Baita nik ere. Harekin hitz egin genuen, eta harrituta gelditu zen, ez baitzuen gogoan bere liburu bat bigarren eskuko denda batean utzi zuenik. Airean geratu zitzaigun misterio hori, eta zerbait idazteko abiapuntu polita iruditu zitzaidan.

Eleberri bihurtu duzu diozun «zerbait» hori.

Bai. Hala ere, ez nekien zein izango zen istorioaren formatua. Ipuin labur bat izan zitekeela pentsatu nuen hasieran. Idazten joan ahala, pertsonaiak agertzen joan zitzaizkidan, eta pertsonaien karakterizazio horretan, hari muturrak sortzen. Sentitu nuen banuela hari mutur horiei tira egiteko gogoa. Bada, horiei tiraka eta tiraka jaio da Azpimarrak.

Katalunian girotu duzu narrazioa. Zer dela eta?

Ba, begira: ez dakit zergatik aukeratu nuen Katalunia. Ez zen izan kontzienteki egindako hautu bat. Gerora pentsatu dudan kontu bat da hori. Kontakizun honetan ageri den liburuari zer toki eta zer testuinguru eman behar nion galdetu nion neure buruari, eta pentsatu nuen Katalunian hain ezagun den Sant Jordi eguna izan zitekeela buruan nerabilena kokatzeko testuinguru ona.

Liburuan badira gizarteko zenbait tabu. Horietako bat da amatasunarena. Protagonistetako batek, Selvak, bikotekidea badu ere, ama bakarra izan nahi du. Pertsonaia hori horrela jantzi izana hautu kontzientea izan da?

Bai. Nahita irekitako meloi bat dela esango nuke. Askotariko harremanak dauden bezala, gaur egun familia eredu asko existitzen dira. Selvak argi du erabakia, baina ezusteko batek kolokan jartzen dio erabakitakoa.

Ezusteko horrek pentsarazten dio ez dela uste zuen bezain indartsua. Zergatik?

Askotan uste dugu parean tokatzen zaigun edozeri egin diezaiokegula aurre, eta horixe da Selvaren kasua. Bat-batean, ezustekoa gertatzen denean: klak! Hankaz gora jartzen zaio buruan hain ziurtzat zeukan hori. Bizitza iraultzen dio, eta une horretan bizi zuen egoera. Hortxe ezagutuko dugu Selva modu zaurgarri batean. Zaurgarritasun horretan ere nahi izan nuen arakatu, horixe islatu nahi bainuen, nolabait. Beraz, saiatu naiz harreman eredu bat baino gehiago askotariko egoeretan deskribatzen.

Bada beste pertsonaia bat ere, Andreu, haurdun dagoen bikotekideak aitortzen diona haurra ez dela berea. Nola hartuko du Andreuk aitortza hori? Gauza izango ote da haur horren aita izateko, aita biologikoa izan gabe? Bada, hari mutur horri ere egin nahi nion tira, jendeari hausnarrarazteko-edo.

Beraz, amatasuna ez ezik, aitatasuna ere izan duzu hizpide liburuan.

Hori da. Liburuak asko du aitatasunetik ere, bai. Are gehiago, pertsonaien aitek ere badute zeresan handia istorioan. Andreuk, esaterako, eduki ez duen aita izan nahiko luke. Horrekin erakutsi nahi nuen, nolabait, bizi dugun familia ereduak zer eragin duen norberarengan.

Maitasunaz ere mintzo zara liburuan. Maitasun liburu bat daAzpimarrak?

Nik uste dut baietz. Edo hori ere badela. Gainera, liburua idazten hasi aurretik konturatu nintzen beti kosta izan zaidala maitasunaz idaztea.Esango nuke beti saiatu izan naizela gai hori saihesten. Beti egon da hor, inguratu dut, baina ez dut bete-betean ukitu gaia.

Beste «meloi» bat delako akaso?

Izan daiteke horregatik. Beldurra ere banuen, ez ote nintzen eroriko maitasunari buruzko betiko kontuetan. Ez nuen maitasunaz hala aritu nahi. Baina bada denon egunerokoan dagoen gai bat, eta ez zaio zertan izkin egin. Orduan, pentsatu nuen: «Zergatik ez heldu horri?». Beti saihestu izan dut, eta oraingoan heldu diot gaiari.

Izan ere, denok ezagun dugun gai bat da maitasuna, hurbil izaten duguna, normalki. Esan nahi dut: ez dut bila eta bila ibili behar izan. Nire modura landu nahi izan dut, halere, askotariko maitasun harremanei beren tokia emanez. Eta oso gustura aritu naiz, egia esan.

Eteten den bikote harreman bat ere kontatu duzu liburuan. Autobuseko liburuan aurkitu nahi ditu protagonistetako batek harremana amaitu izanaren erantzunak. Zer garrantzi dute azpimarrek liburuan?

Protagonistak azpimarra horien bitartez ulertu nahi du bikotekidearekin zuen harremana eten izana. Baina, bitartean, ez dio heltzen benetan heldu beharko liokeenari. Uste dut hori errealitatean ere asko gertatzen dela, ezta? Kanpoan bilatzen ditugu erantzunak, berezbarruan arakatu beharko genukeen arren.

Ez nituzke nahi liburuko gako nagusiak aurreratu. Baina, finean, normalki, zer da liburuetan edo apunte batzuetan azpimarratzen duguna? Bada, garrantzitsuena. Hain justu, azpimarra horietan egon daiteke garrantzizkoa dena, protagonistak erreparatu beharko liokeena eta erreparatu ez diona. Hortxe dago gakoa.

Diozunez, hasieran uste zenuen Azpimarrak ipuin labur bat izango zela. Pozik zaude emaitzarekin?

Pozik nago, bai. Egia da arrapaladan amaitu nuela lehen bertsioa, Ramiro Pinilla lehiaketara aurkeztu nahi bainuen lana. Hori izan nuen liburuari serioski heltzeko akuilu. Erein argitaletxeko editore Uxue Razkinekin aritu nintzen lanean, eta lehen aldia izan zen profesionala den norbaitek hartzen zuena nire lana eta esku artean nuen bertsioa fintzeko gomendioak ematen zizkidana. Oso eskertuta nago horregatik.

Publikoa inoiz baino presenteago izan nuen liburu hau idazteko garaian, eta behin argitaratuta, oso harrera ona izan du.

Zergatik izan duzu irakurlea besteetan baino presenteago?

Begira: nire lehen liburua idatzi nuenean, ez neukan irakurlerik buruan, ez bainuen pentsatzen inoiz inork irakurriko zuenik. Oraingoan bai. Oraingoan presente izan ditut. Esaten nuen: «Tira, hau akaso noizbait irakurriko du norbaitek». Pentsatzen nuen, batez ere, nire inguruko jendearengan. Hortik kanpora ez baitakit nork irakur dezakeen. Jende horrek irakurri du liburua, eta asko gustatu zaiela diote. Beraz, konforme nago horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.