Iritzia

Beti arte, tovarich

2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Kursaal aurreko terraza batean, siestatik jaiki berri, zigarroa eskuan eta istorio zirraragarriak kontatuz: halaxe oroitzen dut nik Antton, horiek izan baitziren gure zitetako koordenada espazio-tenporalak, berarekin egoteko zortea izan nuen aldi gehienetan. Iluntzen zuen arte, berak «nire piszina» deitzen zuen Wiskhy kopa handia edaten zuen bitartean egon ohi ginen kalakan —edo, hobeto esanda, bera berbetan eta ni entzuten—. Beti gai berdinen inguruan: Euskal Herria, Zinema... eta Euskal Zinema.

Film bat ikustea bezala zen Anttoni hitz egiten entzutea. Hipnotizatuta uzten zintuen bere argitasunak eta indarrak. Baina kontalari aparta izateaz aparte, aparta zen kontatzeko zuena ere.

Berdin mintzo zitzaizun Luis Buñuelen laguntzaile izan zen sasoiaz, Raul Castrorekin izan zuen elkarrizketa batez, edo Euskal Zinema Nazionala sortzeko bere saiakera erraldoi eta azkenean frustratuaz. Azken hau zen (nirekin egoten zenean, bederen) bere gai faboritoa. Eta dena esaten hasita, baita nirea ere.

Oroitzen dut, unibertsitate sasoian bere izena irakurri nuen lehen aldian, guztiz antipatiko suertatu zitzaidala tipoa. Izan ere, gure zinemagintzaren historia idatzi duten «jakintsuek», bigarren mailako «extremista trasnochado» gisa definitzen zuten eta bestalde, oso zaila zen haren filmak ikustea. Beranduago, Kristiane Etxaluzen bitartez ezagutu nuenean, nire iritzia aldatu zen. Eta are gehiago, bere film batzuk ikustea lortu nuenean (Otxarkoagako Udal Liburutegian topatu nuen, esaterako, gure liburutegi sare osoan dagoen Ke arteko egunak ederraren kopia bakarra; jada mailegagarri ez dagoen VHS zahar bat). Baina batez ere 70 eta 80ko hamarkadetan idatzi zituen artikulu ugariak hemerotekatan irakurri nituenean hasi nintzen Antton Ezeiza miresten.

Erbestetik itzuli berri, Anttonek Euskal Zinema Nazionala sortzeko lanari ekin zion. Gogotik landu zuen teoria, «Euskal zinema euskaraz da... edo ez da» goiburuaren pean, askapen zinemagintza bat proposatu zuen. Eta aldi berean, bere asmoak praktikara eraman zituen, euskal zinemagile esperientzadunak eta hasiberriak bildu zituen proiektu eder bezain handia zuzenduz: Ikuska saila. Nire ustez, Euskal Zinemagintza Nazionala izateko sekula egon den saiakera serio, oso eta inteligenteena.

Gazteokin haserre zegoen aspaldian. Ez omen genuen bere azken filma ulertu; komunista zahar baten eta haren iloba gaztearen arteko istorioa kontatzen duen Felicidades Tovarich estreinatu gabea. Nik hala ere, Ikuska saileko bere hitzak ditut gogoan. Hala zioen Anttonek: «Zinema euskaraz egitea izango litzateke guk emango geniekeen lekukoa Ikuska etapa bukatu eta beste lan berri batzuei ekiterakoan».

Horixe da Anttonek utzi digun herentzia; euskarazko filmak egiteko apustu sendo eta argia. Gure aurrekoengandik ikasiz, jarri gaitezen bada lanean; eta seguru Anttonek (dagoen lekuan dagoela) topa egingo duela gazteon alde, bere wiskhy piszina zeruraino jasoz.

Bitartean, bihotz-bihotzez milesker, tovarich. Beti arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.