Nafarroa Behereko haur kantuen txapelketako lehen saria irabazi zuen Aguxtin Alkhaten Argia ilunean kantuarekin. Denise Olhagaraik kolegio garaitik akuilaturik, gazte-gazterik hasi zuen kantari ibilbidea Mattin Lerissak (Behorlegi, 1999). Et Inkarnatus orkestrarekin ere kantatu zuen, gero; ordukoz lilura pizten zuen mutiko gazte haren ahotsak. Hirugarren diskoarekin dator —aitzineko biak: Bidez bide (2016) eta Gazte naiz gazte (2018)— azaro hondar honetan, autoekoitzirik, Argia ilunean kantuaren bertsio berritu batekin, gainera. Mundu zabalerako deitu du diskoa, kantu bilakatu den Manex Erdozaintzi-Etxarten testu batetik hartu izenburua emanik. Disko grabaketarako lehenagotik bidaide zituen musikariekin aritu da, hala nola Mixel Ducaurekin, Iñaki Dieguezekin eta Txomin Duhalderekin. Durangon egongo da Lerissa diskoarekin. Badok.eus-en entzun daiteke diskoa.
Izan musikarietan, izan testu idazleetan, lotura jarraikiak badituzu. Hauetan, lehena, Aguxtin Alkhatekikoa?
Argia ilunean kantua lehen diskoan sartu nuen eta jadanik landu genuen haur kantu txapelketako. Kolegioan hasita kantatzen, Denise Olhagaraik bultzatu ninduen kantuaren gutizia horretan eta indarra hartu zuen. Lertxundi kantatuz ekitaldian parte hartu genuen. Lehen haur kantu txapelketarako Denise Olhagaraik proposatu zidan sorkuntza baten lantzea eta lehen kantua izan zen Amets eta helburu [Aguxtin Alkhatena]. Aguxtinekin landu genuen eta solasetik solaserat, elkarren ezagutza egin genuen; ene historia ere jakin zuen: bista arazoak banituela... eta Argia ilunean testua atera zuen; geroztik, errepertorioan egon da.
Hirugarren disko honetan arramoldaturik eman duzue.
Mixel Ducauk biziki gustukoa duen kantua da, eta ari ginen berdin birmoldaturik eginen genuela. Lehen diskoan xumeki, gitarrarekin agertzen zen, eta hor, Mixelek gaitzeko moldaketak egiten dituelako, nahi genuen ikusi nola aterako zen. Aitzina, testua biziki maite dut; uste dut Aguxtin kantu egile handia dela.
Mixel Ducaurekin ere elkarri jarraikiak zatzaizkiote.
Bigarren diskorako menturatu nintzaion deitzerat. Sorkuntzaren inguruan zerbaiten entseatzea nuen ideia. Haiekin ezagutzak eginik, Daniel Landarti, Pantzo Hirigarairi testu batzuk galdegin nizkien. Jakin gabe gai izanen nintzenez musikatzeko. Denbora joan ahala, arte bat nuelarik doinu bat entseatu eta hola osatu zen bigarren diskoa; orduan menturatu nintzen Mixeli galdegiten beste instrumentu batzuekin moldaketa batzuk egin zitezkeenez. Donibane Garazin bildu ginen etxean egin nituen grabaketak elkarrekin entzuteko. Hola partitu zen abentura.
«Gehienetan hitzak eskuratu eta entseatzen naiz a cappella doinu bat ateratzen»
Bigarren diskoan bezala, zuk egin doinuak badira azken disko honetan. Nola sortzen dituzu? Gitarrarekin? Buruan xaramelatuz?
Gehienetan, hitzak eskuratu, eta entseatzen naiz a cappella doinu bat ateratzen. Adibidez, Nori ez? kantua [Manex Erdozaintzi-Etxarten olerki bat]... horrek die musikariei zailtasunik handiena eman, ez baita batere koadratua eta erregularra. Ororen buru zerbait atera da. Eta beste batzuetan gitarran akordio batzuk botata doinu batzuk entseatzen ditut. Batzuetan errazki ateratzen da, besteetan ez. Baina, presatu gabe ari naiz.
Hitzen idazleekin nola aritzen zara?
Danielen [Landart] ezagutza egin nuelarik proposatu zizkidan testu batzuk, eta nik ere gai batzuk eman solasean. Pantzorekin ere [Hirigarai] bai aitzineko diskorako, bai honetan ere erran zidan bazituela testu batzuk, eta eman zizkidan. Itxaro [Borda], 2021ean oraino unibertsitatean nintzela jin zen gure gelarat. Egunean berean ez nintzen menturatu, baina biharamunean galdegin nion testu batzuk eginen zizkidanetz. Bi testu igorri zizkidan.
Jean-Louis Davantek idatzi Itsasoa kantua ere baduzu.
Mixelek [Ducauk] jadanik musikatua zuen, eta Peio eta Pantxoak ematen zuten. Biziki gustukoa nituen olerkia bera eta Mixelek jarri doinua.
«Azken honetan iduritzen zait kolorea pixka bat aldatzen dela, bateria sarturik eta nahikundea bagenuen folk modernoagoa egitea gitarra elektrikoarekin»
Nola ikusten duzu gaztetxo zinen hastapenetarik orain arteko zure kantari ibilbidea ?
Ez dakit... egia da ttipitik gustua banuela eta kolegioan azkartu zela. Hor nuen parada ukan Et Inkarnatus orkestra profesionalarekin aritzeko; horri esker aritu nintzen Hegoaldean, hemen, formatu desberdinetan. Beti batera ukan ditut ohiko kantuaren errespetua eta sorkuntzak duen inportantzia. Disko batetik bestera musikan dira aldaketak gertatu. Lehena zen xumeena; bigarrenean, folk estilo tradizionalagoa zen, eta azken honetan iduritzen zait kolorea pixka bat aldatzen dela bateria sarturik; eta nahikundea bagenuen folk modernoagoa egitea gitarra elektrikoa sartuz.
Kontzertuak udaberriko iragarri dituzue.
Ez da deus finkaturik. Mixelek badu zeregin Errobirekin eta diskoan hainbat instrumentu direnez, kontzertuetan ez dugu formatu horretan ematen ahalko. Arindu beharko dugu moldaketen aldetik, beraz, lan pixka bat izanen dugu berriz egiteko. Ez du balio tarrapatan egitea, orduan udaberriko utzi dugu.