Musikaria eta idazlea

Pantxix Bidart: «Beti pentsatu dut 1960ko hamarkada hori Hazparnen film edo eleberri baten leku irudikapena zela»

Pantxix Bidart azaro bukaera arte egongo da Hendaia Nekatoenean literatura sorkuntzako egonaldian. Pasaiako Hugoenean ere egotekoa da 1960ko hamarkadako Hazparneko testuinguru soziopolitiko-kulturalean girotutako idazlana ontzeko.

Pantxix Bidart Hendaiako Nekatoeneko langelan, azaro hasieran. I.E.
Pantxix Bidart Hendaiako Nekatoeneko lan gelan, azaro hasieran. I.E.
Iñaki Etxeleku.
Hendaia
2024ko azaroaren 21a
05:05
Entzun

Azaro osoan Hendaiako (Lapurdi) Abadiako eremuko Nekatoenea etxean dago Pantxix Bidart kantari-musikari-konpositorea (Hazparne, Lapurdi,1971). Literatur idazketako egonaldian. Euskal Kultur Erakundeak, Abadiako eremua kudeatzen duen CPIE Itsas Bazterra ingurumen zentroak eta Euskal Idazleen Elkarteak Bidarten idazlan egitasmoa hautatu dute, aurten. Beste hilabeteko egonaldia egitekoa du lan horren eramateko Pasaiako (Gipuzkoa) Hugoenean. 1960ko hamarkadako Hazparneko giroan murgildu fikzio historikoa du langaia. Ibilbide luze eta joria du musikan eta kantugintzan. Mister Saguak, Elaudi, BBAX eta berrikiago Ah taldeetan ibilitakoa da, bakarlari gisa aritzeaz gain, baita kolaborazio frankotan ere. Irratilari lanetan ere ari izana da, eta Musikariak ikastetxeetan egitasmoan parte hartu du.

Nolaz musikari-kantautore bat gertatu da Nekatoeneko literatura egonaldian?

1960ko hamarkadari buruz aspaldian buruan dudan ideia aurkeztu dut deialdira. Argiki erran nien ez nintzela idazlea, halako lehen zera izanen zela niretzat; eta xantza bat da hemen izatea hilabete batez.

Irakurlea ere bazara. Ez ote da halako egonaldia formalki idaztera jauzia egiteko parada?

Enetzat bai, aspaldian ideia hori dudalako, baina ez naiz idazle sentitzen. Ez banu halako parada ukan, berdin ez nuen sekula idatziko ere. Halako akuilua behar dut horretan sartzeko. Deialdiaren antolatzaileek ere hala erran didate: helburua ez dela baitezpada zerbaiten ateratzea, baizik eta jendea sorkuntza bidean ezartzea.

Pantxix Bidart Nekatoenean, Hendaian
Pantxix Bidart Nekatoenean, Hendaian, azaro hastapenean. I.E.

Zer duzu, beraz, 1960ko hamarkadako fikzio historiko horren ideia?

[Jose Luis Alvarez Enparantza] Txillardegi-ren Euskal Herria helburu irakurri nuenean harritu ninduen barnean halako zerbait irakurri nuelarik: «1961eko urtarrilaren 1ean muga pasatu nuen Dantxarinean eta han, Piarres Xarritonek itxoiten ninduen, eta Hazparnerat eraman ninduen». Ez nuen ideiarik ere Txillardegi Hazparnen egon zenik. Hasi nintzen herrian galdegiten, eta bai, bai, egon zela, baina deus gehiagokorik. Eta ni: «Baina Txillardegi ez da edonor!». Egin duen bide guzia: ETAtik Euskara Batura, literaturarat, Euskal Herrian Euskaraz... Txillardegi denetan agertzen da. Eta Hazparnen ez dela karrikatxo bat, gela bat haren izenarekin?

Korrikak omendu zuenean hasi zinen lan baten egiten?

Egin nituen zenbait elkarrizketa: Xabier Elosegi, Jakes Abeberri, Eneko Irigarai... Hor egin nuen: «Txillardegiren bidetik pasatu da jende bat Hazparnetik!». Orduan, beti pentsatu dut 1960ko hamarkada hori Hazparnen film edo eleberri baten leku irudikapena zela. Zapatagintza oraino bizirik zen, [Piarres] Larzabalen antzerki mundua, euskal abertzaletasun baten sortze bat, errefuxiatu horiek, eta luzatuz, iristen zara Dukesa Gorria-ren istoriora. Hazparnen bazuen etxe bat. Espainiako dukesa handienetarikoa zen, antifrankista, lesbiana, transexual batekin bizi, eta Hazparne Xinbaletenean egunero aperitifa hartzen zuen. Bazen giro bat ostatu horretan; Estitxu Robles ere hor ibiltzen zen. Eta pusatuz, arribatzen zara [Joseba] Sarrionandia arte. Hura ere Hazparnen egon baitzen berantago. Martin Larralde-eta meza ateratzeko giro horren kontakizuna lekuko...

Testuinguru eta giro aberats horretan pertsonaiak asmatu dituzu?

Protagonista neska gazte bat da, Argentinatik itzuliko dena jatorrizko etxera, amatxik galdegin baitio bere hautsak herrirat eramatea. Hor deskubrituko du amatxik zer bizi ukan zuen 1960ko hamarkadan eta gurutzatu zituela jende horiek guziak.

«Protagonista neska gazte bat da, Argentinatik itzuliko dena jatorrizko etxera. Hor deskubrituko du amatxik zer bizi ukan zuen 1960. hamarkadan eta gurutzatu zituela jende horiek guziak»

Sorkuntza material gisa ere bidelagun daukazu Ximun Haranek utzi grabaketa guztien altxorra.

Istorio horretan asmatu dut Ximun Haranek grabaketa guziak utzi zizkiola amatxi horri, eta alaba ttipiak atzemanen ditu biltegi batean eta hasiko da entzuten. Pixka bat guk grabaketa horiek ezagutu genituelarik mundu horretan sartu ginen bezala. Entzuten duzu, eta han zira berehala, irudikatzen duzu. Oraingo neska baten eta iragan horren arteko joan-jin bat izanen da. Ari naiz pentsatzen, orain, nola sartu bazterreko pertsonaia horiek istorioan.

Nola lan egiten duzu: pertsonaiak marraztuz, egitura bat muntatuz edo zuzenean idatziz?

Hor duzu metodoa: [Nekatoeneko langelako paretan zintzilikatu dituen idazki orriak erakusten ditu]. Batzuetan, badut ideia bat eta idazten dut. Orrialde bat-orrialde eta erdiko idazkiak dira. Adibidez, amatxiren hiltzea idatzi dut. Azkenean, iruditzen zait hori dela ene formatua. Aldi berean beste taula bat egin dut, kronologia batekin, ikusteko pertsonaiak noiz sartzen diren istorioan. Orain pertsonaia horietan sartu behar dut, eta badut halako beldur bat, zeren eta ez ditut aski ezagutzen; ez da erraz Txillardegi bat sartzea istorio batean...

Pantxix Bidart Nekatoenean, Hendaian
Nekatoeneko langelan, Bidartek paretan zintzilikatu idazkiak. I.E.

Badakizu zer motatako idazlana litzatekeen buruan?

Aurkeztu nuelarik erran nuen nahi nuela gazteentzat idatzi. Ideia hori atxikitzen dut buru xoko batean. Neska gazte hori, azkenean, gaurko mugimenduetan da, eta entseatuko naiz sakelako telefono, whatsapp eta holakoak sartzen. Geruza desberdinak nahi nituzke: lehengo grabaketa zinta horiek eta gaurko Google ikerketak eta halakoak. Baina, bide hori eginik, ari naiz pentsatzen ez litzatekeen beste formula bat izaten ahal: podcast modukoa edo. Apaletan egonen den eta Durangon salduko ez den beste liburu bat egin ordez, ene musikari ibilbideari lotuz, ari naiz irratirako zerbaiten egitea ez denetz hobe.

«Apaletan egonen den eta Durangon salduko ez den beste liburu bat egin ordez, ene musikari ibilbideari lotuz, ari naiz irratirako zerbaiten egitea ez denetz hobe»

Idatzi horiek baliatuz?

Idazten ari naiz liburu baten gisan, baina beharbada atalka egin daiteke, irakurria edo errana litzatekeen ahozko serie gisa. Musika sartzen ahalko nuke, eta urrunago joan oraino. Orain, denetan irudiak inposatzen diren honetan, maite dut irratian istorio kontatuen entzutea, musika giro batekin atzean. Molde bat izan daiteke gazteengana joateko. Eta zergatik ez irakurle taldeei proposatzea holako gaualdien egitea: haiek testu zatiak irakurriko lituzkete, eta ni musikari gisa etorriko nintzateke.

Lanarekin zertan zaren aurkeztu behar diozu publikoari azaroaren 22an, ezta?

Bai, Hendaiako La Grande Illusion liburu dendan. Eta Pasaian ere egin beharko dut. Pasaian proposatu diet gazteekin topaketa bat egitea. Baina ez ni joatea eta haiek ni elkarrizketatzea, baizik eta nik gazteak elkarrizketatzea. Galdegiteko irakurtzen dutenetz; hala bada edo ez bada, zergatik? Zer idatz nezakeen gogotik irakurriko luketena? Horrez gain, Pasaian beti, irakurle talde batekin egonen naiz.

Pantxix Bidart Nekatoenean, Hendaian
Pantxix Bidart Nekatoenean, kronologia taula pareta kontra duela. I.E.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.